Aurreirekiera bono bidez egingo dute Laudioko merkatariek

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko api. 25a, 12:46

Aurreirekiera gisa bono sistema proposatu du APILLek. / Aiaraldea

APILL merkatari elkarteak eta Udalak sektorea laguntzeko kanpaina aurkeztu dute, negozioak ixtearen ondorioei aurre egiteko.

Etorkizunean erabiltzeko produktu edo zerbitzuak aurrez erostean datza ekimena, "konfiantzazko enpresei ziurgabetasun garai honetan mantentzen laguntzean". Hala adierazi du APILLek prentsa oharrean. Horretarako, izen-emate fitxa bat sortu dute, saltokietako datuak biltze aldera. Hala, establezimenduaren izena zein harremanetarako modua bilduko dute; ordainketa bidea -bizuma, transferentzia edo paypal sistema-, negozioaren deskribapena, logoa, webgunea eta irudi batzuk barne. Apirilaren 27 arte egongo da izena emateko aukera. "APILLekin elkartuta ez dauden komertzioek enpresaren izena, IFK, harremanetarako modua ere adierazi beharko dute", erantsi dute.

"Laudio aurreirekiera bonoa" izena jarri diote kanpainari, eta Laudioko Udalak babestu du ekimena. Herritarrek -hots, bezeroek- bono trukagarriak erosi ahalko dituzte horrela, establezimenduak irekitzen direnean.

Egitasmoa bideratzeko "Gure laguntza" plataforma erabiliko dute, Arabako beste gune askotan bezala. "Oraingoan bonoak digitalak izango dira, eta bezeroek plataforman online erosi ahalko dituzte establezimendu bakoitzarentzat erreserbatutako espazioan; ondoren, salmenta puntuan trukatzeko", zehaztu dute. Egitasmoa aurrera eramateko gutxienez 30 saltokik egin beharko dute bat dinamikarekin.

Herritarrentzat onurak

Zein onura izango dute herritarrek? Ostalaritzaren kasuan 8 eurotan erosi ahalko dira bonoak, baina 10 euroan balioetsita daude. Merkataritza eta zerbitzuei dagokienez, 30 eurokoa izango da aurreirekierako txartela, baina bezeroek 25 euroan eskuratuko dute. "Bonoetan aplikatutako hobaria Udalak hartuko du bere gain".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide