Gloria Sanchez Eusko Legebiltzarreko Hauteskundetako Arabako zerrendaburua eta Cristina Gonzalez alderdiko Arabako idazkaria egon dira goizean Laudion ekitaldi politikoa eskaintzeko.
Prebentzio neurri zorrotzen artean egin dute agerraldia. Hasteko, Cristina Gonzalezek azpimarratu du COVID-19aren krisialdian eskuinaren estrategia tentsioa eta gatazka sortzea izan dela eta horregatik erakutsi duela zein atzerakoia den. Horren aurrean, zentzu guztietan, politikari sozialistak aldarrikatu du arazoei aurre egiteko modu egokiena akordioak lortzea dela.
Bestalde, Gonzalezek independentismoa kritikatu du eta adierazi du erronka globaletan Europar Batasuna ezinbestekoa dela. "Independentzia ez da lehentasuna, ardura larriagoak dituzte herritarrek", esan du.
Bere aldetik, Gloria Sanchezek behin eta berriro errepikatu du alderdi eraginkor bakarra egungo egoeratik ateratzeko PSE-EE dela: "Euskadin, Espainian eta Europan dauka eragina".
Sanchez "abenturazaleen" kontra agertu da eta azaldu du PSE-EE dela berme bakarra muturreko eskuinaren eta nazionalismoen kontra. Arabako zerrendaburuak argitu du herritarrak nekatuta daudela eta ez dutela gatazka gehiagorik nahi; ez identitateari lotuta, ez alderdi bereko kideen artean ezta erakundeen artean ere.
Zentzu horretan, honakoa ziurtatu du: "Gobernantza gauza serioa da eta sozialistek argi utzi dute kudeatzeko gai direla".