COVID-19ak sortutako krisitik ateratzeko aukerarik hoberena EAJri "bozka erabilgarria" ematea dela ziurtatu du gaur arratsaldean Iñigo Urkullu lehendakariak Laudion egindako topaketan, gizartea sozialki eta ekonomikoki “berriz altxatu” dadin. Era berean, 2012an, lehenengo aldiz lehendakari izendatu zutenean, langabezia % 10etik behera jaistea zuen helburu, eta lortu duela nabarmendu du Urkulluk. Hortaz, antzeko helburua planteatu du datorren legegintzaldirako, eta alarma egoerak iraun duen bitartean izandako konpromiso bera eskatu die euskaldunei.
Andoni Ortuzar, Eukadi Buru Batzarreko burua, ildo beretik aritu da bere hitzartean, eta azpimarratu du eurak direla Euskadirentzako baliagarria den “benetako alternatiba zurrun bakarra". Horren harira, hauteskunde hauen garrantzia azpimarratu nahi izan du Ortuzarrek, estatuko alderdietako buruak EAEn mitinak ematen ari direla esanez. Hala ere, nahiz eta inkestek EAJren garaipena aurreikusi, Ortuzar ez da konforme ageri nahi izan eta alderdi horiek “beldurra” ematen diotela adierazi du.
Estibaliz Larrauri parlamentariak, berriz, emakumeen egoera hobetzearen eta kontziliazioa erraztearen aldeko apustua egin behar dela esan du bere agerraldian. Gainera, nabarmendu du uztailaren 12ko hauteskundeak ez direla “esperimentu edo burutazioetarako” garaia, eta esperientziaren eta boto erabilgarriaren aldeko apustua egitera animatu nahiz izan ditu herritarrak.