GARAZI MARTIN BIDEGUREN

“Saguzarrei leporatu zaie pandemiaren eragileak izatea, eta ez da egia”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mai. 4a, 07:00

Kopenhageko Unibertsitatean lan egiten dago GARAZI MARTIN BIDEGUREN (Laudio, 1993), ikerlari laguntzaile gisa. Koronabirusaren krisia bertatik nola bizi izan duen azaldu du eta saguzarrak ere izan ditu hizpide, animali horietan baita aditua. 

Danimarkan ez da konfinamendua ezarri koronabirusaren ondorioz, baina beste neurri batzuk bai ezarri dituzte, ezta?

Bai. Martxoaren 10ean edo 11n itxi zituzten mugak, langile publiko guztiak etxera bidali gintuzten eta enpresa asko behartu zituzten telelana ezartzera. Ez dugu Espainia edo Euskal Herrikoa bezalako konfinamendu zorrotzik pairatu, beti izan dugu erosketak egin edo paseatzeko aukera. Orain dela pare bat astera arte herrialde osoa egon da etxetik lan egiten. Unibertsitateak itxita jarraitzen du, baina ikerkuntzan aritzen garenoi laborategira joateko aukera eman digute. Oso pertsona gutxi egon gaitezke bertan une berean, baina aukera ematen du ikerketekin aurrera jarraitzeko. 

Zertan aldatu da eguneroko bizitza?

Ni ez naiz hiriaren erdigunean bizi eta ez dakit bertan egoera nolakoa den. Baina badakit denda guztiak itxi egin dituztela. Jendea paseoak egitera atera daiteke, baina parkeetan edo hondartzetan egoteko aukera asko murriztu dute, jendea toki horietan pilatzen hasia zelako. 

Isunak jartzeari ekin diote, baina distantziak mantenduta; bermatuta dago bizitza normala egitea. 

Ikerketa batean aritzeko joan zinen Danimarkara. Zertan datza?

Europar Batasunak finantzatutako ikerketa da eta sei herrialdek parte hartzen dute bertan, hainbat unibertsitate eta enpresen bidez. Janari-industriari elikagai osasuntsuagoak osatzen laguntzea da helburua. Oiloen zein izokinen hesteetan bizi diren mikroorganismo onuragarri batzuk ikertzen ditugu, nola hazi daitezkeen ikertzeko eta,modu horretan, animalien osasuna eta kalitatea handitzeko.

Zer fasetan dago ikerketa?

Nire lana laborategikoa da batez ere, iristen zaizkigun lagin guztien prozesatzea egiten dut. Egia da birusaren kontu guztiarekin lana bi hilabete atzeratu zaigula. Beraz, nire egonaldia hemen pixka bat luzatu daiteke. Urtebete igaroko dut Kopenhagen.

Orain zure ikerketa-esparrua ez diren arren, saguzarretan ere aditua zara. Saguzarrek protagonismo berezia izan omen dute koronabirusaren transmisioan. Zer esan dezakezu horren inguruan?

Lehendabizi esan behar da saguzarrak inoiz ez direla izan gizakion lagunak. Oso izaki ezezagunak dira, eta beldurra eta ezjakintasuna sortzen du horrek. Horrek ere eragina izan du kasu honetan, informazio asko nahasia delako edo ez delako egiazkoa. Saguzarrek pandemia honen sorreran nolabaiteko eragina izan duen ikertzen ari dira, baina ez da izan saguzar bat gizaki bati zuzenean birusa transmititu diona. Saguzar askok hainbat koronabirus motekin bizirauten dute eta birus honen aitzindari bat saguzar batean topatu izan da, baina beste ugaztun batzuetan ere badaude, ez soilik saguzarrengan. 

Saguzarrek duten ospe txarrak pisu handiagoa du, beraz?

Bai. Adibidez, denok dakigu katuek amorrua transmititu dezaketela, baina ez zaie horren errua botatzen. Baina saguzarrei kasu honetan pandemia eragitea leporatu zaie, eta ez da egia. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide