Komertzio, ostalaritza eta autonomoei udal gobernutik proposatutako diru-laguntzetako 316.000 euroak eskasak direla uste du Laudioko EH Bilduk, eta horretarako 1.550.000 euro baliatzea proposatu du.
800.000 euro komertzio txikietara eta ostalaritzaren itxierak sortutako eragina gutxitzera bideratzea eskatu dute, establezimendu bakoitzari gehienez 2.000 euro emanda. Beste 600.000 euro tokiko saltokietan erosketak bultzatzeko bonoetan inbertitzea nahi dute oposizioko taldetik, 20 euroko bonoak sortuta. Dena den, Udalak bono horien % 75 soilik finantzatuko luke, bestea auzotarrek ordainduko lukete eta. Azkenik, beste 150.000 euro asteburuetan kaleetako bizitza bultzatzeko erabili nahi dituzte, osasun krisia behin erabat bukatuta.
Era berean, Eusko Jaurlaritza egiten ari den krisiaren kudeaketa kritikatu dute EH Bilduko kideek, langileentzako segurtasun-neurri egokiak ez bermatzea egotzita. Era berean, enpresa handiak txikien gainetik lehenetsi direla gehitu dute: “Industria handien jarduera mantentzen tematu den bitartean, tokiko saltokiek, nagusiki, jarduera etenda edo mugatua izan dute”.