IKER FIALLEGAS PALACIOS

"Uzbekistanen lanean harrapatu nau konfinamendu egoerak"

Aitor Aspuru Saez 2020ko api. 16a, 09:36

Iker Fiallegasek lanean zein kalean erabili behar du maskarilla. / I. F.

IKER FIALLEGAS PALACIOSek (Laudio, 1978) Uzbekistanen lan egiten du negutegi bat kudeatzen. Han bizi da eta konfinamendua nolakoa izaten ari den azaldu du. Aldi berean, hain urrun hemengo egoera nola esperimentatzen duen jakinarazi du.

Lehenik eta behin, non harrapatu zaitu pandemiak eta zergatik? Duela zenbat zaude hor?

Konfinamendu egoerak Uzbekistanen harrapatu nau. Zehazki, herrialdeko hiriburuan, Tashkenten. Arrazoi profesionalen ondorioz hemen bizi naiz duela 3 urte.

Zer nolako neurriak ezarri dituzte eta zuri nola eragin dizute?

Une honetan aireportuak itxi dituzte. Hortaz, herrialdetik ezin da atera konfinamendua iraun bitartean.

Egunerokotasunean ere neurriak hartu dira birusaren zabalpena ekiditeko. Erraz sumatzen dena da maskarilla erabiltzeko derrigortasuna eta ez egiteak ekartzen dituen isun ekonomikoak. Halaber, auto bidaiak debekatu dira hiriaren barruan.

Kalera ateratzeko aukera dago, baina beharrak eragindako arrazoiren bat dela medioi; erosketak egitea edo farmaziara joatea. Jakina, debekatuta dago kalean elkartzea edo bertan egotea justifikatu gabe.

 

"Lanera joateko baimen berezia lortu behar izan dut"

 

Jatetxeak itxi dituzte, aisialdirako toki guztiak, ikastetxeak, unibertsitateak, gimnasioak... Esaterako, supermerkatuetan sartzeko eskuak desinfektatu behar dira eta termometro digitala baliatuta tenperatura hartzen dute; sukarra duen inor ezin da sartu supermerkatuan, bezeroen eta langileen osasuna arriskuan ez jartzeko.

Ni nekazaritza-teknikaria naiz eta tomatearen ekoizpenean lan egiten dut. Negutegia hiritik 25 kilometrora dago eta horretarako baimen berezia daukat. Enpresako auto batek eramaten eta ekartzen nau eta etxetik neguterira heldu arte bost kontrol igaro behar ditut. Lehenengoa auzotik ateratzean, bertan poliziak ez baitio uzten auzunean bizi ez den inori pasatzen. Gero beste bi kontrol nahiko zorrotzak daude eta dokumentazioa eskatzen dute ziurtatzeko pertsonek eta ibilgailuak baimena dutela. Horien ostean beste kontrol bat, oso zorrotza, dago hiriburuaren irteeran. Horretan dokumentazio berriro ikusi ez ezik, tenperatura hartzen dute eta hipokloritoa erabilita, autoa desinfektatzen dute. Horren ostean azken kontrola dago, zeinean ziurtatzen diren autoak baimena duela handik igarotzeko. Hala ere, dokumentazioa ere eskatu dezakete. Lanetik itzultzean kontrolak zeharkatu behar ditut berriro, baina alderantzizko ordenean.

 
Zure lanean nabaritu duzu birusaren krisialdia?

Nola ez, egoerak bizitzari eragiten dio, oro har, eta lanari ere neurri handi batean. Adibidez, langileei nabarmen zaildu zaie lantokira etortzea. Aintzat hartu hemen beharginek ez dutela auto propiorik eta mugikortasuna mugatu denez, konplikatu zaie negutegira etortzeko bidaia.

Horrez gain, negutegia landa eremuan dago eta askok uko egin diote lanari, birusa hartzeko beldurra dela eta.

Logistika osoa ere zaildu da izugarri. Insumoak erostea edo tomateak sartzeko kutxak lortzea oso zaila da. Ez da erraza hornitzaileak topatzea eta banatzaileek ere arazoak dituzte materialak eskuratzeko.


"Langileen, kontsumitzaileen eta hornitzaileen artean arazoak sortu ditu pandemiak"

 



Bestalde, gure ekoizpena merkatu errusiarrera dago bideratua eta merkantzien trafikoa ez bada murriztu ere, Errusian tomatearen kontsumoa jaitsi da berrogeialdiaren ondorioz. Kontuan hartu beharra dago herrialde postsobietarretan lan sistema ezberdina dela eta jendeak egunean duenarekin bizi da. Horrek esan nahi du jendearen erosteko gaitasuna murriztu dela, egunero ezin baitute lan egin.

Bistakoa denez, negutegiaren kudeaketari eta ikuspuntu ekonomikoari dagokionez, krisialdiak eragina du negutegiaren errentagarritasunean.

