DESKONFINAMENDUA

“2008ko krisian ez bezala, oraingoan herri osoa konturatu da hemen arazo bat zegoela”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mai. 11a, 08:30

Urte asko eman ditu ostalaritzan Placi Garciak./ Aiaraldea

PLACI GARCIA MAYOK (Laudio, 1961) 32 urte daramatza ostalaritzan lan egiten. hiru hamarkadatan hainbat krisi ezagutu ditu, eta 2008an hasitakoa du oraindik buruan, “bereziki gogorra” izan zelako, bere iritziz. Koronabirusaren ondorioz sektoreak bizi duen egoeraren inguruan mintzatu da. 

Bi hilabete igaro dira alarma egoera piztu eta, ondorioz, tabernek ateak itxi behar izan zituztenetik. Zertan aritu zarete denbora honetan zehar? 

Beste tabernak ez dakit, baina ni ez naiz geldirik egon. Taberna berri bat ireki dugu, eta horrek lan gehiago ekarri digu gainera. Tramite eta agirien kontu ugari daude ezin dituzunak egunerokoan egin: laginketak, faktura guztiak ordenan jartzea... Kalitatezko helmuga ekimenean sartuta gaude, eta horrek ere agiri ugari egunean eramatea eskatzen du. Hori guztia egin dugu. Lokalaren mantenuaz ere arduratu gara, baina kudeaketan eman dugu denbora gehiena, fakturen artean eta ordenagailuko pantailaren aurrean. Taberna bakoitza mundu bat da. Badaude agirien kontua oso antolatuta daramatenak, eta baita horren antolatuta ez daramatenak ere. Gauzak hala, bi hilabete hauek hori guztia era txukun eta metodikoago batean eramateko balio izan digu batzuei. Nik behintzat ez dut denborarik izan soberan, bi hilabete hauek “ondo etorri zaizkit” -kakotxen artean- hori guztia egiteko. 

Bi hilabeteren ostean, tabernak berriz irekitzeko aukera luzatu zaizue, baina hainbat mugarekin. Nola jaso duzue erabakia? 

Duzun babesaren araberakoa da hori. Guk langile asko ditugu kontratu mugagabeekin eta lanaldi osora. Jende guzti horrekin ireki behar baldin badut baina terrazaren %50 soilik erabili ahal badut negozioak ez du askorako emango, noski. Hori horrela izango balitz sekulako “marroia” izango litzateke. Baina progresiboki irekitzeko aukera ematen badute, egoera aldatzen da. Etxeko hirurak lanean hasi gaitezke, etxekoak garelako eta, azken finean, ez diegulako gure buruei “ordaindu” behar, eta enplegua erregulatzeko espedientean dauden langileak progresiboki batzen joan daitezke. Taberna bakoitza mundu bat da, oso errealitate anitzak daude. Ni bi tabernatan nabil eta bien egoera oso ezberdina da, eta imajinatzen dut Laudioko gainontzeko establezimenduekin ere antzeko zerbait gertatuko dela. Gauzak hala, apurka apurka irekitzen joateko tartea ematen badigute nik uste dut egokia dela ahal bezain laster irekitzea, naiz eta ezer irabazi ez. Niri pertsonalki ez dit axola denbora inbertitzea, bueltan dirurik jaso ez arren. Horren alde apustu egin behar dela uste dut. 

Argi dago koronabirusaren krisiak tabernei negatiboki eragingo diela, baina zenbateko kolpea izango da? 

Ez dakit oraindik, ez dakigulako oraindik zer datorkigun. 2008ko krisi ekonomikoa oso gogorra izan zen. Nirekin duela 30 urte hasi ziren ostalari guztietatik bat. Baino ez da geratzen. Hau gogorra izan daitekeela? Bai, baina 2008koa ere izan zen. 


“Ni ahalik eta lasterren irekitzearen aldekoa naiz, baina taberna bakoitza mundu bat da” 


Bi alde daudela esan daiteke: azken bi hilabeteak itxita egon izanak ekarriko duen galera ekonomikoa eta gerora etorri daitekeen krisi ekonomikoa. 

Bai. Ea, bi hilabetez itxita egoteak izorratu egin gaitu, baina egia da ere laguntzak izan ditugula, nik hala ikus­ten dut. Nik taberna itxi baina langileak eta autonomoen zerga ordaintzen jarraitu beharko banu askoz txarragoa izango litzateke. Egia da diru-sarrerak zero izatera igaro zirela egun batetik bestera, baina egia da baita ordain­keta asko gainetik kendu dizkigutela. 

Enplegua erregulatzeko espedienteekin ere lagundu gaituzte. 2008ko krisian ez bezala, oraingoan herri osoa konturatu da hemen arazo bat zegoela. Aurreko krisian autonomo bakoitza bere kabuz jabetzen zen egoeraz. Krisia zegoen, bai, baina arazoa osorik jan behar izan genuen, eta bakarrik. Oraingo egoera berdina edo oke­rragoa izango dela? Ziur baietz. Oso gogorra izango dela diote... Nik erretirora lasai iritsi nahi nuen, eta ikusten dut ez didatela utziko, azken minutura arte borrokan iritsiko naiz (barreak). 

