Kultur sorkuntza Aiaraldean

AMORfa proiektua abiatu dute Iñigo Martínez eta Ariadna Martík

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mai. 31a, 08:00

"Atrofia" piezaren irudi bat.

Bi bideo plazaratu dituzte konfinamenduan, baina oholtzara salto egiteko asmoa dute. 

AMORfa proiektua abiatu du Iñigo Martinez dantzari laudioarrak Ariadna Martí kataluniarrarekin batera. Duela bi urte sortu zuten egitasmoa. “Antzerki tailer batean ezagutu genuen elkar. Adiskidetu ginen eta elkarrekin zerbait egitea pentsatu genuen”, azaldu du Martinezek, “martxoaren 16an hasi behar genuen entseguak egiten, baina koronabirusa dela eta bertan behera utzi behar izan genituen”.

Bideoak lanabes
Gauzak hala, ikus-entzunezkoak baliatu dituzte euren koreografiak plazaratzeko. Lehen bideoa Miradas izan zen. “Entsegu bat grabatu genuen eta asko gustatu zitzaigun. Horregatik, testu bat egitea pentsatu genuen, pertsonen begiraden inguruan. Gero Ariadnak berriro editatu zuen bideoa. Oso ondo geratu zen, eta argitaratzea erabaki genuen”.

Konfinamendua hasi zenean bideo-deiak baliatzen hasi ziren elkarrekin entseatzeko, eta horrela sortu zuten euren bigarren pieza, Atrofia izenekoa. Dantzaren Nazioarteko Egunean sareratu zuten. “Bakoitzak bere etxean pieza bat osatu genuen eta gero Ariadnak bateratu zituen bi bideoak, bere mutil-lagunaren laguntzarekin”.

Lanaren izenak iradokitzen duen moduan, atrofiatutako gorputz atalak izan dituzte hizpide bi dantzariek. “Pertsona batzuk gure gorputzeko zati batzuk atrofiatuak ditugu. Nik ezkerreko aldeko beso eta hanketan geroz eta indar gutxiago daukat. Indarra eta muskulu masa galdu ditut apurka apurka. Baina gorputzak funtzionatzen jarraitzen du. Horregatik, atal horiek zaindu behar ditugu, eta eurekin bizi”.

Oholtzetara salto
Ikus-entzunezkoak zabaltzen hasi arren, Martinez eta Martík argi dute oholtzara salto egin nahi dutela: “Ez dugu proiektu hau bideo batzuetara mugatu nahi, eszenatokietan ere aritu nahi dugu. Sekulako gogoak ditugu hori egin ahal izateko”. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide