Koronabirus kasu positibo bat egon da Laudioko Guardian enpresan. Bulegoko langile batek astelehenean bertan adierazi zuen ez zela ondo sentitzen eta zuzendaritzak erabaki zuen etxera bidaltzea.
Atzo 15:30ak aldera berretsi zuten Covid19 birusa duela beharginak. Hala ere, antza, gizonezko gaztea da eta ez dago arrisku taldeen artean.
Jakin bezain laster, enpresako zuzendaritza harremanetan jarri zen dagokion zentro epidemiologikoarekin eta iradokitako neurriak ez ezik, gehiago ere hartu ditu.
Horrela, bulegoetako langileei etxean geratzeko agindu die, telelana baliatuta. Horrez gain, beharginek egunero neurtu behar dute euren tenperatura, birritan.
Halaber, gaur goizean kanpoko enpresa batek desinfekzioa egingo du lantegiko eta bulegoko esparru guztietan eta langileei desinfektatzeko baliabideak jarriko dizkiete eskura.
Enpresak berak informatu ditu langile guztiak hartutako neurriei buruz.