Lehenik eta behin, nor da Miguel Burdallo?
Pertsona arrunta naiz. Extremadurako etorkinen semea, Laudion hazi nintzen langileen auzo batean. Ingeniaritza Industrial Teknikoan lortu nuen diploma eta Kalitate Kudeaketan eta Biltegien Antolakuntza eta Kudeaketan berezitu nintzen. Bi arlo horietan garatu dut nire lan ibilbidea, bai Euskal Herrian zein Katalunian, han bizi izan bainintzen lau urtez.
Jakina, jende gehiena bezala lan egin eta Aldi Baterako Laneko Enpresak pairatu ditut, kontratu prekarioak eta ziurgabetasuna, ez jakiteagatik hurrengo egunean lan egingo dudan edo ez.
Politikoki, Gazte Komunistaken hasi nintzen. Gero lan ikusezina egin nuen, Laudioko Ezker Batuko batzarrean laguntzen. Bartzelonan bizi izan nintzen garaian atsedenaldia hartu nuen eta itzuli nintzenean, jarduera politikoari ekin nion berriro. Arabako Lurralde Koordinakundean egon nintzen Ezker Batuan, eta 2018tik PCE-EPKko Arabako Lurralde Batzordeko arduradun politikoa naiz. Hortaz, alderdiko batzorde politikoaren kidea naiz. Azkenik, iaz Elkarrekin Laudioko kideek hautatu ninduten alkategai moduan, baina boto gutxigatik ordezkari gabe geratu ginen.
Noiz erabaki zenuen politikan sartzea?
Nahi gabe sartu zen politika nire bizitzan. Nire aita Laudioko zinegotzia izan zen Ezker Batuaren eskutik oraindik institutuan nengoelarik eta apurka-apurka jakin-mina sentitu nuen.
Hasteko, galdetu nion nire buruari zergatik eman zuen nire aitak urrats hori, zergatik inbertitu zuen hainbeste denbora herriaren eta jendearen arazoak konpontzen. Unibertsitatean kontzientzia hartu nuen munduaren egoerari langile klasearen zapalkuntzari buruz eta erabat inplikatu nintzen.
Manifestu Komunista irakurri nuen eta konturatu nintzen komunista nintzela hori zer zen jakin baino lehen. Hortaz, 1999an Gazte Komunistak erakundera batu nintzen, Euskadiko Alderdi Komunistako gazte antolakundera. Arabako arduradun politikoa izan nintzen eta Batzorde Nazionalean Ikasle Mugimenduaren Arduraduna ere izan nintzen. Kataluniatik itzultzean 2011ko amaieran, jarduera politikoa hartu nuen berriro eta orduz geroztik ardura berriak onartu ditut.
Hauteskunde kanpaina gehiagotan parte hartu duzu. Nola baloratzen duzu orain bizitzen ari garena?
Guretzat ez ohiko hauteskundeak dira, arraroak. Sare sozialetako eta hedabidetako hauteskundeak izaten ari dira eta guk nahiago dugu jendearekin harremantzea. Edonola ere, COVID-19aren zabalpena ekiditeko neurriek ohiko lana egitea eragozten digute.
"Sare sozialetan eta hedabidetan oinarritutako hauteskunde kanpaina izaten ari da hau eta guk nahiago dugu jendearekin harremantzea"
Zentzu horretan, desabantaila da guretzat. Hedabideek ez dute ohitura gu ondo tratatzeko. Edo ez behintzat beste batzuk bezain ondo, egunero daudenak Teleberrin. Estrategia aldatu behar izan dugu eta horrek ezustean harrapatu gaitu Aiaraldean.
Hala eta guztiz ere, guk azkeneko sprintean eman ohi dugu dena, azken astean. Lagunek eta kideek lan egin behar dute eta horrek asko mugatzen gaitu. Konfiantza dugu egun hauetan jendea animatzeko, herritarrak nekatuta baitaude horrenbesteko hauteskundetaz eta politikariok COVID-19aren krisialdian egin dugun kudeaketaz.
Nola baloratzen duzu Eusko Jaurlaritzak egin duen kudeaketa COVID-19aren krisialdian?
Egia esanda, ez nau harritu. Jendeak uste du Eusko Jaurlaritza ezberdina dela, zentralarekin alderatuta. Hemen hobeto kudeatzen dela, baina nire iritziz bistakoa da ez dela horrela. Euskal oasia putzua baino ez da.
"Euskal oasia putzu bat besterik ez dela erakutsi du COVID-19 birusaren krisialdiak"
COVID-19ak mantra ugari jarri ditu agerian eta gure sistemaren arrakalak erakutsi ditu: osasun sistema, nagusien egoitzak, industria...
Eusko Jaurlaritzak egin duen gauza bakarra izan da Gobernu Zentrala kritikatzea. Madrilen gauzak txarto egin direla ez dugu ezkutatutako, baina hemen hanka-sartze berak edota okerragoak egin dira.
Batzuetan uste dut adarra jo nahi digutela. Urkulluk asteak eman zituen eskatzen eskumenak itzultzeko, nahiz eta ez zitzaizkion kendu. Berez, erabakiak zentralizatzeko beharra egon zen, baina kudeaketak Eusko jaurlaritzaren esku jarraitu zuen eta bere esku hartze gaitasunak handitu ziren.
Gero, behin eta berriro 1. fasera igarotzea eskatu ostean, Eusko jaurlaritzak 0,5 fasea asmatu zuen. Hor erakutsi zuten ez zutela egoera kontrolatzen. Nik ezagutzen ditudan hainbat osasun langilek haserretzeko moduko gauzak kontatu dizkidate, baina langile prekarioak direnez, behargin gehienak bezala, ezin dute hitz egin.
Guk eskua eskaini genion uneoro Eusko Jaurlaritzari, eta umiltasuna eskatu genion Gobernu Zentrala kritikatzerako orduan, hemen ez baitira gai izan hobeto egiteko.
Espero dugu udazkenean birusa berriro ez agertzea, edo egotekotan, ordezkari politiko berdinek ez kudeatzea, ez baitakit EAJren harropuzkeriak ez ote dien uzten akatsak aitortzen eta larrutik ordaindu dezakegu hori.
Elkarrekin Podemosen zein proposamen nabarmenduko zenituzke?
Epe motzean 15 neurriko plana garatu dugu hiru ardatzetan oinarriturik: morea, gorria eta berdea. Horrekin hurrengo hilabeteetan izango ditugun behar larrienei erantzuna ematea espero dugu.
Ardatz morean zaintzetan, osasungintzan, nagusien egoitzetan... zentratuko gara. Hori larriena da, nire aburuz. Ardatz gorrian indarrak bideratuko ditugu ongizate gizarteko babesera, diru-sarrerak bermatzeko errentak sendotzera, etxegabetzeak saihestera, etxebizitza hutsak alokatzera eta, garrantzitsuena, erreforma fiskala bultzatuko dugu beharrezkoak izango diren proiektuak finantzatzeko, gehien duen jendeak ekarpen handiagoa egin dezan.
Nola ez, udal eta aldundien laguntzaz abiatuko dugu Enplegua Bermatzeko Plana, bitarteko urriko jendeak krisialdia gainditu dezan. Azkenik, ardatz berdearekin bultzatu nahi dugu euskal akordioa industria jasangarriaren alde, ekonomia zirkularra sendotu, ikerkuntzan eta garapenean inbertsioa handitu...
Epe luzera konbentzituta gaude ekonomia planifikaturik gabe etorkizuna beltza izango dela. Eskuineko politikekin kapitalaren eta interes pribatuen esku utzi dugu ekonomiaren kontrola. Ondorioak ikusi ditugu krisialdian, baina baita eskualdean 1990ko hamarkadako desindustrializazioarekin.
"Ekonomia planifikatu behar da edo etorkizuna beltza izango da. Horregatik, banku publikoa bultzatu nahi dugu"
Oso zaila izan da ekoizpenaren zati txiki bat bideratzea beharrezko artikuluen produkziora. Hori aldatu beharra dago, ekonomia pertsonen mesedera egon behar da eta ez alderantziz. Horregatik proposatuko dugu banku publikoaren bultzada, enplegu industrialeko plana galdutako lanpostuak berreskuratzeko edota partaidetza publikoa enpresa garrantzitsuenetan.
Zein da Elkarrekin Podemos eta Ezker Anitzaren helburua hauteskundetan?
Gure xedea hauteskundeetan gainerako alderdien berdina da, hau da, irabaztea. Gakoa da zer egin nahi dugun garaipena lortuz gero. Gu jende umila gara, langile klasekoak. Beste batzuek esaten dute ezkerrekoak direla edo ezkerreko politikak egiten dituztela, baina gero patronalaren alde jartzen dira Bizkaiko metalaren greban edo ezinbestekoak ez diren enpresen zerrendetatik ateratzen dituztenean metalezkoak edota automoziokoak. Arazoa da badagoela jendea hori irensten duena.
Guk argi dugu langile klasean zentratzen garela eta horrek politikak behar ditu bizi baldintza duinak mantentzeko, etxebizitza eskubidea izateko, lanean ez hiltzeko, soldata duinak izateko... Jende umil hori ordezkatzea da gure helburua, goizeko bostetan esnatzen dena egunero indaba platera jartzeko mahaian, jende horri berdin zaio IBEXeko enpresei gertatzen zaiena. Trajea jantzita daramatenek eta dirutza dutenek porrotera eraman dituzte Tubos Reunidos edo La Naval bezalako enpresak. Kaleratzeak, enplegu espedienteak edota lan eskubideen galera sufritzen dituztenekin egongo gara gu.
Zergatik uste duzu jendeak zuen zerrenda bozkatu behar duela?
Elkarrekin Podemos Ezker Anitza da erakunde bakarra bermatuko duena ongizate gizarteko babesen akordioa Euskadin sendotuko dela. Nork bermatuko du neurri horiek mantentzea? Nortzuek kritikatu dituzte eta nork sustatu ditu?
Bada garaia Eusko Jaurlaritzak ez jartzeko alfonbra gorria euren ekoizpena deslokalizatu nahi duten enpresei. Bestalde, baudaude sindikatuen ekintzak kritikatzen dituztenak eta patronalaren alde jartzen direnak, eta gero esaten dute ezkerrekoak direla, baina euren jarduerarekin erakusten dute liberalak direla.
Bada garaia Eusko Jaurlaritzak politika aurrerakoiak egiteko eta ez atzerakoiak. Eta hori Elkarrekin Podemos Ezker Anitzak bermatu dezake soilik.