EIDER ELORZA

"Ospitalera erditzera joan behar izateak oso kezkatuta eduki nau, etxean erditzea baloratu nuen"

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 12a, 22:41

Eider Elorzak pandemiaren unerik latzenean erditu zuen. / E. E. L.

EIDER ELORZA (Laudio, 1985) haurdunaldiaren azken fasean sartu zen COVID-19aren pandemiako unerik gogorrenean. Apirilean erditu zuen eta prozesu osoa azaldu du.

Duela bi aste izan duzu haurra.

Elkarrizketa hasi genuenean haurdunaldiaren 41. astean sartzeko nengoen, hau da, erditze balizko data sei egun pasata nituen, hurrengo egunean bertan erditu nintzen. Orain gure txikiak 16 egun ditu, denbora honetan elkar ezagutzen eta bizimodu berrira moldatzen egon gara.

Nola jaso zenuen pandemiaren zabalpenaren albistea, zer pentsatu zenuen? 

Gutako gehienok bezala, hasieran urrutiko intxaurrak besterik ez zirela uste nuen, ez nintzen gehiegi kezkatu, edo ez nuen kezkatu nahi izan, albisteei jarraiki, gripe gogor bat besterik ez zen. 

Gero eskolak ixten, eta ez ohiko neurriak hartzen hasi zirenean, gorabeherak izan nituen, gogoan dut etxeko bazterrak lixibarekin garbitzen hasi nintzela, horniketa faltagatik kezkatuta ohikoan baino erosketa handiagoa egin nuela, eta baita oso beldurtuta nengoela aitortu niola nire bikotekideari. 
Gainera, martxoaren 13rako lagunekin genuen plana bertan behera utzi genuen oraindik alarma egoera deitua ez bazegoen ere. 

Nola eragin dizu egunerokotasunean eta psikologikoki arrisku talde baten egoteak?

Oraindik ez da ziurra haurdunak arrisku taldea ote diren, dauden datuen arabera, sintoma txikiak erakusten dituzte haurdun positiboek, eta haurrak ez omen dira ez plazenta bidez ez edoskitze bidez kutsatzen. 

Bestalde haurdunen immunitate sistema pixka bat apaldua egoten da (horregatik ohikoan gripearen txertoa jartzea gomendatu ohi da, sukar altuek fetuan eragin dezaketelako). 

Beraz gauzak batere argi ez dauden egoera honetan, zuhurtziaz jokatu beharra dago, muturreko egoeran ama eta jaioberria banatuko lituzketelako, eta horrek ikara handia sortu izan dit.

Ospitalera erditzera joan behar izateak ere oso kezkatuta eduki nau, nire erditze datak kutsatuen gailurrarekin bat egiten zuela zioten aurreikuspenek, eta inork ez du egoera horretan ospitale batera joan nahi. Momentu batean etxean erditzea ere baloratu nuen, baina horrek ere ez ninduen lasaitzen. 

Bestalde, haurdunaldiak modu positiboan jokatzen lagundu digu konfinamenduan, bizimodu sanoa eramatera bultzatu gaitu, modu orekatuan elikatuta, kirola eginda, alkohola eta tabakoa ekidinda, eta inportanteena, zurrunbilo horren erdian, paradoxa bada ere, oso zoriontsu sentitzeko aukera izan dugu, eta zorion hori gure senitartekoei kutsatu ahal izan diegu. 

Zer nolako eragozpen gehituak ekarri  dizkizu konfinamenduak?

Haurdunentzat hainbeste gomendatzen diren igeriketa eta paseoak eteteak pena handia eman dit, eta erditzerako fisikoki prest ez egotearen beldurra sortu zidan, horregatik kirola etxean egiten saiatu naiz, baina, noski, ez da berdina etxean ordu batzuetan egitea, edo egun guztian bizimodu aktibo osasuntsuaren baitan kirol ordu batzuk txertatzea.

Gainera, erditzea modu naturalean hasteko oxitozina hormonaren igoera beharrezkoa da, zoriontasunaren hormona, eta hori errazago gertatzen da familia eta lagunartean bizimodu arrunta egiten, mendira joaten…

Nolakoa izan zen erditzea? Aparteko segurtasun neurriak izan dituzu?

Erditzea azkenean Basurtuko ospitalean izan zen. Erditu bitartean, maskararekin egoteko eskatu zidaten, baina luze joan zenez, askotan kendu nuen arnas hartzeko, eta egia esan, inork ez ninduen horrekin gogaitu. 

Ondoren, bi egunez ospitaleratuak egon ginen. 24 ordutara alta boluntarioa eskainiko zigutela uste genuen, ospitalean ahalik eta gutxien egoteko, baina edoskitzea bermatzeari garrantzi handiagoa eman zioten eta ohiko bi egunak egon ginen. Laguntza handikoak suertatu dira egun horiek, edoskitzea hasieran ez baita batere erraza. Alta boluntarioa bigarren umea dakarten bikoteei bakarrik eskaintzen omen diete, eskarmentua dutelako gai horretan. 

Ospitalean sartu ginenetik, nire bikotekidea ezin izan zen ezertarako irten, ez pasilloetan ibili, ingurua ahalik eta gutxien kutsatzeko, hori ahalbidetzeko berarentzako janaria ere ekartzen zuten egunero. 

Egoera dela eta, gelako bikote bakarra egon dadin saiatzen dira, baina, antza denez, jaiotza ugari egon ziren hurrengo egunean eta halako gela txikietan lau pertsona, bi jaioberri eta tarteka, erizain, mediku edota garbitzaileak batera egotea pixka bat gogaikarria izan zen. 

Gainera, denok elkar babesteko maskarak jarrita edukitzen saiatzen ginen, bereziki ospitaleko langileak gelan zeudenean. Egoera ez da ideala izan, baina orain familia sano bat dago gure etxean.

Nola ikusten duzu etorkizun hurbila?

Ospitalean ez genuen bisitarik izan, eta 15 egun hauek inoren presiorik edo baldintzarik gabe elkarri moldatzeko ezin hobeak izan dira. 
Orain deskonfinamendua hasten ari dela, badugu paseatzera irtetea, eta laster bilerak egitea baimenduko dute, baina ez du ematen berme guztiak dituztenik. 
Nire gurasoak ,neba eta 95 urteko amona Laudion bizi dira. Gu, aldiz, Bilbon eta oraindik ez dute alaba fisikoki ezagutzen. Irrikan gaude denok, baina, hala ere, beldur asko ditugu, ez dugu inoren osasuna arriskuan jarri nahi. Gainera, ikustekotan zelan jokatu ere ez dakigu, badute umea hartzea? Musu ematea? Maskararekin? Oso gogorra da galdera hauek planteatu behar hutsa. Nire bikotekidearen familiak ezagutu du haurra, baina ez dute besoetan hartu oraingoz. Egoera honetan baliteke zuhurrena ez izatea osasuntsuena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide