Ekainaren 4an, ostegunean, irekiko dute Ermualdeko taberna

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 28a, 15:40
Jon Atxa "Kumeak" taberna aurrean. / Aiaraldea.eus

Jon Atxa laudioarrak, bere bikoteak eta familiak abiatu duten proiektuak "Kumeak" du izena eta taberna eta jatetxe zerbitzuak eskainiko ditu astebete barru.

Laudioko Udalak errepikatutako esleipena irabazi zuen Jon Atxak Ermualdeko taberna kudeatzeko. Apaizetxea izandako eraikinean taberna eta jatetxea irekiko ditu laudioar gazteak ekainaren 4an, osteguna.

Atxak Aiaraldea Hedabideari azaldu dio euren asmoa dela goizetik arratsaldeko azken ordura arte irekitzea, asteartetik larunbatera, eta igandean bazkalostean ixtea, astelehenean atsedena hartzeko.

Taberna zerbitzua ez ezik, bertan bazkaltzeko eta afaltzeko parada emango dute asteburuetan, baina horretarako aldez aurretik jakinarazi behar zaie Instagram  bidez (@kumeak_santalu).

Esleipenak eskatu bezala, Atxak tokiko ekoizleen produktuak landuko ditu bere menuetan eta "mendiko tabernek eskaintzen dutena ez ezik, asteburuan zer edo zer finagoa ere egongo da".

Errumaniatik Ermu Andra Marira
Jon Atxak ibilbide luzea egin du ostalaritzan. Laudion eta Amurrion tabernak izan ditu eta Ibizan zein Andorran aritu da beharrean. Errumanian -bertakoa baita jatorriz bere bikotea- jatetxea ireki zuen eta bazkideekin salmenta adostu ostean sartu zen buru belarri "Kumeak" proiektuan.

Izen hori hautatu dute egitasmoa berria delako eta Atxa eta bere bikotekidea beti izan direlako euren lanpostuetan gazteenak: "Umeak nagusi egin dira eta asko dakite jadanik".

Errumanian zuen jatetxea itxi ostean, Atxak asmoa zuen atsedenaldia hartzeko, baina berak azaldu duenez: "Ermu Andra Marira igo nintzen eta hemengo lasaitasun eta bakeari esker sentitu nuen egon behar nintzen tokian nengoela".

Gurasoei eskertu die jakinarazi izana aukera hori zegoela: "Eurek esan zidaten apaizetxea oso txukun eta polita utzi zuela udalak, eta ikustera igo nintzen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide