“Koronabirusa gripearen oso antzekoa izan daiteke, baina pneumonia eragin dezake”

Aitor Aspuru Saez 2020ko ots. 28a, 07:05

Osakidetzako familia medikua da Zuriñe Cuesta. / Aiaraldea.eus

ZURIÑE CUESTA (Laudio, 1988) Osakidetzako familia medikua da. Koronabirusaren inguruko elkarrizketa honetan, gripearekin alderatzen du behin eta berriro Txinatik etorritako gaixotasun berria. Dena den, zuhurtzia mantendu du eta nabarmendu du oraindik ez daudela argi gaixotasunaren nondik norakoak.

Zer da zehatz mehatz koronabirusa?

Koronabirusa koronabiridade familiako birus bat da. Beste hainbat ezagutzen genituen aurretik, eta hau berria dela badirudi. Orduan, ez dugu asko ezagutzen. Badakigu bere familiako beste batzuek gizakietan eta beste animalia batzuetan eragin dezaketela, baina ez dakigu askoz gehiago.

Zer gaixotasunarekin alderatu dezakegu?

Momentuz, gripearekin alderatzen ari gara. Sintomak gripearen antzekoak dira, eta horrekin gaude lanean. Bere familiako beste birus batzuekin alderatzen ari gara, transmisioa eta jatorria zein den apur bat jakiteko. Baina diodana, ez dakigu ziur zer den, zelakoa den bere jatorria edo nola transmititzen den.

Zeintzuk dira sintomak?

Arnas gaixotasun bat da, eztula izan dezakegu, buruko mina, eztarriko mina, ondoeza, sukarra... Beraz, gripe baten oso antzekoa izan daiteke, eta pneumonia bat eragin dezake. Larriago jarri daiteke.

Momentuz zein da Osakidetzak prestatu duen protokoloa?

Osakidetza ia egunero aldatzen ari da. Nik ostiraleko protokoloa prestatu nuen atzo eta gaur beste bat heldu zaigu, baina oso antzekoak dira. Momentuz, badakigu kasu susmagarriak antzeman behar ditugula. Hori da garrantzitsuena. Baina protokoloa aldatzen ari da. Lehen, sukarraren edo gripearen antzeko sintomak zituzten kasuak susmagarritzat hartu behar ziren eta orain badakigu Italiatik ere etorri daitezkeela.

Protokoloaren arabera, Hego Korea, Iran, Txina, Italia, Singapur eta Japon ekidin behar dira, atzo atera zituzten. Gero, Italiatik etorritako jendearekin kontaktua izan dutenak ere susmagarritzat hartu daitezke, baina oraindik ez dakigu zer egin behar den kontaktu horiekin. Ostiraleko protokoloan jartzen zuen sintomak ez zituzten pertsonek bizitza normala eraman ahal zutela lanean, eskolan edo beste edozein tokitan. Gaur heldu zaigunak horrelako aktibitateak murrizteko eskatzen du. Baina aldatzen ari da.

 

“Antibiral batzuk jarri dira, baina ez dakite ea tratamendurik dagoen ala ez, ez dakitelako zer birus mota den” 

 

Psikosi handia dago honekin, baina zeintzuk dira balizko pertsona kaltetuenak koronabirusaren aurrean?

Gripearen antzekoak, pertsona nagusiak, 65 urte baino gehiago dituzten pertsonak. Eta, orokorrean, beste gaitz batzuk dituzten pertsonak: bihotzeko gaitzak dituztenak, biriki arazoak ere. Baina ez dago demostratuta beste pertsona batzuei gehiegi kaltetuko dienik.

Egia esan, Txinako datuei begira, 10 urte baino gutxiagoko pertsonak ez daude oso kaltetuak, eta sintoma arinak dituztela ikusten da, baina Txinako datuak dira, ez hemengoak edo Italiakoak, oraindik ez direlako horrelako ikerketak egin. Orduan, badakigu gaitzak dituzten pertsonek arazo gehiago izango dituztela, baina ez askoz gehiago.

Zer larritasun maila sortu behar da Aiaraldean?

Momentuz ez da kasurik detektatu Euskal Herrian. Beraz, ez dakigu noiz arte egongo garen horrela. Egongo direla? Seguruenik. Badago pilo bat jende Italiatik etorri dena. Txina oso urrun dago, baina Italia oso hurbil dago. Azken finean ikusi dena da gripe baten antzekoa dela. Osasuntsu bazaude eta gaztea bazara, ez luke arazorik egon behar, baina ez dakigu. 

Ez dakigu ere zelan transmititzen den. Orain arte pentsatzen zen tantak eta sekrezioak zirela arazoak sortzen zituztenak eta horrela transmititzen zela, baina orain egon da kasu bat Sevillan, zeinetan gaixotuak ez duen kutsatutako beste inorekin harremanik izan. Badirudi sintomak izan aurretik transmititu daitekeela.

Estatu Espainiarrean egon diren lehenengo bi kasuetan, Gomeran eta Mallorkan, kutsatuek alta jaso dute inolako arazorik gabe. Alemanian ez da inor hil, ezta Estatu Batuetan. Nire ustez, Txinan jazo diren hainbat heriotz lehenengo momentuan zer zen ez zekitelako gertatu izan dira. Tratamendua nola jarri ez badakizu, arazo gehiago izango dituzu. Baina, momentuz, ez dauka gripeak baino heriotza-tasa handiagorik. Ez dakit nola bukatuko den hau, baina momentuz ez da larritasun gehiegirik hartu behar.

 

“Osakidetzaren protokoloak ia egunero aldatzen ari dira; atzo ostiraleko protokoloa prestatu nuen eta gaur beste bat heldu zaigu”

 

Egia esan, prebentzio neurriak hartu behar dira. Italian egon bazara, naiz eta sintomarik ez izan, baliteke etxean geratu behar izatea hamalau egunez. Ez da ezer gertatuko. Berez, ez da horrelako neurririk atera, protokoloaren arabera. Kontaktua izan duten pertsonei soilik aplikatzen zaie. Baina aldatzen joango da eta, agian, bihar edo etzi beste gauza bat esango digute.

Tratamendurik dago koronabirusaren aurrean?

Ez da ezagutzen. Antibiral batzuk jarri dira, baina ez dakite ea tratamendurik dagoen ala ez, ez dakitelako zer birus mota den. Jarri dituzte bere familiako beste birus batzuekin ondo etor daitezkeelako, baina ez dakigu ea honi zerbait egingo dioten. Gripearekin bezala. Gripeak ez dauka berez tratamendu bat, baina antibiral bat jarri ahal dugu, badakigulako gauza hobeto joango dela txarto dagoen jendearekin, behintzat. 

Zer prebentzio neurri hartu daitezke?

Momentuz, Osakidetzak dio gripearen aurrean hartu beharreko neurri berdinak hartu behar direla koronabirusaren aurrean. Gainera, badago pertsona orok egin behar dituen zenbait gauza: eztula badaukagu eskua edo ukondoa jartzea (ingurukoei ez transmititzeko), muki zapiak erabiltzen ditugunean zakarrontzira botatzea eta eskuak garbitzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide