ANDREA HERRERA ANGULO

“Egoera kontrolatuago dago, baina auskalo zer gertatuko den hemendik 7-10 egunera deskonfinamenduan”

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko mai. 13a, 07:00

ANDREA HERRERA ANGULO (Laudio, 1992) erizaina da. Galdakaoko ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean dihardu lanean, COVID-19 birusdun pazienteekin. Osasun langileen egoeraz eta babesteko neurriez aritu da, besteak beste.

Nola bizi izan duzu esperientzia hau?

Hasiera batean paziente hauen alboan jartzeak beldurra sortzen zidan, gainera berez ez genekien birusaren aurrean nola jokatu behar zen, eta ezjakintasunak beldurra ematen zidan. Bestetik, egoera hau oso estresagarria izan da, bai lanean zein etxean... Azken finean ezinezkoa da etxera horrelako bizipenak ez eramatea.

Osasun langile gisa, zein izan da aste hauetan zure ekarpena? Zertan eta non aritu zara lanean?

Nik Galdakao ospitaleko ZIU unitatean lan egiten dut erizain moduan. Kasu honetan zainketa kritikoak behar dituzten eriei zainketa integralak ematea da nire lana, pertsona horien beharrak asetzea.

Nolako baldintzetan jardun izan zarete? Atsedenerako tarterik hartu al duzue?

Hasierako asteetan atsedenerako tarterik ez genuen hartzen, sekulako lana zegoen box bakoitzean: orduak igaro ahal zenituen paziente berarekin, zainketa ezberdinak ematen... Eta hori dena izerditan, EPI jantziak soinean izateagatik.

 

“Lotsagarria izan da babesteko baliabideen partetik egon den gabezia”

 

Sarri aipatu da babesteko baliabideen eskasia. Zuenean ere nabaritu al da?

Bai... lotsagarria izan da egoera. Hasieratik erabili beharreko EPI amantalak birziklatzen aritu gara... Askotan EPI hauen gainean eraman beharreko janzkera falta zegoen, eta zabor poltsak erabili behar izan ditugu, gure etxetik eramanak.

Bestetik, hau dana hastean urpekaritzarako betaurrekoak erabili behar ziren, eta asko erabiltzeagatik apurtu egiten ziren... Erabilitako aurpegi pantailak oroitarrak izan dira... eta horrela hainbat material gehiagorekin, nabarmentzekoa da babesteko material falta egon dela.

Birusa presente dagoen tokietan egonagatik, isolamenduan egotea egokitu zaizu zuri ere?

Egia esan ez dut isolamendu hori sufritu, nire etxean 3 erizain bizi gara, beraz, elkarrekin pasatu dugu konfinamendu hau, esperientziak partekatuz. Hala ere, askotan deskonektatzeko ez da hain ona denok osasun munduan lan egitea.

Zer izan da zuretzat aste hauetan bizitako gauzarik gogorrena?

Familien sufrimendua eta gaixoak isolatuta egotearen beharra. Gu beraiek isolatuta ez sentitzen saiatu gara, baina beraientzat ez da berdina familia alboan edukitzea edo ezagutzen ez duten pertsona bat...

 

“Hasierako asteetan atsedenerako tarterik ez genuen hartzen, sekulako lana zegoen box bakoitzean. Orduak igaro ahal zenituen paziente berarekin”

 

Profesional gabezia ere izan da hizpide... Zein izan da zure erietxe inguruko egoera?

Nire kasuan ez dugu erizain faltarik izan, baina bai unitate kritiko batean lan egiteko beharrezko ezagutzak dituzten erizainak. 
Hau da, erietxe osoan berrantolaketa bat egon denez, gure unitatean inoiz lan egin ez duten erizainak etorri dira. Egia da, beste unitate askotan langile falta nabaritu dela.

Ezustean heldu zen COVID-19 Euskal Herrira. Zure ustez, egoera kontrolpean al dago?

Nire ustez, egoera hobeto kontrolatuta dago, behintzat badakigu nola aritu edota lan egin behar dugun birusaren aurrean bai profesionalek zein herritarrek: beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartuz. Hala ere, auskalo zer gertatuko den hemendik 7-10 egunera deskonfinamendu honekin.

Positibo datuak frogatutako kutsatutakoenak dira, baina sintomekin edo telefonoz artatutakoak gehiago dira, ezta?

Bai, komunikabideetan soilik konfirmatutako positiboak agertzen dira. Alabaina, bada COVID-19 birusa pasa duen jendea; sintomak edukita osasun zentrora deitu, baja eman eta etxean geratu dena, isolatuta ahal den heinean. Etxeetako kasu guzti hauek ez dira zenbatzen, eta seguruenik gehiengoa dira.

Neurri eta fase ugari aipatu dira. Zer nolako eragina izango dutela pentsatzen duzu? Kalera ateratzeak arriskua handitzen du?

Eragina izango duela seguru nago, ez dakidana da zer nolakoa izango den. Kalera atera behar ginela bistakoa zen. Birusak gure baitan jarraitzen du eta ez da joango, baina herritar bakoitzak prebentzio neurriak hartzen baditu, kutsatzeko arriskua txikiagoa izango da.

Maskarak eta eskularruak bolo-bolo dabiltza, desinfekzio zein garbiketarekin batera, babesgarri gisa. Zeintzuk dira osasuntsu mantentzeko ezinbestekoak diren neurriak?
Pertsonekiko 1.5-2 metroko tartea mantentzea, kalean ere; erosketak egiten zauden bitartean eskuak aurpegira ez eramatea, eta etxera bueltatu bezain laster eskuak ondo garbitzea. Eskularruak eta maskarilla erabiltzea ez da ezinbestekoa, aurreko guztia egiten bada.

Maskarak eraginkorrak dira, baina ondo erabiltzen jakitea ezinbestekoa da, hainbat mota ezberdin daudelako, eta kentzeko modu bakarra dagoelako: buruaren atzealdean dauden gomak hartu eta aurpegira -aurreko aldera- eramatea.

Amaitzeko, zein mezu luzatu nahiko zenieke herritarrei?

Prebentzio neurriak bete behar direla, zuhurrak izatea eta adituek esaten dutenari kasu egitea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide