JULEN VAZQUEZ

“Gizonezkoen eta emakuzmekoen saskibaloiaren arteko ezberdintasun handiena ekonomikoa da”

Aitor Aspuru Saez 2020ko eka. 10a, 11:00

Julen Vazquez laudioarra, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

JULEN VAZQUEZ (Laudio, 1994) saskibaloian buru-belarri sartuta dago. Alde batetik, Araski klubeko kirol ordezkaria da. Bestetik, Sugarrakeko presidenteordea eta kirol zuzendaria ere bada.

Noiz hasi zinen Araskin?

Hau da laugarren denboraldia. Toñorekin hasi nintzen. Bera Laudiokoa da eta deitu zuten Euskal Ligako Junior taldea zuzentzeko. Laguntzaile moduan hautatu ninduen.

Ni, berez, Sugarraken hasi nintzen, baina dena joan da oso azkar. Araskin sartu nintzenean 22 urte besterik ez nituen eta egun batetik bestera gertatu zen dena.

Lehen denboraldi hori oso ona izan zen eta Espainiako Txapelketan aritzeko sailkatu zen taldea. Denboraldi amaieran Made etorri zitzaidan eta esan zidan lehen talderako nahi ninduela.

 

"Lagunak entrenatzetik elitean egotera igaro nintzen bat-batean"

 

Nolakoa izan zen aldaketa?

Aldaketa bortitza izan zen. Lehenengo urtea gogorra izan zen niretzat. Hain zuzen, lagunak entrenatzetik elitearekin egotera igaro nintzen.

Lehenengo hilabeteak bereziki izan ziren gogorrak, atzerriko jendea baitzegoen -amerikarrak, adibidez- eta harremana ezberdina da. Hala ere, ni oso pozik nago.

Kirol ordezkaria izanik, zein da zure lana Araskin?

Nire lana da, gehienbat, harremana jokalariekin. Bidaien planak egitea, antolatzea ekintzak, zuzendaritzak bidaltzen duen informazioa jaso dezatela ziurtatzea, aldagela prestatzea partidak baino lehen, lotzea afariak kanpoan jokatzen dugunean...

Urtebetez berritu duzu kontratua, zein da zure asmoa?

Oso pozik nago eta uste dut aukera eman zidatenetik ganoraz lan egin dudala eta horregatik dutela konfiantza nigan. Etorkizunean nik Araskin ikusten dut nire burua. Beti esaten da kluba familia dela, guztiok garela lagunak.. eta horrela da.

Noizbait deitu naute Gasteizko zenbait klubetik, baina ez dut inoiz onartu, pozik bainago Araskin.

Urte hauetan zein jokalarirekin izan duzu harreman berezia?

Iaz konplikatuagoa izan zen atzerritar gehiago zeudelako, eta aurten oso polita izan da. Adibidez, Maria Asurmendi ezagutzea, saskibaloi izarra izan dena, edo Tania Perez, Laura Quevedo -olinpiadetan egon da- hurbil izatea...

Ezin dut pertsona bakarra hautatu, baina Laura Pardorekin harreman handia daukat, kapitaina baita.

Inoiz ez dudanez inorekin arazorik izan, guztien oroimen ona daukat.

Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko kirolen artean zeintzuk dira ezberdintasun nagusienak, aintzat hartuta emakumezko gehienek, profesionalak izan arren, ezin dutela horri esker bizi?

Jakina, ezberdintasun ekonomikoa handia da. Jokoari dagokionez, ordea, ez dut hainbesteko ezberdintasunik sumatzen. Argi dago gizonezkoak fisikoki indartsuagoak direla, baina azken urteotan, adibidez, Araskiren publiko kopurua zen 400 lagunekoa. Aurten, zenbait partidatan 1.500 ikusle baino gehiago egon dira.

 

"Saskibaloian emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasun ekonomikoa handia da, baina jokoari dagokionez, ez dut hainbeste sumatzen"

 

Horrekin esan nahi dut emakumezkoen saskibaloiak hobetu duela eta erakundeek ere babesten dutela. Jende gehiagok hitz egiten du horri buruz eta uste dut apurka-apurka parekatuko dela.

Gehien gogoko duzun ardura da orain duzuna?

Jende orok gogoko duena da entrenatzaile izatea. Laguntzaile moduan ere oso pozik nago, baina aurten Sugarrak klubean bestelako ardura hartuko dut kirol zuzendaritzan.

Zeintzuk dira zure erreferenteak entrenatzaileen artean?

Argi eta garbi Made Urieta da bat. Gizonezkoen artean Perasovic, adibidez. Umea nintzenean Buesa Arenara joaten nintzen, ikusten nuen eta erreferentea zen. Pedro Martinez ere. Gasteizen eta Euskadin entrenatzaile onak izan ditugu.

Araskin une goxoak izan dituzue aurten, baina bat-batean Liga amaitu da pandemiaren ondorioz. Nola bizi izan duzue?

Kopari dagokionez, iaz Gasteizen izan zen eta sailkatu ginen. Nahiko gogorra izan zen, itxaropen handiak genituelako. Gogoratzen dut partida guztian joan ginela aurretik markagailuan eta azken minututan ihes egin zigula.

Aurten, ordea, oso goiz hasi gara partida prestatzen, Gernikaren aurka lehiatuko ginela jakin bezain laster. Ikusgarria izan zen egun horretan irabaztea eta zale guztiak elkarrekin ikustea. Salamancan galdu genuenean, espero genuen Liga berriro hastea eta euforia nabaritzen zen gure artean Kopan lehen partida irabazi ostean. Denboraldia bertan behera uztea kolpe handia izan da.

Hurrengo denboraldiari begira ba al dakizue zerbait?

Dena dago zalantzan. Ez dakigu noiz hasiko garen eta aste honetan jakin izan dugu gure babesle garrantzitsuenak ez duela jarraituko.

Badakigu borrokatuko garela, Ligaren maila hobetzen doa eta uste dut polita izango dela, lehiakorragoa izango baita. Gure helburua da garaipen ahalik eta handienak lortzea.

Sugarrak Laudioko klubari dagokionez, noiz batu zinen proiektura?

Laudio BC-k utzi zuenean ni jokalaria nintzen kadeteetan eta Sugarrakera batu nintzen. Gero lesio larria izan nuen, saskibaloia utzi behar izan nuen eta pare bat urtez ez nuen harremanik izan kirolarekin, harik eta presidenteak deitu zidan arte.

Nesken talde minia zegoen eta nik entrenatu nuen. Duela 6 edo 7 urte. Geroztik hazten joan gara, 200 ume ditugu eta hor gaude, borrokan.

Zeintzuk dira zure betebeharrak Sugarraken?

Presidenteordea naiz eta entrenatzailea izan nintzen iaz, baina hurrengo denboraldian ez dut entrenatuko, kirol zuzendaritza hartuko dudalako nire gain. Horrez gain, bestelako funtzioak baditut, klub txikia baita hau eta ardura anitzak ditu pertsona bakarrak.

Esaterako, marketinga nik egiten dut babesleak bilatzeko, eta erakundeekin harremana nire eskumena ere bada.

Araskin egiten dudana ez dauka zerikusirik.

 

"Itxialdia baliatu dugu Sugarraken epe luzerako proiektuak prestatzeko"

 

Nola ikusten duzu Sugarraken etorkizuna?

Oso polita, egia esanda. Konfinamenduari esker asko lan egin dugu epe luzerako proiektutan eta entrenatzaileen zein taldeen egituraketan.

Lauzpabost urtetan igaro gara bi talde izatetik 16 izatera. Itxaropentsua da etorkizuna.

Kirol zuzendari moduan zer egingo duzu?

Aurten pasa naiz jokalariak trebatzetik, entrenatzaileak trebatzera. Eurentzako gidaria izango naiz. Proiektua eta egitura sortu dugu itxialdian eta hori jarraiki norabidea zein izango den jakingo dute entrenatzaileek.

Azken urteotan figura hori faltan sumatu dugu. Entrenatzaileok -nik barne- lan egiten genuen, baina zentzu bateraturik gabe. Hala ere, funtzionatu du.

Hortaz, aldaketa txiki honekin espero dut balio gehigarria ematea gure jarduerari.

Nola uztartzen dira bizitza pribatua eta kirola zure kasuan?

Nik lana daukat familiako enpresan eta, zorionez, goizez egiten dut lan bakarrik. Horrek ahalbidetzen dit arratsaldez saskibaloian zentratzea. Nire asmoa da, urte batzuen buruan, soilik saskibaloian lan egitea.

Zailena bizitza pribatua da. Batzuetan Araskik ostiraletan jokatzen zuen eta horrek suposatzen zuen Gasteiztik joaten ginela ostegun goizean eta larunbatean goizez itzultzen ginela. Konplikatua da, baina gustura egiten dut.

Eta nondik dator zure lotura saskibaloiarekin?

Nire aita Llodio BC-ko zuzendaritzan egon zen eta epaile semi-profesionala izan zen. Nire anaia ere jokalaria zen.

Bestalde, ni Baskoniako bazkide izan naiz 3 urte nituenetik eta beti joan izan naiz partidak ikustera. Familia kontua da.

Hala ere, oro har, jendearen erreferentea futbola da, eta saskibaloia ezberdina da. Guraso batzuek esaten digute askoz gertukoagoa dela kirol hau, ez baitago liskarrik. Sugarrakera etortzen den jendearen kopuru handia geratzen da, saskibaloia mundu txikiagoa delako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide