Euskaraldiak bigarren edizioa izango du aurten. Zeintzuk izango dira helburuak?
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da Euskaraldiaren 2.edizioa, “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” lelopean. Euskara ulertzen dutenen arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzea da helburua. Beste era batera esanda: herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea. Euskaraldian parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskara ulertzea eta 16 urtetik gorakoa izatea.
Ariguneak izango dira ardatzetako bat. Zer dira?
Euskaraldiko 2. edizioak ariketa taldeka egiteko gonbita luzatzen du, norbanakoez gain. Talde horiek Ariguneak izango dira. Modu errazean ulertzeko, euskaraz lasai aritzeko guneak izango dira. Euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko dute uneoro; bai entitate barruan eta baita eragileek herritarrekiko duten harremanetan ere. Talde hauetako kideek Ahobizi eta Belarriprest moduan jardungo dute Euskaraldiko 15 egunetan, eta ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute, Ariguneen bidez.
Bi Arigune mota egongo dira. Zeintzuk?
Barne eta kanpo Ariguneak. Barne Ariguneak izango dira entitate baten baitan ohiko dinamika duten taldeak. Bi baldintza bete behar dira horretarako: kideen %100 euskaraz ulertzeko gai izatea, eta bestetik, bertako partaideen %80 ados egotea Euskaraldian modu kolektiboan parte hartu nahi izatearekin. Adibidetara ekarrita, barne Ariguneak izan daitezke Guraso Elkarteak, kirol edo kultur taldeak, enpresetako talde zehatzak eta abar.
Kanpo Ariguneak, ordea, herritarrekin harreman espazioetan dauden lagunek osatuko dituzte. Horretarako, uneoro Ahobizi edo Belarriprest bat dagoela bermatuko dute entitateek. Hau da, herritarrek euskaraz artatuak izateko aukera izango dute beti kanpo Ariguneei esker. Honelako espazioak asko izan daitezke: supermerkatuetako kutxak, tabernari zein dendariak, arreta publikoa duten guneak…
“Bi Arigune mota egongo dira Euskaraldian: barnekoak eta kanpokoak”
Ahobiziek zein funtzio izango dute?
Ahobizi eta Belarriprestok izango gara ariketaren oinarria. Herritarrek bi rol horietan hartuko dute parte, eta horrez gain, hala erabakitzen dugunok talde horietan parte hartzeko aukera izango dugu.
Ahobiziek euskaraz ulertzen duten denekin hitz egingo dute euskaraz. Beste pertsonaren hizkuntza ez dakitenean ere euskaraz esango dituzte lehen hitzak; eta ulertzekotan, euskarari eutsiko diote. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunei ere euskaraz eutsiko diete.
Eta Belarriprestek?
Euren gaitasunaren arabera erabakiko dute noiz eta norekin aritu euskaraz Belarriprestek. Beti ez dute euskaraz hitz egingo ulertzen duten guztiekin, baina beraiekin euskaraz egiteko eskatuko diete modu esplizituan gainontzeko Ahobizi eta Belarriprestei.
Taldeak aipatu dituzu. Enpresa edo bestelako entitateetan izango al du tokia Euskaraldiak?
Norbanakoez gain mota guztietako entitateak izango ditugu lagun euskaraldiaren bigarren edizioan. Erakunde publikoez gain, gizarte eragileek ere izango dute tokia: kooperatibek, kultur eta kirol elkarteek…
Iraupena izango da aurtengo beste berrikuntza bat.
Euskaraldiaren oinarrietako bat da progresibitatea. Lehen edizioan 11 egunez aritu ginen Ahobizi eta Belarriprest gisa. Oraingoan 15 egunekoa izango da, asteburuak barne.
Nolakoa izan da iazko Euskaraldiaren balorazioa?
Positiboa. Iaz 225.000 pertsonak hartu zuten parte ariketan, eta Euskal herrian 400 batzorde inguru aktibatu ziren. Balorazioari dagokionez, hiru geruza bereizi ditugu.
Barrura begira, nabarmena izan zen Euskal Herri osoan euskararen lurraldea irudikatu zela. Euskaltzaleak aspaldiko partez saretu ziren herri askotan. Aurpegi berriak batu ziren antolaketara, eta antolaketa modu berriak sortu ziren Euskaraldiari esker. Eragileen arteko elkarlana oso beharrezkoa izan zen, baina oso garrantzitsua izan da guretzat bestelako entitateek ere interesa agertzea Euskaraldian.
Partaideei dagokienez, euskarari buruzko gogoeta egin zuten herritarrek. Horietako askok, hizkuntza ohituren inguran gogoeta egin eta aldatzeari ekin diete.
Gizarteari dagokionez, zilegitasun soziala eman zigun Euskaraldian parte hartzeak; subjektu aktibo bihurtu eta lehen planoan jarri ginen. Oso polita izan zen txapak sortutako konplizitatea. Bestalde, ulermen unibertsalaren beharra mahaigaineratu zen.
Laburbilduz, Euskaraldiaren bueltan sortutako talde giroaren ondorioz, euskarazko joera aktiborako grina piztu da Ahobizi eta Belarripresten artean. Ikuspegi horretatik azpimarratzekoa da Belarriprestek beste Belarripresetekin aritzeko euskara erabiltzeko hautua egin zutela. Dirudienez, Ahobizi eta Belarriprest rolak geratzeko etorri dira. Portaera hauek ibilbide luzea dute aurretik oraindik.
“Ahobizi eta Belarriprest rolak geratzeko etorri dira. Portaera hauek ibilbide luzea dute aurretik oraindik”
Aiaraldean nola antolatuko duzue ekimena?
10 batzorde sortu dira Aiaraldean. Alabaina, iaz ez bezala, batzorde horien arteko koordinazioa sortu da Euskaraldia gure ingurura etortzeko.
Udari begira, baduzue ekintzarik aurreikusita?
Uda berezia izango da aurtengoa. Egia da iaz uda garaia udazkeneko ariketa gizarteratzeko erabili genuela; batez ere herriko jaietan. Aurten ez dakigu zer gertatuko den, beraz, oraingoz ez dago ekintza zehatzik aurreikusita. Hala ere, saiatuko gara sortu daitezkeen jardueretan Euskaraldiari keinu bat egiten.
Udazkenean zehar, zer nolako dinamikak eskainiko dituzue?
Udazkenean, batez ere, Ahobizi eta Belarripresten izen-emateetan murgilduko gara. Irailean irekiko da herritarrentzat apuntatzeko aukera. Garai hau erabiliko dugu pedagogia lanak egiteko. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ariketa kolektiboa egingo dugu Euskal Herri osoan.
Iaz izena eman zutenek, aurten berriro apuntatu beharko dute?
Bai. Askok aurreko rola aukeratuko dute, baina beste zenbaitek agian birritan pentsatu (edo prestakuntza saioetan parte hartu) eta aurreko edizioko rola aldatzea erabaki dezakete. Orduan, berriro eman beharko dugu denok izena.
“10 batzorde sortu dira Aiaraldean”
Euskaraldiaren nondik norakoak jarraitzeko, zein espazio digital eratu dituzue?
Euskaraldia.eus webgunean topatuko dituzue informazio eta eduki guztiak. Momentu honetan, entitateak ari dira Euskaraldian izena ematen (irailaren 27an amaituko da haien epea).
Sare sozialetan ere aurkituko gaituzue: Twitterren, Facebooken, Instagramen, Telegramen, Mastedomen eta Youtuben.
Horrez gain, Laudioko eta Orozkoko Batzordeek sare sozial propioak dituzte. Aurrez aurre bezala, batzorde eta norbanakoekin birtualki ere komunitatea sortzen saiatzen gabiltza. Eta, batzordeen kasuan, elkarlana eremu birtualera ekarri dugu.
Koronabirusak baldintzatuko al du egitasmoa?
Ez-ohiko egoera bizitzea egokitu zaigu aurten, baina Euskaraldia egin egingo dugu. Horretarako, Aiaraldear guztiak animatu nahi ditut tokiko batzordeetan parte hartu eta denon artean euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitera!