EUSKO LEGEBILTZARREKO HAUTESKUNDEAK

EAJren kudeaketa jopuntuan jarrita egin zuen atzo eskualdeko ekitaldia EH Bilduk, Maddalen Iriarteren eskutik

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 4a, 11:03

COVID-19aren krisialdiaren kudeaketaren aurkako mezuarekin egin zuen atzo mitina EH Bilduk Laudion. Eskualdeko egitasmoan ezkerreko mezua indartu zuen koalizioak. Maddalen Iriarte lehendakarigaiarekin batera, Mikel Otero Arabako zerrendaburua, Eba Blanco lurralde historikoko bigarren hautagaia eta Aiaraldeko ordezkariak igo ziren oholtzara.

EH Bilduko hainbat ordezkari batu ziren atzo Laudioko Alberto Acero plazan eskualdeko mitinean parte hartzeko. Oholtzan hitz egin zuten Eba Blancok, Mikel Oterok eta Maddalen Iriartek etaKike Fernandez de Pinedo eta koalizioko beste hainbat kide ere egon ziren.

Aurkezpen lanen ardura Lamia Arcas zinegotzi laudioarrak hartu zituen eta Ainhize Solaun Arabako batzarkideak dantzatu zuen Maddalen Iriarteren hitzartzea baino lehen.

Mikrofonoa baliatu zuen lehenengo hautagaia Eba Blanco izan zen. Pili Arsuaga eta Fontso Isasi gogora ekarri zituen, beste zerrendakideak bezala, bere parte hartzea hasteko. Gero, amurrioarrak  kanpaina hasi zenetik zabaldutako mezuak azpimarratu zituen: EAJk eta PSE-EEk Aiaraldea ahaztu dutela, eskualdeko 1. sektorea, industria eta autonomoak babestu eta bultzatu beharra dagoela, eta gazteen arazoak, zaintza eta osasun sistema erdigunean jarri behar direla.

Ondoren, Mikel Oteroren txanda heldu zen. Pili, Fontso eta presoak bisitatzera joaten ziren bitartean hil ziren beste 14 lagunak oroitu zituen eta sakabanaketaren biktimak aitortu behar direla adierazita hasi zuen bere diskurtsoa.

Otero oso kritikoa izan zen EAJren kudeaketarekin eta Iñigo Urkullu Lehendakariari leporatu zion auzolanari buruz hitz egitea, baina akordioak ez lortzea. Zehazki, Urkulluri egotzi zion COVID-19ko krisialdian iniziatibarik ez izatea eta oposizioa zein sindikatuak ez entzutea. EH Bilduko hautagaiak adierazi zuen Osakidetzako eta hezkuntza sistemako langileek, garraiolariek edota garbitzaileek konpondu zituztela pandemiaren arazoak, Lehendakariak ez baitzuen lidergorik izan.

Horrez gain, aldaketa klimatikoa izan zuen hizpide Oterok eta EAJri aurpegiratu zion zilegitasunik ez izatea horri buruz aritzeko: "8 urte egon dira gobernuan eta ez dituzte CO2 isurketak murriztu. Horren ordez, AHT, errauskailuak, inork erabiltzen ez dituen errepideak eta porlana bultzatu dituzte". Aldiz, hautagaiak nabarmendu du EH Bilduk benetako aukera ekologikoak sustatu dituela udalerritan: "Horiek ondo daude, baina eskala aldaketa egin behar da eta horretarako gobernatu behar dugu."

Helburu hori betetzeko, Mikel Oterok aldarrikatu zuen ezkerreko boto guztiak erakarri behar dituela EH Bilduk.

Mezu bera errepikatu zuen Maddalen Iriartek. Lehendakarigaiak koronabirusaren ondorioz hil direnak edo gaitz hori sufritu dutenak omenduz hasi zuen bere hitzartea. Halaber, erantsi zuen Osakidetza, tamalez, ez dela jadanik antzina izandako puntako osasun zerbitzua, EAJk eta PSE-EEk egindako murrizketak direla medio.

Lehendakarigaiak adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa ez dela batere ona izan COVID-19 birusari aurre egiteko eta gogoratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak aitortu berri duela gobernu autonomoak arriskuan jarri zituela osasun sistemako langileak. Bide hori jarraiki, Iriartek azaldu zuen Euskadi estatu independentea izanez gero, Europako bigarren lurraldea izango litzatekeela hildakoen kopuruari erreparatuta, Belgikaren atzetik. 

Horren guztiaren aurrean, politikariak azaldu zuen EH Bilduk konpromisoak hartu dituela Osakidetza indartzeko, kalitatezko enplegua bultzatzeko, gazteen arazoei konponbideak bilatzeko, aldaketa klimatikoa ekiditeko, zaintza sistema publikoa ezartzeko eta nagusien egoitzen kontrol publikoa ziurtatzeko, hezkuntza sistema hobetzeko -ratioak aldatuta- eta euskararen alde egiteko.

Bukatzeko, Iriartek gogoratu zuen EH Bildun ez dela ustelkeria ezta indarkeria matxista onartzen eta aldarrikatu zuen EAJk ez bezala, erabakitzeko eskubidea bermatzeko iniziatibak hartuko dituela koalizioak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide