Laudioko Udalak 2020ko lehen hiruhilekoaren likidazioa egin zuen asteleheneko udalbatzan. Eva Marquinez zinegotziak azaldu du koronabirusaren pandemiaren eragina oraindik ez dela nabaritzen erakundeko kontuetan: "15 eguneko itxialdia izan genuen bakarrik lehen hiruhilekoan."
Hala ere, udal gobernu taldeak iragarri du aurrekontuak irailean moldatu beharko dituztela. Izan ere, Arabako Foru Aldundiaren ekarpena nabarmen murriztu da; %25ean, hain zuzen. Horrek suposatzen du tokiko erakundeak 3.200.000 euro gutxiago izango dituela.
Horri aurre egiteko 2.713.000 euroko soberakinak ditu tokiko erakundeaketa, ondorioz, oraindik 500.000 euro inguruko ezberdintasuna dago diru sarreren eta aurreikusitakoaren artean.
Arabako Foru Aldundiak 3.200.000 euro gutxiagoko ekarpena egingo dio aurrekontuari eta eskuragarri dauden udal soberakinak 2.713.000 eurokoak dira
Eva Marquinezek aurreratu zuen atzo irailean likidazioak mahai gainean dituztenean erabaki beharko dutela nola konpondu eta moldatu hori: "oinarrizko zerbitzuak bermatzeko".
Ander Larrinaga alkateordea ez zen bereziki ezkor azaldu: "Hainbat gastu eta kontratazio ezin izan dira egin alarma egoeraren ondorioz. Esaterako, jaiak ezingo dira ospatu, proiektu batzuk atzeratu behar izan dira eta zenbait zerbitzu ezin izan ditugu eskaini".