Laudioko parrokiak berriz irekiko dira publikoarentzako astelehenean, maiatzak 11, haien ohiko ordutegietan, Ugartekoa izan ezik, zeinak momentuz larunbatetan 20:00etan eta igandeetan 12:00etan soilik ospatuko dituen mezak. Hiletek, berriz, asteazkenera arte itxaron beharko dute.
Dena den, gurtza guneen aforoa herenera mugatuko da, legeak hala eskatuta: Aretako Santa Anak 50 pertsona izango ditu gehienez, Ugarteko San Ignacio de Loyolak 60, Gardeako Santa Cruzek 61 eta San Pedroko elizak 105. Era berean, koroak ezingo dira bertaratu.
Heldu diren ordenan sartu ahalko dira pertsonak elizetara, eta segurtasuna mantentzen dela bermatzeko boluntarioak egongo dira. Era berean, aldez aurretik finkatutako tokietan soilik jarri ahalko dira sartzen diren lagunak; maskaren erabilera ere gomendatzen da. Sarreretan desinfektatzeko gel hidroalkoholikoa egongo da.
Alarma Egoera iraun bitartean zendu diren pertsonen hiletak maiatzaren 25etik aurrera egingo dira, antzinatasun ordena jarraituta.