Laguntza nahikoak izan dituzue, beraz? 

Gure langileak enplegua erregulatzeko espedientean daude, eta niri langabezia eman didate, ez didate auto­nomoen zerga ordainarazi. Horiek laguntzak izan dira. Udalak, bere aldetik, terrazak handitzeko aukera eman­go digu, ahal den neurrian, eta ez digute diru gehiago ordainaraziko. 

Ez dut esango bizitza konpondu digutenik, baina eskertzekoa da gutaz gogoratze hutsa. Jende asko kez­katu da gugatik, ez soilik instituzio publikoak, asko nabaritu dugu elkartasuna. Horrez gain, badago esta­blezimendua irekita daukan jendea eta gaizki pasatzen ari dena. Ez da itxita gaudenon larritasuna, baita konfi­namenduan zehar negozioa irekita mantendu duena­rena ere. Hainbat larritasun mota daude. 

Ekitaldi jendetsuak egiteko debekuak hor jarraitzen du, herri askotan jaiak bertan behera geratu dira dagoeneko... 

Urte hau tristea izango da, argi dago. Laudioko jaiak ere bertan behera geratu daitezke. Ez dakigu nola kudea­tuko dugun. Orain dugun informazioa ez da asko, agian hemendik hiru hilabetera beste iritzi bat izango dut. 

“Tabernari ugarik hitz egin dute euren lokaletako jabeekin, eta badakit kasu batzuetan akordioetara iritsi direla. Gure kasuan ordainketak etenda ditugu konfinamendua hasi zenetik” 


Noiz aurreikusi duzue tabernak irekitzea? 

Iritzi asko daude herriko tabernarien artean, erreali­tateak ere anitzak direlako. Gure kasuan, etxekoak hiru izanda, erraz zabaldu dezakegu taberna. Baina negozioa daramana pertsona bakarra den kasuetan ezingo du ireki beste langilerik kontratatzen ez badu. Gauzak hala, gure kasu pertsonala kontuan hartuta, irekitzearen aldekoa naiz ni, nahiz eta gero agian berriro itxi behar izan. 

Ni positiboa naiz beti, gauzak mugitzearen aldekoa, eta askotan egiten didate errieta horregatik (barreak). Dena dela, terraza ez dutenek ez dute irekiko, zertarako? Bakoitzak modu batean ikusten du. Bestalde, herritarrek ere badute kalera irteteko eta tabernaren bat zabalik topatzeko gogoa, eta aukera eman behar zaie. 

Pintxo-potea berreskuratzea zaila izango da. 

Bai, hori arauetatik kanpo geratuko dela uste dut, ekitaldi jendetsua baita. Ez dakit noiz abiarazi ahalko dugun. 

Lokalaren alokairua gastu handia izan ohi da taber­narientzat. Establezimenduen jabeekin hitz egitera iritsi zarete? 

Guk hitz egin dugu gure lokaletako jabeekin eta momentuz airean utzi dituzte ordainketak. Gero, egoeraren arabera, ikusiko dugu nola eguneratu ordainketa horiek. Egia da diru sarrerarik izan ez dugun hilabete hauetan ordainketak ere eten egin dizkigutela, bestela ezinezkoa izango litzateke. 

Tabernari ugarik hitz egin dute euren lokaletako jabeekin, eta badakit kasu batzuetan akordioetara iritsi direla. Beste batzuetan ez dute ezer adosterik izan, eta alokairua ordaindu behar izan dute. Denetarik egon da. 

Etorkizunari begira baikorra zara, beraz? 

Jendeak beldurra dauka. 1983ko uholdeen osteko psi­kosia datorkit burura: lau tanta erortzen zirenean jendea autoz segituan Arrañora igotzen zenekoa. Hau antzekoa izango da: eztul apur bat egin orduko etxean giltzape­tuko dira asko. Psikosia hor egongo da, ekidinezina da. Eta psikosia ez baduzu ere berdin da, gobernutik pauso batzuk ematen badituzte ezin izango ditugulako saltatu. 

Badakit ez direla jaiak edo ekitaldi jendetsuak egongo, baina ez dakit zer harrera egongo den uztaila edo abuz­tuan. 

Jendea ezingo da kanpora oporretara joan, adibidez. 

Hori da. Lehen Laudio hutsik geratu zitekeen, baina baliteke orain duela 30 urteko egoerara itzultzea, jende guztia herrian geratzen bada. Ez dakigu. Egoera honek aukera berriak sortu ditzake ere: etxez etxeko banaketak ugaritu egin daitezke, adibidez. Gauza txarretatik gauza onak ere ateratzen dira batzuetan. Orain arte ezagutzen ez genituen lan egiteko moduak sortu daitezke. Ez dakit zer nolako egoerarekin egingo dugun topo, hemendik eta hilabete bukaerara artekoak baino ez dakizkit nik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide