Asviamie Aiaraldea, urtebete amiantoaren aurkako borrokan

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abe. 12a, 16:22
Bilera jendetsu ugari egin dituzte elkarteko kideek urtebetean. / Asviamie Aiaraldea

Gaur arratsaldean bilera irekia egingo du elkarteak 18:00etatik 20:00etara Laudioko Udaletxeko erabilera anitzeko aretoan.

Urtebeteko ibilbidea bete du Asviamie Aiaraldea elkarteak. Gaur arratsaldean egingo dute urteurrena ospatzeko bilera, 18:00etatik 20:00etara Laudioko Udaletxeko erabilera anitzeko aretoan.

Hileko bigarren ostegunetan egiten dituzte bilera irekiak elkarteko kideek. “Parte hartze handia egon da, eta amiantoaren arriskuekiko gure pertzepzioa aberastu du horrek”, azaldu dute, “amiantoa eguneroko ogia zen inguruko enpresetan: Tubacexen, Aceralavan, Tubos Reunidosen, Aceros de Llodion, Jezen, Envases Metalurgicosen, Guardian Llodion (Villosa), Vidralan (Aiala Vidrio), Lipmesan eta Laudioko Udalean, besteak beste. Toki horietan guztietan daude kaltetutako langileak eta amianto fibrak arnasteagatik hildako pertsonak”. Gauzak hala, elkartearen “ziklo berrian” Aiaraldeko beste toki batzuetara iritsi ahal izatea espero dute, “errealitate gordin hau toki guztietara eramateko”.

Erakunde publikoek duten erantzunkizuna ere jarri dute mahai gainean taldeko kideek. “Aurten Hego Euskal Herrian 28 pertsona zendu dira amiantoaren ondorioz, Asviamieren kontrolaren arabera. Badakigu ez direla bakarrak, baina arazo larri honen erralitatea ezkutatu egiten da oraindik, enpresen onurarako”. Elkartearen arabera, 1993tik hona 2.428 dira Hego Euskal Herrian hil diren pertsonak minbizia eragiten duen mineral horren ondorioz.

 

“Gure kalkuluen arabera, eskualdeko 10.000 pertsona egon ziren amiantoarekin harreman zuzen edo ez zuzenean”



Gauzak hala, “herritarrak kontzientziatzen” jarraituko dutela ziurtatu dute. Horretarako, osasun zaintza zehatzean izena emateko deia luzatu diete mineral horrekin harremanetan egon zirenei. “Gure kalkuluen arabera, eskualdeko 10.000 pertsona egon ziren amiantoarekin harreman zuzena edo zeharkakoa izanda”.

Beste hainbat gauza adierazi dituzte prentsa oharrean. Tubacexeko talde independienteak helarazitako elkartasuna ere eskertu dute. Laudioko Udalari, aldiz, azpiegitura publiko batzuetan oraindik amiantoa  dagoela gogorarazi diote. “Gure hitzaldiak iragartzen dituzten kartelak kentzen dizkigute 'paretak zikintzen dituztelako'. Baina ez dute neurri hori erabiltzen gure birikak benetan zikindu, gaixotu eta, batzuetan, hiltzen gaituen hori kentzeko. Hipokresia horrekin amaitu behar da”.

Horrez gain, Asviamieko kideek erantsi dute espero dutela Amiantoaren Biktimentzako Funtsa datozen hilabeteetan sortzea, “gehiago atzeratu gabe”.

Tuesta gogoan
Horrez gain, iragan maiatzean zendutako Jose Antonio Tuesta ekarri dute gogora, bera izan baitzen egitasmoaren bultzatzaileetako bat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide