Feminismoak hartu du kalea. Goizeko lehen ordutik antolatu ditu ekintzak Mugimendu Feministak. 10:00etan gosaria prestatu dute, eta 11:00etan Eguneroko indarkeriak solasaldia eskaini dute herriko plazan, hainbat eremutako emakumeen lekukotzekin. Ondoren, Akelarre taldearen koreografia erakustaldia eta dantza egon dira.
13:00etan Solastiar elkartearen urteroko Emakumeen Nazioarteko Eguneko elkarretaratzea izan da nagusi, eta ehunka lagun bildu dira. Jarraian atera da kalejira, neska trikitilarien atzetik. "Zaintza lanetan edota zerbitzuak eskaintzen dauden ahizpei babesa emateko" taberna eta okindegietatik igaro da ibilbidea, eta edadetuen egoitza izan du hurrengo geltoki. Izan ere, bertako langile gehienak emakumezkoak dira.
Laudioko nagusien egoitzara heldu da kalejira, bertako emakume langileei babesa adieratzeko #M8Aiaraldean pic.twitter.com/YUWGRjwVgZ
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) March 8, 2020
Herriko plazan burutu dute emakumeen bazkaria, eta kantu-giroan igaro dute arratsaren lehen zatia. 18:00etan abiatu da manifestazioa. Egunari amaiera emateko, eskualdeko mobilizaziora bertaratzeko deia luzatu dute.