Estatu Espainiarrean armada ateratzeko baliatu du aukera Gobernuak, horrelako neurriak egon dira han?

Aintzat hartu behar da herrialdea ezberdina dela eta Espainian ez bezala, armada ohikoan presenteago dagoela egunerokotasunean: hemen armadaren ardura da kontrol postuetan segurtasuna indartzea. Nik behintzat ez ditut ikusi desinfekzio lanetan edo kanpaina ospitaleak antolatzen edo horrelako arduretan. Horretarako daude gobernuaren langileak. Esan bezala, nik ez ditut ikusi militarrak hiriburuan, segurtasuna sendotzen bakarrik.

Zenbat zabaldu da han pandemia? Datuak dituzue?

Datu ofizialek aipatu dituzte 1.100 gaixo herrialde osoan eta gehienak hiriburuan. Hemen 2,5 milioi lagun bizi gara.

 
Osasun sistema nolakoa da han?

Osasun sistema ezin da alderatu Euskadikoarekin, jakina. Ospitale eta tresna asko garai sobietarrekoak dira. Egia da hiriburuan ospitale pribatuak daudela azpiegitura mediku onekin, baina hiri handietatik at ez dago Euskadin dagoen mediku eta ospitale sarea.

 

"Bitarteko urrien auzoetan azokak antolatzen ditu gobernuak, elikagaiak eskuratzeko aukera dutela bermatzeko"


Osasun sistema oso indartsua ez bada ere, herrialdeak badauka laguntza sozialetarako sistema interesgarria. Adibidez, gobernuak ezarri du legez ezin direla igo elikagaien edo botiken salneurriak, eta kartzela zigorrak daude hori egiten dutenentzat.

Halaber, bitarteko gutxien duten herritarren auzoetan azokak antolatzen ari da gobernua, funtsezko elikagaiek oso prezio baxuak dituzte han eta horrela bermatzen da guztien elikadura. Doako elikagaien banaketa ere badago eta horretarako telefono zenbakiak prestatu dituzte, jendeak janaria eskatu dezan.

Pandemia gertatu baino lehen, nolakoa zen zure bizitza han eta nolakoa da orain?

Guztiok bizi izan dugun aldaketarik handiena, Euskadin bezala, etxeko konfinamendua da. Hau gertatu baino lehen kalera ateratzen ginen denbora librean, lagunekin elkartzen ginen... Gutxi gorabehera Laudion egiten nuen gauza bera, nahiz eta ezin den alderatu kultura soziala, finean, gauza bera egiten genuen. Orain, jakina, denbora librea etxean ematen dugu. Horretan ez dago ezberdintasunik Euskadi eta Tashkenten artean.


"Okerrena da familiatik urrun egotea, oso kezkagarria da"



Nola kudeatzen duzu familia eta lagunekin duzun distantzia egun hauetan?

Hori da okerrena. Ikustea albisteetan zer gertatzen ari den Euskadin eta familiatik urrun egotea. Ezinegon oso handia sortzen du horrek, jakinda ezin garela itzuli etxera une hauetan, inondik inora. Egoera kezkagarria da.

Nolakoa da Espainiako diplomaziarekin harremana?

Uzbekistanen ez dago Espainiar Enbaxadarik. Moskuko enbaxada orokorraren barruan gaude eta horrek herriratze prozesua edo edozein dokumentu kudeaketa zailtzen du.

Zentzu horretan, aitortu behar zaie oso ondo portatu direla. Bai Carlos Alberto Martinez Ferrero ohorezko kontsula -soldatarik ez duena- zein Moskuko kontsul orokorra Iago Gil Aguado gurekin harremanetan egon dira egunero jakiteko ondo gauden eta herriratzeko balizko bidaien informazio osoa ematen digute. 

 

"Espainiako diplomaziaren jokaera gurekin bikaina izaten ari da"

 


Herriratze bidaiak oso korapilatsuak dira, Espainiar Gobernuak ez baititu antolatzen eta hegaldia Alemaniara joaten da, lehenik eta behin.

Esan bezala, zentzu horretan, oso ondo. Moskutik pare bat aldiz deitu didate, galdetzeko itzuli nahi ote nuen -nahiz eta nik ordaindu beharko nukeen dena-. Hala ere, oro har, gurekin harremanetan jartzen dira ziurtatzeko ondo gaudela eta jakiteko zerbait behar dugun.

Carlos Alberto Martinez Ferrero ohorezko kontsulak, bereziki, modu bikainean egiten du bere lana, soldatarik ez jaso arren. Nik ezin dut ezer txarrik esan Espainiako ordezkaritzari buruz Uzbekistanen. Oso ondo portatu dira gurekin eta galdetzen didate niri zein Elenari, nire emazteari, buruz. Hemendik joan behar izatekotan, Elena oso presente dute, nahiz eta bera uzbekiarra izan jatorriz. Hortaz, oso ondo lan egiten ari dira eta aitortzeko modukoa da hori.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide