Vidralak 20 milioi euroko inbertsioa egingo du aurten Laudion, salmentak murriztu arren COVID-19agatik

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 6a, 10:30

Vidralako lantegia Laudion. / Aiaraldea.eus

Vidrala enpresak akziodunen batzarra egin zuen pasa den astean eta iragarri zuen 130 milioi euro inbertituko dituela bere azpiegituretan. Horietako 20 Laudioko faktorian izango dira.

Vidrala taldeak akziodunen batzarra deitu zuen ostegunean Laudion, eta aurtengo aurreikuspenak plazaratu zituen Carlos Delclaux presidenteak. Berez, enpresak espero du emaitzek okerrera egitea aurten. Izan ere, edarien esportazioen eta ostalaritzaren sektoreak bete-betean jo ditu koronabirusaren pandemiak eta hor zentratzen dira Vidralaren negozioaren bi herenak.

Vidralako zuzendaritzak azaldu du ekoizpena ez duela eten osasun krisialdian eta 9 langile besterik ez dituztela ospitaleratu

Ondorioz, zuzendaritzak uste du salmentak %5 eta %10 artean murriztuko direla eta etekinak, aldiz, %15 eta %25 artean.

Hala ere, batzarrak onartu zuen 130 milioi euroko inbertsioak egitea Italian, Erresuma Batuan, Portugalen eta Estatu Espainiarrean dituen azpiegituretan. Gauzak horrela, 20 milioi Laudioko lantegira bideratuko ditu.

9 langile ospitaleratuak

Vidralako arduradunek adierazi zieten akziodunei bere lantegiek ez dutela eten ekoizpena pandemian, ezta unerik txarrenetan ere. Aintzat hartu beharra dago Milanen eta Laudion, besteak beste, dituela lantegiak Vidralak. 3.500 beharginen artean, 9 ospitaleratuak izan ziren osasun krisialdian eta batek ere ez zuen zaintza berezien beharrik izan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide