Laudioko kultura etxea, kiroldegiak, euskaltegiak eta udal liburutegia ere itxiko dituzte bihartik -martxoak 12- aurrera, COVID19 gaixotasuna (Koronabirusa gisa ezagutzen dena) prebenitzeko. Laudioko Udalak eman du erabakiaren berri.
Hau dio zehazki tokiko erakundearen oharrak: “bihartik aurrera, martxoaren 12tik aldi baterako etenda geratuko da udalerriko hezkuntza, kirol eta jolas-jarduera guztia, hala nola liburutegia, euskaltegia, kultura-etxeak eta kiroldegiak”.
Gainera, udalak iragarri du bihar emango dutela neurri gehiagoren berri, “Laudion koronabirusaren hedapena” geldiarazteko. “Laudioar herritarrei eskatzen zaie Udaleko kanal ofizialen bidez informatuta egon daitezela, hala nola erakundeen sare sozialen eta Laudio.eus web orriaren bidez”.