LANTEGIETAKO EGOERA

Azken salmentaren ostean, Guardian 209 langilerekin geratu da Laudion, duela 10 urte baino 600 gutxiago

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 19a, 11:59

Guardian enpresako langileen aspaldiko protesta baten irudia. / Aiaraldea.eus

Ibilgailuen beirak ekoizten duten instalazioen salmenta gauzatu du Guardian taldeak Laudion. Sindikatuek salatu dute azken 10 urteetan enpresak ez duela enpleguaren aldeko apusturik egin eskualdean, guztiz kontrakoa baizik. 

Guardian taldeak bukatutzat eman du Auto atalaren salmenta Parter Capital funtsari. Xehetasun ekonomikorik eman ez duten arren, Laudioko atala ez ezik, Valentzian eta Alemanian ere saldu dituzte azpiegiturak.

Horren ondorioz, Laudioko Guardian lantegia zatitu da. 209 behargin geratuko dira bertan eta beste 225 Auto Glass konpainian egongo dira; hemendik aurrera horrela deituko baitute, printzipioz, lehen Guardian Auto zena.

Azken eragiketa horrek ezinegona sortu du alde bateko zein besteko beharginen artean. Izan ere, Parter Capital arriskuko kapital funtsa suitzarra da. Lantegiko sindikatuek adierazi dute bere helburua dela inbertsioak ahalik eta lasterren errentabilizatzea eta, ondorioz, enpresa laster berriro saltzea. “Jakin izan genuenean Guardian Auto salduko zutela, Parter Capitalek estatu espainiarrean erositako eta berehala saldutako bi enpresekin jarri ginen harremanetan. Langile batzordeko presidenteek azaldu ziguten Parter Capitalek ez zuela agindutako bete. Hau da, ez zuen inbertsiorik egin instalazioetan, eta ahalik eta lasterren saldu zituen bere akzioak”.

Berez, Parter Capitalek iaz erosi zituen aluminioa ekoizten duten bi lantegi Estatu Espainiarrean, Avilesen eta A Coruñan, baina apirilean bertan saldu zituen bietan zituen akzioen %75a. Laudioko beharginen ordezkariek azaldu dute bertako sindikatuek kontatu dietela komunikazioa ere oso zaila egin zitzaiela zuzendaritzarekin eta egunerokoan sortutako arazoak konpontzeko arazoak zituztela.

Gauzak horrela, enpresa batzordeak ziurtatu du ez dutela inolako konfiantzarik erosleengan eta espero dutela berriro saltzen denean, industria talde baten esku geratzea gutxienez.

Etorkizuna da ardura gehien sortzen duena lantegian, epe motzean Guardian enpresako lan hitzarmenaren menpe baitaude, 2022ra arte.

Guardianen ere, ezinegona
Zalantza berak dituzte sindikatuek Guardian taldean. Zuzendaritzak ofizialki inoiz esan ez bazuen ere, Guardianek ez zuen inolako apusturik egiten autoentzako beiraren produkzioari dagokionez: “horri lotutako lantegi guztiak saldu dituzte, Luxemburgokoa barne”, argitu dute. Dena den, errespetu falta iruditu zaie langileei salmentaren berri ez ematea: “prentsa oharra plazaratu zutenean heldu zitzaigun informazioa”.

Salmentaren ondorioz, Guardianek beira laua ekoizteko azpiegiturak izango ditu soilik Laudion, hau da, Float atalekoak. Horri gehitu behar zaio taldeak ez duela inbertsiorik egin azken urteotan herrian eta behargin kopurua izugarri murriztu dela. Sindikatuek salatu dute: “2010ean 850 langile zituen Guardianek Laudion. Orain bakarrik 209. Jendea erretiratzen joan den neurrian ez da inor kontratatu, ekoizpen lerro asko Tuterara eraman dituzte eta, azkenik, Auto atala saldu dute. Enplegu ugari suntsitu dute”.

Langile batzordeak deslokalizazio prozesua egin dela nabarmendu du: “Zenbait lerro errentagarriak ez zirela esaten zuten eta horietaz desegingo zirela argudiatzen zuten, baina Tuterara edo Europako beste herrialdetara mugituta, badirudi berriro etekinak ematen dituztela”.

Momentuz, langile batzordeak ez du uste fabrika arriskuan dagoenik, baina arazoak sor daitezke epe ertainean: “Laudion Float labearekin geratu dira soilik eta 6 edo 7 urte barru konponketak egin beharko dizkiote funtzionatzen jarrai dezan. Espero dugu arazorik ez agertzea”.

Ekintza bateratua
Orain bi enpresa badira ere, langile batzorde berean aritu izan diren sindikatuko kideek iragarri dute euren asmoa dela elkarrekin borrokatzea: “Guardian eta Auto Glass enpresa bera izan dira orain arte, eta gure arteko harremana ezingo da izan beste enpresekin daukagun bera. Salmentarekin zenbait familia ere zatitu dira lan esparruan. Behargin bat faktoria batean egongo da eta bere anaia albokoan. Adi egongo gara gertatzen denari aurre egiteko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide