"%400ean igo da gure lan-zama"

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 18a, 06:00

EDU CANTERLA GARCIA (Laudio, 1979) banatzailea da eta COVID-19ko pandemiaren lehen lerroan aritu da etxez etxe lanean. Osasuna modu anitzetan arriskatu du aste hauetan, eta ez bakarrik birusagatik.

Nola nabaritu zenuen alarma egoera lanean?

Hasieran beherantz egin zuen lan zamak. Hainbat enpresek itxi zuten eta horien eskariak eten ziren, bai enpresa zein dendetan. Horrek astebete iraun zuen. Astebete geroago kontrakoa gertatu zen.

Etxean zegoen jendeak sumatu zuen luze joko zuela berrogeialdiak eta hornitu zen, gehienetan beharrezkoak ez diren produktuekin. Egia da gauza batzuk ezinbestekoak zirela, behar berriak agertu zirelako, esaterako, umeak entretenitzea. Edo sukaldean aritzea, horrek ere laguntzen baitu haurrak entretenitzen. Jostailuak, bideojokoak edo hamaka balkoian egoteko. Gure lan zamak ia %400ean gora egin zuen eta hor mantentzen da gaur egun.

Alde batetik, badaude dendari asko hornitzen ari direnak ireki ahal izateko eta etxean dagoen jende pilo, oraindik eskatzen jarraitzen duena.

Horrez gain, Correosen lana egin behar izan genuen. Correosek paketeak banatzeari utzi zion eta eskutitzak bakarrik zabaltzen ditu. Aliexpress edo Venca bezalako enpresen paketeak guk hartu behar izan ditugu gure gain derrigorrez. Ez da egon aukerarik uko egiteko.

Une batean jendeari sare sozialen bidez eskatu zenion eskariak zentzuz egiteko, ezta?

Ni Laudiokoa naiz eta herrian lan egiten dut, hortaz, deialdia egin nuen, jendeak erabilgarriak ez ziren gauzak ez eskatzeko. Jakina, beharrezkoak ziren gauzekin ez nuen arazorik.

Astebetez ematen zuen eskariak egonkortu zirela, baina ilusio bat izan zen eta orain gure pabiloian dagoen lana basatia da.

 

“Nire lanaldia 3 ordutan luzatu da, 06:00etan hasten gara, hortaz, egunero 13 ordu lan egiten dugu”

 

Zer suposatu zuen zuretzat lan zama igoera horrek?

Fisikoki oso gogorra da. Norbanakoen kasuetan asko luzatzen da paketea uztea. Batzalarrin kalean edo dendak dauden kaleetan 30 edo pakete utz ditzakezu ordubetean eta lana aurreratu. Etxez etxe ibiltzean, ordea, txirrina jo behar duzu. Askotan jendea ez zegoen barruan, lanean edo ogia erosten zegoelako, eta fisikoki oso nekeza izan da. Igogailurik gabeko etxebizitzetara igo behar zara eta batzuetan bezeroek ulertzen dute eta atarian uzteko esaten dizute. Zentzu horretan, batzuek babestu gaituzte.

Lehen 16:00ak aldera bukatzen nuen eta orain 19:00etan. Nire lanaldia 3 ordutan luzatu da, 06:00etan hasten gara, hortaz, egunero 13 ordu lan egiten dugu.

Fisikoki oso gogorra da eta gainera fisioterapeutak itxita daude. 2 astez baja hartu behar izan nuen, nekea eta estresagatik.

Hala ere, autonomoak garenez, 2 aste baino gehiago bajan egotea gehiegi da ekonomikoki, autonomoen eta gizarte segurantzaren kuota ordaindu beharra dago eta. Ondorioz, lanera itzuli behar izan dut gastuak orekatzeko.

Etxean zer esan dizute?

Nire emaztea etxera bidali dute ere eta soldataren %50a kobratzen ari da. Berak ez zuen beharrezkoa ikusten hainbeste lan egitea, baina enpresak sakatzen gaitu ahalik eta pakete gehien ateratzeko.

Finean, etxetik ateratzen naizela 06:00etan eta etxera itzultzen naizela 19:00etan. Urtebeteko semea daukat eta ia ez nau ezagutzen, afaltzeko eta bainua hartu dezan besterik ez daukat denborarik. Ordu eta erdi bakarrik egoten naiz berarekin.

Gainera, orain hasi gara larunbatetan ere lan egiten. Lehen ez genuen egiten. Ondorioz, asteburuak egun bat gutxiago dauka.

 

“Badaramagu horrela bi hilabete eta gorputzak ez du horrenbeste jasaten”

 

Proportzioan igo da zuen soldata?

Banatzen ditugun paketeen arabera kobratzen dugu. Diru sarrera finkoa dugu egiten ditugun kilometroen arabera. Nire kasuan 30 euro inguru dira, ez baititut kilometro ugari egiten.

Horri gehitu behar zaio ekoizpena, hau da, paketeak. E-comerce paketeen truke -Amazonekoak, esaterako- euro 1 ordaintzen dute, eta bereziki pisutsuak badira, 1.20, banaketaren arabera.

Hortaz bai, gehiago kobratzen dugu, baina askoz gehiago ere lan egiten dugu. Nire fakturazioa bikoiztu da konfinamendua hasi baino lehen izandako sarrerekin alderatuta, baina nahiago nuke erdia kobratzea eta lehen bezala lan egitea.

Izan ere, lehen gure lanaldia bazen luzea ere. Orain gainezka daude. Horrelako lan zamak ohikoak ziren Gabonetan, adibidez, edo “Black Friday”tan. Baina urtean birritan lan egiten genuen horrela. Bizkarra apurtzen genuen jakinda pare bat egun izango zirela.

Badaramagu horrela bi hilabete eta gorputzak ez du horrenbeste jasaten.

 

“Arriskuan egon gara eta ziurrenik askok izan dugu birusa”

 

Noiz arte luzatu daiteke zuen egoera, edo noiz arte jasan dezakezue?

Gorputzak ez dut uste luze iraungo duenik. Estresagatik ez dut nik bakarrik baja hartu. Berez, enpresak ere ez zigun inolako babes neurririk eman: ez protokolorik, ez eskularrurik, ez maskarik, ez ezer.

Gu saiatzen ginen gauzak ondo egiten. Eskularruak eta maskarak eskuratzen genituen, bezeroekin harremana ahalik eta gehien mugatzen genuen. Nire lankide askok baja hartu zuten, batzuek susmoa zuten COVID-19a hartu zutela. Besteek estresagatik hartu zuten, edota gorputzak ezin zuelako gehiago. Edonola ere, autonomoa izanik, gastu handiak sortzen dituzu eta lanera itzuli behar duzu.

Lan zama horrekin, zein zen zuen segurtasun maila?

Hutsaren hurrengoa. Arriskuan egon gara eta ziurrenik askok izan dugu birusa. Gure pabiloian orain garatu dute segurtasun protokoloa eta txandaka sartzen gara. Baina hasieran 120 gidari elkartzen ginen aldi berean. Orain 3 txandatan kargatzen dugu, ibilbidearen distantziaren arabera.

Orain arte guztiok batera egin dugu karga. Nire alboan, metro eskasera nuen lankideak COVID-19 izan du. Batzen ginen 110 langileei, gehitu egunero beste 100 bezeroekin geundela harremanetan bakoitza. Ondorioz, astebetean 40.000 lagunekin geunden harremanetan zuzenean edo zeharka. Ez dakit nola ez garen gehiago gaixotu.

Asmoa duzu berriro deialdia egiteko jendeak ez egiteko hainbeste eskari?

Orain beste modu batean ikusten dut. Hasieran tematuta nengoen eta proposatzen nion jendeari ez eskatzeko. Orain egiten dut saiakera besteen begietan o jartzeko, eta pentsatzen dut orain arte Internet bidez erosi ez duenak, horrela egiten duela ez daukalako beste modurik.

Lankide batek esaten zidan telebista bat ez dela ezinbestekoa, baina egungo egoeran ez zara hormara begira egongo. Hortaz, saiatzen naiz ahalik eta hoberen egoten lanean, ordu erdi ateratzen bazkaltzeko eta pakete pilo banatzeko.

Ezin naiz egon haserre egun osoa, ez da osasuntsua. Esan bezala, orain arte jende askok ez du eskaerarik egin Internet baliatuta eta itxialdian egin behar izan dute. Horregatik igaro gara 90 pakete banatzetik 190 mugitzera. Uste dut kontrolaezina dela jadanik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide