CCOOk Laudioko Udaleko langile bat amiantoaren ondorioz gaixotu dela salatu du

Julen Solaun Martinez 2020ko mar. 24a, 17:07
Latiorroko Ikastetxeko atezaina izan zen behargina. / Juanjo Basterra

Langilea zabor bilketan aritu zen hainbat urtetan, eta Latiorroko eta Fabian Legorburu eskoletako atezaina izan zen.

Langile Komisioak sindikatuak salatu du amiantoarekin harremana izateak Laudioko Udaleko langile baten gaixotasuna sortu duela, plaka pleuralak diagnostikatu baitizkiote.

Sindikatuak adierazitakoaren arabera, langilea 1982 eta 1989 urteen tartean egon zen amiantotik hurbil, zabor bilketan lan egiten zuelako, “maiz aurkitzen zituen amiantoa zuten obren hondakinak, ez baitzen bilketa selektiborik egiten”.

Laudioko transferentzia plantan ere ibili zen behargina, non eskualde osotik ekarritako zaborra trinkotzen zen. Han, Laudioko zaborra biltzean gertatu bezala, “suspentsioan zegoen hautsa sortzen zen”, eta “fibrozementua eta amiantoa” tartean zeudela kritikatu du CCOOk.

Era berean, garai horietan amiantoaren arriskuei aurre egiteko “arnasketarako babesik edo neurri prebentibo jakinik” ez zegoela gogoratu dute ohar batean.

2010ean langilea berriz egon zen fibrozementuarekin harremanean, sindikatuaren aburuz. Lamuzako urmaela garbitzen zegoela fibrozementuzko tutu apurtuak manipulatu eta tokiz mugitu behar izan zituela adierazi dute.

CCOOk gehitu du langilea Latiorro eta Fabian Legorburu eskoletako atezaina izan zela eta 2017an bi hezkuntza zentroetan amiantoa zegoela.

Hortaz, Laudioko Udalari herrian dagoen amiantoaren inbentarioa egitea exijitu diote oharrean, ondoren “era ziurrean eta behar diren neurriak hartuta” kendu ahal izateko. 2012an amiantoa dela eta Kepa Galdos udal-langilea hil zen eta udalak kalte ordaina ordaindu behar izan zuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide