Laguntza taldea sortu du gazte talde batek Laudion, koronabirusagatik. Honako hau da taldearen helburua: oinarrizko erosketak egiteko etxetik atera ezin diren pertsonei etxez etxeko doako zerbitzua eskaintzea. “Hausnarketa baten ondorioz” erabaki zuten taldea osatzea, ekimenaren bultzatzaileek Aiaraldea hedabideari azaldu diotenez: “Egoera honetan gazteok arduratsuak izan behar gara eta gure herria zaindu behar dugu, aitite-amamengan ahalik eta erantzukizun gutxien esleitzen”.
Gainera, inguruko beste herri batzuetan ere horrelako taldeak sortu direla nabarmendu dute, “beraz, Laudion ere, beharrezkoa ikusten genuen”
Horregatik erabaki zuten pausoa ematea. Whatsapp taldea sortu eta sare sozialen bidez zabaldu dute deialdia.
Harrera oso ona izan du ekimenak, nabarmendu dutenez. “Jendea hasi da partekatzen eta laguntzaile asko gehitu dira taldera".
Hala ere, gaineratu dute egon dela baita “zalantzak” izan dituen jendea ere, deialdia “egia edo gezurra” zen ez zekiena.
Horregatik, gazteek ziurtatu dute “konpromisoz” lan egingo dutela, “herrikoen osasuna zaintzea” helburu. “Laguntza eskaintzen duen gazte talde bat gara eta konpromisoz eta zintzotasunez lan egingo da”.
Hainbat auzotako gazteak batu dira ekimenera. Horregatik, mezua kaleetan ere jartzea erabaki dute, “denon eskura egoteko”.
Horrez gain, erosketa zerbitzuaz harago joatea ere baloratzen ari dira: “umeak zaintzeko proposamenak jaso ditugunez, zerbitzu hori ere eskainiko da, gure artean erantzukizunak ondo banatuta”.
Parte hartzeko deia
Hainbat telefono zenbaki jarri dituzte, behar duen ororen eskura:
Horrez gain, taldean parte hartzeko gonbita luzatu diete herriko bizilagun guztiei. Horretarako goiko edozein telefonora deitu edo mezu bat bidali daiteke.