COVID-19 gaitzaren kasu berri bat detektatu zuen atzo Osakidetzak Aiaraldean, Laudion. Ostegunean bi kasu berri detektatu ziren herri berean, eta asteartean bat topatu zen Urduñan.
Egun hori baino lehen, maiatzaren 12ra arte joan beharra dago eskualdean kasu berriak topatzeko. Hau da, astebetean ez zen kasurik detektatu eskualdean. Hala ere, kontuan izan behar da Osakidetzak maiatzaren 13tik 15era ez zuela txostenik zabaldu. Beraz, ezin daiteke ziurtatu denbora tarte horretan eskualdean kasu berririk egon zen edo ez.
EAEn zifrak, aldiz, honakoak izan ziren atzo: 3.651 pertsonari egin zitzaien testa eta 131 kasu berri detektatu ziren (13 kasu PCR testen bidez detektatu ziren eta 118, aldiz, serologia bidez baieztatu ziren). 105 pertsona sendatu ziren eta 7 hil ziren gaixotasunaren ondorioz. Lau pertsona gehiago ospitaleratu ziren eta 33 daude ZIUn ingresatuta.