AITOR BASARRATE ASTOBIZA

“Gutxi gara Erasmusa pandemia baten erdian egin dugunok”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 11a, 16:00

Aitor Basarrate Pragan./

Pragan igaro ditu AITOR BASARRATE ASTOBIZAk (Laudio, 2000) COVID-19aren krisiaren hilabeterik latzenak. Bere bizipenen berri eman du. 

Pragan zaude une honetan, zertan?

Bai, otsailetik Pragan nago Erasmusean, Informatikako Goi Mailako Graduko praktikak eta gradu amaierako proiektua bukatzen. 

Koronabirusaren krisiak bete betean harrapatu zaitu bertan. Zer nolakoa izan da konfinamenduaren egoera? Zertan desberdindu da Euskal Herrikotik?

Hona heldu eta bi asteren buruan, nahiz eta oso kutsatu gutxi egon (50 inguru), bertako gobernuak neurriak hartu zituen, Euskal Herrian ez bezala. Horrek ondorioak nabarmen arindu ditu. Eusko Jaurlaritzak itzultzeko aukera eskaini zigun apirilean (bost gazteetako talde bat gara), baina geratzeko erabakia hartu genuen, Euskal Herrian askoz ere kasu gehiago zeudelako eta egoera larriagoa zelako han. 

Hemen ez gara guztiz konfinatuta egon, kalera irteteko aukera izan dugu beti, maskarak erabilita, noski. Euskal Herriarekin konparatuta, jendearen jarrera oso ezberdina da, mundu guztiak hasieratik maskarak erabiltzen zituen eta horrek lasaitasun pixka bat ematen dizu.

Nolakoa izan dira azken bi hilabeteak bertan?

Lehen esan dudan bezala, ez gara guztiz konfinatuta egon, etxean geratzen ginen gehienetan. Baina astean bitan edo bueltatxo bat ematera ateratzen ginen edo supermerkatura erosketak egitera. Ezin zen gauza gehiegi egin, noski, dendak eta tabernak itxita zeudelako. Beraz, aspertuta egon gara baina ezin gara kexatu, kalera irteteak asko laguntzen du. Praktiken zati bat ere telelanean egin dugu.

Zorionez, deseskalada hemen beste herrialde batzuetan baino lehenago hasi dugu eta beste hiri batzuetara bidaiatzeko aukera izan dugu. Museoak bisitatu ditugu, tabernetan eta jatetxeetan egon gara...


“Deseskalada beste herrialde batzuetan baino lehenago hasi dugu hemen”


Era berean, nolakoa izan da koronabirusaren egoera guzti hau bertatik, etxetik urruti, bizitzea? Kezkaz bizi izan duzue edo ez da horrenbesterako izan?

Nahiz eta koronabirusik ez egon, familia eta lagunak faltan botatzen dituzu, noski, beraz, pandemia gehitzen badiozu egoerari, askoz gehiago botatzen dituzu faltan. Bideo-deiei esker haiekin kontaktuan egon ahal izan gara erraz eta ikusi dugu nahiz eta arriskua izan, neurriak, higienea eta distantziak errespetatzen dituztela. Baina heltzen zitzaizkigun berriak eta egunero hainbeste heriotza ikusita… Ez zara guztiz lasai geratzen eta, noski, kezkatzen zara.

Deseskalada askoz lehenago hasi duzue bertan. Zein da egoera une honetan?

Hemen ez da faseetan banatu eta herrialde osoak erritmo berdinean egin du aurrera normaltasunera. Gutxika ikusi ahal zen saltokietan gauzak saltzen zizkizutela atetik, eta tabernetan zer edo zer erosten bazenuen ezin zinen terrazan gelditu. Gero eta jende gehiago zegoen kaletik eta hori positiboki ikusten genuen, hemen jendea askoz arduratsuagoa delako. 

Momentu honetan arropa dendak, tabernak eta saltoki guztiak irekita daude. Atean eskuak desinfektatu behar dituzu eta arropak ezin dituzu frogatu erosi baino lehen. Kaletik ez duzu maskararik eraman behar, leku itxietara sartzeko edo norbaitekin hitz egiteko jarri behar dituzu bakarrik. Txartelarekin ordaindu behar duzu kontaktu ahalik eta gutxien egiteko. Beraz, nahiz eta askatasun gehiago izan, segurtasun neurriak daude oraindik.

Eta ikasketak aurrera eraman ahal izan dituzu? 

Praktikekin izan dut arazo handiena, etxetik lan egin behar izan dudalako. Baina nire ordenagailua erabilita ez dut arazorik izan, enpresak berak erraztasunak eskaini dizkit. Azkenean bulegora bueltatu ahal izan naiz eta bertan nago duela hiru aste. Bestalde, gradu amaierako lanarekin ez dut arazorik izan, hasieratik Euskal Herriko kideekin lan egin behar nuen, egoera ez da asko aldatu. Orokorrean ez dut arazo larririk izan.

Koronabirusaren egoerak bete-betean baldintzatu du zure egonaldia Pragan. Hala ere, zer moduzko egonaldia izan da?

Ikasle-egoitzako kideen artean asko komentatu dugu eta bakarrik esan dezakegu jende askok ezin duela esan Erasmusa egin duela pandemia baten erdian… Ez da egoera erraza izan, ezta ideala ere, baina momentu honetan alde ona ikusi behar dugu: Zorte handia izan dugu hemen harrapatu gaituelako, eta hemen gaixotasunak ez du hain gogor jo, hartutako neurriengatik edo jendea arduratsuagoa delako, ez dakit. Nahiz eta bueltatzeko eta familia berriz ikusteko gogo handia izan, beste aldetik, hemen geratu nahiko nuke ,ez dagoelako hainbeste arrisku eta egoera oso kontrolatuta dagoelako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide