OMAIRA MAESO ANEIROS

"Umeak konfinaturik egotea okerragoa izango zela uste nuen"

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 14a, 08:00

Omaira eta bere alaba Alma. / Aiaraldea.eus

OMAIRA MAESO ANEIROS (Okondo, 1984) itxialdiaren esperientzia bere ikuspuntitik azaldu du. Ama da eta bi seme-alaba ditu.

Nola aldatu da zure bizitza itxialdia hasi zenetik?

Etxean ordu askoz gehiago igaro ez ezik, umeekin ere ematen ditut. Lehen ere horrela egiten nuen, baina eskolak eta haurreskolak mesede asko egiten dizkiguzte. Orain 24 ordu egunero gaude haurrekin.

Bikotearekin ere denbora luze eman dut. Konfinamenduaren lehenengo zatiak bajan harrapatu zuen eta 24 ordu elkarrekin egon gara egunero hilabete osoz. Berriro ezagutu gara.

Zer suposatzen du umeekin eta bikotekidearekin denbora gehiago igarotzea?

Haurrekin gehiago jolasten duzu eta dibertitzera bideratu dezakezu askoz denbora gehiago. Ordutegien presioa ez dago eta ez dituzu goiz esnatu behar gosaldu dezaten, orrazteko, klasera joateko... Askoz arinagoa da, egun onak dituztenean, jakina.

Egun txarrak dituztenean, ordea, arazoa da 24 ordu eman behar dituzula umore txarrez gainezka dagoen ume bat edo birekin. Heldu bezala, horri aurre egin behar diozu eta, gainera, plantak egin, nahiz eta makal ibili, ondo egon behar zara euren mesederako.

Bikotekideari dagokionez, bi seme-alaba ditugunez, ezin gara bakarrik egon denbora luzez, baina oso ondo dago denbora gehiago partekatzea eta betikoa ez izatea: lanetik itzultzea, lanari buruz hitz egitea eta gutxi gehiago.

Orain denbora gehiago daukagu elkarrekin egoteko eta ia gaztaro garaian bezala gaude; gehiago mintzatzen gara eta ondo pasatzen dugu elkarrekin. Horren alde txarra da jadanik ez gaudela ohituta elkarrekin egotera eta noizean behin talkak daudela.

Zer da umeek behar dutena itxialdi egoeran?

Erabateko arreta. Nire kasuan urtebeteko semea daukat eta 3 urteko alaba. Urtebeteko semeak ez du hainbeste sumatzen alabari denbora gehiago eskaintzen ote diodan. Hala ere, urtebeteko haurrak behar jakinak ditu, berak ezin dituenak egin: arropa aldatu, elikatu, lotara joan...

3 urteko alabak agian ez du hori ulertzen, jeloskor jartzen da eta atentzio handia jarri behar zaio. Horrenbesteko denbora ez zutenean elkarrekin igarotzen, Almak ez zuen horrelako arazorik, baina orain 24 orduz elkarrekin daudenez, horrelako uneak gertatzen dira maizago.

Txikiarekin egotean alabak deitzen zaitu eta arreta eskatzen du. Edo, bat-batean, janaria emateko eskatzen dizu, eta hori ez du inoiz egin, bere burua elikatzen ikasi zuenetik.

Horren aurrean pazientzia handia behar da eta noizean behin, aitortu beharra dago, berak irabazten du. Gurasoak ez ezik, gizakiak ere bagara, eta batzuetan buruak eztanda egin dizu. Egun batzuetan esaten dutena egin beharra dago, psikologikoki aurrera egin ahal izateko, arnasa hartzea behar baituzu. Umeak eskatzen badizu besoetan hartzeko, egiten duzu, eta elikatzeko nahi badu, egin beharra dago, liskarrak ez gertatzeko.

Nola uste duzu bizi izan dutela itxialdiaren bolada gogorrena?

Nik uste dut ondo moldatu direla. Ulertu dute etxean geratu behar direla eta etxean daukate aukera jolasteko. Gure kasuan ez dakit pribilejiatutzat jo, baina bakoitzak bere gela dauka, berezko tokia, guraso gazteak gara, gutxi gorabehera eta eurekin jolasten dugu...

Zentzu horretan, uste dut ondo egokitu direla, baina gorabeherak egon dira eta lehen gertatzen ez ziren egoerak jazo dira. Adibidez, Almak siesta egiten zuen bakarrik eta orain berarekin joan behar zara eta etzan tarte batez, atentzioa eskatzen duelako, edo janariarena. Lehen berak bakarrik egiten zituen zenbait gauza, adibidez, janztea, eta atzera pausotxoa egin du.

Uste dut 24 orduko arretako egoera ez dela asko luzatu  behar, bestela gurasoen menpekotasuna duten umeak sortuko ditugu. Izan ere, etxe arruntetan, izugarri handiak ez direnetan, uneoro zaude umeekin.

Zer adierazi dute eurek itxialdiari buruz?

Alma urduriago dago, oro har. 3. edo 4. astean hasi zen hatz lodiko azazkalak urratzen. Hitz egin behar izan genuen berarekin eta azaldu zigun urduri jartzen zela. Ez da horrelakorik berriro gertatu.

Ayax txikia denez, ez diogu argitu zein den egoera. Berarentzat aldaketa handiena izan da ez duela ohiko paseoa egiten, baina nolabait engainatzeko, gurdian sartzen dugu eta pasilloan egoten ginen aurrera eta atzera. Horrek lasaitzen zuen apur bat eta aldatzen zen.

Ateratzeko aukera dagoenetik, aldaketa gehiago sumatu dut txikian Alman baino. Almak jarraitzen du gorabeherekin, baina Ayax alaigo dabil.

Nolakoa izan zen atera zineten lehenengo eguna?

Alma urduri zegoen. Atera bezain laster korrika atera zen eta erori zen, ohitura faltagatik. Oso ondo ulertu zuen ezin duela ezer ukitu, eta, egia da umeak direla eta ahazten dutela. Horma bat ukitu zuen eta berehala joan ginen garbitzera. Hala ere, oro har, oso ondo.

Lagunak ikusi genituen eta agurtu genituen urrutitik eta ez zuen inor ukitu ere. Nabaritzen zen kalean geundela eta jolasteko gogoak, baina oso ondo. Txikia gurdian paseatu genuen, zailagoa baita kontrolatzea

Uste duzu umeen egoera hobetu dela irteteko aukerarekin?

Uste dut Alman hobekuntza egunekin ikusiko dugula. Gehiago nabaritu dugu helduok, askatasun sentsazio handiagoa dugu eta umeekin kanpoan egotea ez da hain gogaikarria. Izan ere, berdin dio ondo moldatzea, presio handia da eta. Bi ume dituen etxe batean ez dago intimitaterako tarterik, hortaz, kalera ateratzea onuragarriagoa izan da helduontzat.

Pandemia eta alarma egoera hasi zenean zer uste zenuen?

Pentsatu nuen askoz okerragoa izango zela. Eguna luzea izan arren, sentsazioa da azkar igarotzen dela. Ama bezala, oso ondo pasa dut seme-alabekin, lehen baino gehiago. Eskulanak eta jokoak egin ditugu eta gozatu dut.

Hori bai, norbanakoaren ikuspegitik, arnas apurra beharko genuke. Hori bai, uste nuen nabarmen okerragoa izango zela eta umeek ere errazten dute. Egun txarrak ere egon dira. Almak beti egin du siesta eta, bat-batean, ez du nahi.

Ikastetxearekin nolakoa izan da harremana?

Ondo. Ezustean harrapatu die egoerak, guztioi bezala. Bideodiak egiten ditugu astean behin irakaslearekin. Hasieran beste 4 edo 5 umerekin egiten genuen, baina orain binaka dira saioak. Irakasleak galdetzen die zer moduz doan astea eta ondo dago.

Kuotei buruz hitz egin digute eta azaldu digute zer uste duten egingo dutela. Berez, dena hain inprobisatua da ezen ikastetxeetan ere erabakiak hartzen joaten direla egoeraren arabera.

Ez dut uste hezkuntza zentrora itzuliko garenik ikasturte honetan, baina garaia hau da aproposa ikastetxeek familietan oinarritzeko eta alderantziz. Uste dut ondo egiten ari garela. Ni pozik nago. Gainera, ikastetxe batera eramaten duzunean zure semea edo alaba, bada erakunde horretan konfiantza duzulako.

Birusak beldurra sortu die, edo obsesioa?

Ez, baina egun batzuetan, hasieran, Almak esaten zuen ez zela berriro aterako kalera. Ez zuen adierazten berak ez zuenik gogorik, hori bai. Adibidez, jolasten ari ginenean eta nik zerbait txarto egiten nuenean, esaten zuen: “ama ez da berriro aterako kalera”, zigor moduan.

Birusak baino, egoerak sortzen zion ezinegona. Ez dakit zein neurrian duten birusaren kontzientzia. Guk ere ez dugu nahi izan ardura gehiegi sortzea. Badakite birusa dagoela, kaltegarria dela, jendea gaixotzen dela eta kontuz ibili behar garela.

Albisteak ikusten ditugunean, hori bai, Alma badago eta informazio asko ulertuko du. Zalantzak izan dituenean galdetu digu. Edonola ere, buruhauste gehiago eman dizkio egoerak, birusak baino.

Nolako jarrera hartu du familiak itxialdiari dagokionez?

Egunero bideodeiak egin ditugu eta nire gurasoek faltan sumatzen dute izugarri. Egunak zenbatzen ari dira elkar ikusteko, baina arrisku taldeko kideak direnez, ezin da gauza handirik egin.

Nire bikotekidearen gurasoak hurbil bizi dira eta balkoietatik ikusten dituzte igarotzen direnean. Zaila da, ikustea eta besarkatu ezin izana.

Nola uste duzu gogoratuko duten gertatutakoa?

Nik nahi dut positiboa izan eta pentsatzea ez diela ondorio psikologikorik utziko. Soilik gogoratzea etxean egon ginela birusaren ondorioz. Espero dut ez gogoratzea hiltzeko arriskuan egon zirenik edo horrelako zerbait.

Nire seme-alabek 1 eta 3 urte dituzte, ziurrenik, 6 urteko umeekin ezberdina izango da, kontzientegoak baitira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide