[IRITZIA] Rafaren omenez

Rafa Vasco, artxibo irudi batean.

Hiru hamarkada joan dira lagun batzuk batu ginela nazioarteko elkartasun mugimendua gure herrian sustatu nahian. Orduko talde txiki hura lagun talde bihurtu zen, Komite Internazionalistak eta Mugarik Gabe elkarteetan aritu zen Rafa. Txosnetan txandak, Laudioko inauterietako desfilean Ameriketako konkistaren V. mendeurrena salatzeko, Ertameriketako herrien (Nikaragua, El Salvador, Guatemala…) egoeraren berri emateko ekimenak antolatzen… beti prest.

Rafa kristau konprometitua izan da eta berak behin eta berriro gogora ekartzen zigun Ignacio Ellakuriaren lana. Askapenaren teologiaren oinarriekin bat egiten zuen, pobreen aldeko lana sustatu du eta justizia soziala aldarrikatu du gazte-gaztetatik.

Rafaren eskutik Gillermo Mugika teologo eta gutxien dutenen aldeko ekintzaile nafarra ezagutu genuen gure herrian. Orduko afalostean bezala, beste batzuetan ere mahai baten bueltan hizketan egoteko aukera izan dugu Rafarekin, hiztun ona, beti prest honetaz edo hartaz egiteko berba.

Hamaika ekimenetan hartu du parte, zerrenda luzea dugu. Beti izan du justizia soziala aldarrikatzeko grina, azken urteotan ere lan handia egin du Ahal dugu alderdiaren ekimenetan. Baina zerbait azpimarratu behar badugu, Rafaren izaera da. Bere goxotasun eta enpatiak ezinezko egiten zigun berarekin luze eztabaidatzea. Azkenean beti, pertsona goxo, ulerkor eta maitekorra topatzen zenuen aurrean, ez zenuen haserretzeko inolako aukerarik.

Rafak gogoko zuen Eduardo Galeano idazleak esan bezala: "Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake". Besteekiko elkartasuna izan da bere konpromisoaren ardatza, horren lekuko bere lana. Egoera zaurgarrienean bizi diren horiekin egin baitu lan. Gizarte hezitzaile eta irakasle ibili da osasuna lagun izan duen bitartean.

Duela urte batzuk Rafa ospitalean zegoela, umorea eta osasuna ez zituen maila berean, eta hara bisitan joan ginen lagun batzuk. Ordukoa lagunok iltzatuta dugu oroimenean, ospitaleko langileak gelara sartzen ziren bakoitzean Rafa artatzeko, berak ez zuen aukerarik galtzen irribarrea ateratzeko, txantxetan hasteko edo zirikatzeko gogoa. Han geundenok barreari ezin eutsi eta aldi berean hunkituta , egoera larria izanda ere, lau haizetara zabaltzen eta transmititzen zuen bizipozagatik.

Hori izan da gure Rafa, giza harremanetan bikaina, itzela. Denontzako zituen hitz goxoak, edonorekin hitz egiteko eta guztioi entzuteko prest.

Aurrerantzean ere, zu gogoratzean irribarrea marraztuko zaigu ezpainetan. Zauden lekuan zaudela, ez aldatu Rafa!

Musu handi bat etxekoentzat Rafa ezagutzeko aukera izan dugun guztion aldetik.

Erlazionatuak

Rafa Vasco omendu dute Laudioko balkoietatik

Laudio

Atzo hil zen Rafa Vasco laudioarra. Lagunek bere omenezko txalokada antolatu dute, senideei babesa adierazteko. Bizilagun ugari batu dira omenaldira.
[BERTSOA] Rafa laguna gogoan

Laudio

Rafa Vascoren lankide batek bertso bat sortu du zendutako laudioarra omentzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide