UDAKO SOLSTIZIOKO OSPAKIZUNAK

Sugarrik gabe hasiko da uda Aiaraldeko herrietan

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 22a, 07:00

Suarekin erlazionatutako ia ekintza guztiak bertan behera utzi dituzte. / Aiaraldea.eus

Bertan behera geratu dira udako solstizioa ospatzeko egingo ziren ekintza gehienak, COVID-19aren ondorioz. Debeku zehatzik ez dagoen arren, bertan behera geratu dira suarekin erlazionatutako ekintza gehienak. 

Oso aspaldikoa da udako solstizioa ospatzeko sua pizteko tradizioa. Urtero errepikatzen da ohitura, eskualdeko herri guztietan. Aurten, baina, sugar gutxirekin  egingo zaio ongietorria udari Aiaraldean, herri gehienetako ospakizunak bertan behera geratu baitira koronabirusaren ondorioz 

Laudion

San Joan Astobitzako jaiak izan ziren bertan behera geratzen lehenak, apirilean. “Ez dugu ezagutzen ekainean izango dugun egoera, baina azken unean urteroko egitaraua antolatzea ezinezkoa zaigu, jai batzorde txikia eta xumea garen heinean”, adierazi zuten orduan jai batzordeko kideek, eta honakoa eskatu zioten udalari: urtero jasotzen duten diru-laguntza “COVID-19ak herritarrongan sortu dituen zailtasunei aurre egiteko erabiltzea”. 

Dena den, Akelarre Dantza Taldeak emanaldia grabatu du baselizaren inguruetan, eta udalaren webgunean estreinatuko dute bihar -asteartea- gauean. Laudioko Deabruak taldeak grabatutako ikuskizuna ere bihar sareratuko da, gaueko hamarretan. 

Orozkon

Gainontzeko herrietan ere antzekoa da egoera. Orozkon, adibidez, bertan behera geratu dira San Joanetarako aurreikusitako ekintzak. Hori bai, azoka mantendu dute, “ekoizleen eta bertara joaten diren herritarren osasuna bermatzeko prebentzio neurri guztiak hartuta”.  Datorren igandean -ekainak 21- izango da zita, 10:00etatik 14:30etara.

Urduñan

Urduñan, aldiz, aurreikusitako ekintza guztiak suspenditu dituzte. Abere azoka eta Zilarrezko Perretxikoaren banaketa urtebete atzeratu dituzte, sektorearekin hala adostuta. Olaran elkarteko Jon Solaunen hitzetan, zaila da ezarritako segurtasun neurriak betetzea,saltoki batetik bestera sei metro egotea eta bakoitzean gehienez 1-2 pertsona egotea eskatzen baitu araudiak, besteak beste. Horregatik hartu dute bertan behera uzteko erabakia. Urduñako Gazte Asanbladak, bere aldetik, ohiko akelarrea egingo ez duela jakinarazi du. 

Arrankudiaga eta Zollon

Arrankudiaga-Zollon ere ez da ezer antolatuko. "Uribarriko jai batzordea arduratzen da sua pizteaz, eta aurten ez dute egiteko asmorik", jakinarazi du Txutxi Ariznabarreta alkateak. 

Amurrion

Amurrio izango da sua piztuko duen herri bakarra, ohiko ordu eta tokian. Hala ere, ez bertaratzeko deia luzatu du udalak, zuzenean emitituko baitute. Otsemeak taldeak, bere aldetik, atzeratu egin du ohiko akelarrea. 

Aiara, Artziniega  eta Arakaldon

Luiaondo eta Murgan egin ohi diren suak ere ez dira egingo aurten, Gentza Alamillo Aiarako alkateak jakinarazi duenez.  Artziniega Museoan antolatzen den udako solstizioko jaia ere bertan behera geratu da, eta baita Arakaldokoa ere. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide