Montairekin eginiko kontratazioen harira Laudioko Udalak atzo emandako azalpenak “adar jotzea” dira, EH Bilduren aburuz. Gaur eguerdian eskaini du oposizioko taldeak gaiari buruzko prentsaurrekoa.
Kontratu horiek “erabat legalak” direnaren argudiori erantzun diote lehenbizi koalizioko kideek. “Legalak izan daitezke, baina, etikoak al dira horrelako kontratazioak? Bat egiten al dute udalak duela gutxi onartutako jokabide kodearekin?”, galdetu du Lamia Arcasek.
Zinegotziak azaldu duenez, hainbat aldiz galdetu diote udal gobernuari Aldai plazan zegoen karpan izan dituen mugimenduen kronologiaren inguruan, “eta erantzunak dira ez berehalakoak ezta argiak izan”.
Horrez gain, Ander Añibarrok atzo esandako gauza bat gezurra dela salatu du Arcasek. “Ez da egia oraingo udal gobernuak beste enpresa batzuk ere kontratatu dituela, Montairi soilik eman dizkio kontratuak. Gainontzeko enpresekin egondako kontratuak aurreko legealdian lotutakoak izan dira soilik”.
Horregatik, Laudio “EAJren ohiko praktikaren beste pieza bat” bihurtzearen kezka plazaratu du EH Bilduk, eta “klientelismoarekin eta lagunkeriarekin” jokatu izana leporatu dio udal gobernuari.
Elkarrizketak Omnia eta PSE-EErekin
Gauzak hala, datozen egunetan emango dituzten pausoen berri eman dute EH Bilduko kideek. “Omnia eta PSE-EErekin hitz egiteko asmoa dugu, berme batzuk izango dituen proposamen bat garatzeko”.
Oposizioko taldearen aburuz, kontratu txikiak egiten direnean talde berekoak ez diren hiru enpresen aurrekontuak izatea bermatu behar da, ondoren prezio merkeena eskaintzen duena hautatzeko.
Ideia horren alde borrokatuko dutela nabarmendu dute koalizioko kideek. Laudioko Udalak atera nahi duen lizitazioaren harira, aldiz, nolakoa izango den ikusteke dagoela nabarmendu du Arcasek.
Oposizioko taldeak salatu duenez, udalak Montairen zerbitzuak kontratatu ditu soilik azken sei hilabeteetan, gainontzeko enpresen kontratuak aurreko legealditik itxita zeudelako.