Hasteko, nor da Juanje Merchan?
Juanje Merchan bere udalerriarekin eta bere alderdiarekin konprometituta dagoen pertsona da. Orain PSE-EEko zinegotzia naiz, baina ez naiz horri esker bizi. Lana daukat, baina eguneko 24 orduko dedikazioa daukat nire karguari dagokionez.
Bereziki, nire helburua da herritarren bizi kalitatea hobetzea kudeatzen ditugun arloetan: ongizate gizartea, berdintasuna, hezkuntza eta garapen soziala. Biztanleriaren sektore guztiak zeharkatzen dituzte ardura horiek; haurrak eta jende nagusia barne.
Esparru profesionalean zorionekoa naiz, lana eta udal jarduera uztartu ditzaket eta. Udal Gobernu Taldean aritzea esperientzia apur bat gogorra izaten ari da, baina gogoko dut eta gozatzen ari naiz, gehienbat, ikusten dugunean proiektuek aurrera egiten dutela.
Gogorra izan arren, uste dut politikan egonez gero, lagungarria izateko aukera duzula gizartearentzat eta udalerriarentzat, gozagarria da.
Noiz erabaki zenuen politikaren lehen lerroan jartzea?
Ez zen erabaki azkarra izan. Politikan 6 urte egin ditut alderdian eta inoiz ez nuen pentsatu jauzia egitea. PSE-EEn sartu nintzen Laudion interesa sortzen zidalako eta nire familia historikoki sozialista izan delako. Nire gurasoen solasaldietan alderdia egon da betidanik eta baita familia osoan ere. Horrek eraman ninduen sartzera.
"Nire familia sozialista izan da historikoki eta horrek bultzatu ninduen politikan sartzera"
Gero agertu zen aukera Laudioko taldeko idazkari nagusia izateko. Onartu nuen, hautatua izan nintzen eta gauza batek bestera eraman nau. Udal hauteskundeetan proposatu zidaten zerrendaburua izatea, baiezkoa eman nuen eta eskuratu genituen bi ordezkariek ahalbidetu dute Udal Gobernu Taldea osatzea eta egonkortasuna ematea, beharrezkoa baitzen.
Urtebetea egin duzu ordezkari publikoa izanik, zein izan da zure esperientzia?
Positiboa. Ezin dut besteekin alderatu, lehenengoa baita. Udal Gobernu Taldean sartu naiz, gainera, moldatzeko tarterik gabe. Suposatzen dut oposizioan egotea oso bestelakoa dela, ardura handiak ditugu eta.
Aurten, zehazki, esperientzia anormala izaten ari da. Urtebetean pandemia agertu da eta oso gogorra izan da. Animoa oso aldakorra izan da. Hasieran baxua zen, udalerrian sortzen zen egoeragatik, eta gero, ikusita konponbideak emateko aukera genuela, hobea. Gaur egun oso esperientzia positiboa izaten ari da.
Araban 6. hautagaia zara zerrendan, nola baloratzen duzu Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa COVID-19ari dagokionez?
Krisialdiak agerian utzi du EAEko osasun sistemak pandemia modu eraginkorrean eta positiboan jasan duela. Horrek ez du esan nahi gabeziarik ez duenik, eta espero dut legealdi honetan konpontzea. Bai langile kopuruen aldetik zein Osasun eta Ongizate Gizarte Sailen arteko koordinazioari dagokionez.
PSE-EEk zerikusia dauka horretan, Patxi Lopezen garaian gauza garrantzitsuak egin baitziren osasun esparruan.
"Uste dut Eusko jaurlaritzak modu zuzenean kudeatu duela pandemia, Gobernu Zentralarekin koordinatuta"
Bestalde, pandemiak irakatsi digu krisialdietan indibidualismoak ez duela funtzionatzen eta nazionalismoak ez duela ezertarako balio mugekin zerikusirik ez duten arazoetan.
Ikusi da gobernantza partekatuaren ereduak funtzionatzen duela erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren artean. Bide eraginkorra izan da alarma egoerarekin batera normaltasun honetara heltzeko.
Laburbilduta, uste dut Eusko Jaurlaritzak modu zuzenean kudeatu duela krisialdia, Gobernu Zentralarekin koordinatuta.
PSE-EEk dituen proposamenen artean hauteskunde programan, zein da zure ustez azpimarratu behar direnak?
Nik ez nuke bakarra nabarmenduko. Alderdien programak saiatzen dira esparru guztiak barne hartzen. Ondorioz, esaterako, jende askorentzat ez da interesgarria izango merkataritzaren egokitzapena teknologia eta ohitura berrietara, eta beste batzuen interesekoa izango da pentsioen sistema publikoa aldarrikatzea.
Adibidez, gure programan dago 2020tik aurrera ekimen publikoa baliatuta, eraikitzen diren etxebizitza berriak %100ean alokairurako izatea. Etxebizitza Saila gure ardura da Eusko Jaurlaritzan eta hori da proposatzen duguna.
Edonola ere, gure programa biztanleria osora heltzen saiatzen da, konponbide jakinekin, eta ezin dut puntu bakarra goraipatu.
Zein da PSE-EEren helburua Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan?
Helburu nagusia irabaztea da, argi dago. Horrela izango ez balitz, inkestek iradokitzen duten moduan, irabazleak koalizioa sortu beharko du gobernatzeko.
Gure helburua, ondorioz, da herritarrei ziurgabetasuna ematea, eta bermea izatea erradikalismoa Eusko Jaurlaritzan sartu ez dadin; ezker independentistatik etortzen dena edo muturreko eskuinetik.
Norbaitek gurekin gobernatu nahi badu, PSE-EEk marra gorriak jarriko ditu. Adibidez, autogobernua defendatzea proiektu apurtzaileen aurrean.
Gure xedea da, lehenik eta behin, krisialdia jasaten duen jendearen erreskatearekin jarraitzea, osasun sistema publikoaren alde egitea eta konponbide jakinak proposatzea.
Zergatik bozkatu behar du jendeak PSE-EE?
Alderdi sozialistak erakutsi du azken hilabeteetan konponbideak bilatzeko erakundea dela. Pandemiaren kudeaketa da adibiderik gertukoena. Ezkerreko alderdi serio eta arduratsu bakarra da gurea. Gai da modu globalean erantzuteko inor atzean utzi gabe, pertsonei lehentasuna emanda.
"Alderdi sozialista da ezkerreko alderdi serio eta arduratsu bakarra"
Horren adibidea da azken hilabeteetan onartu diren neurriak. Interes orokorra lehentasunezkoa izan da alderdikerien aurrean, ez beste alderdiek egin duten moduan, epe motzean pentsatuta.
Gure programak ez du nahi esperimenturik, baizik eta ziurtasuna. Euskal gizartearen beharrei lotuta dago, alderdi abertzaleek dituzten gatazka identitarioetatik urrun. Nik borroka horiek konplexuetara lotzen ditut, pribilegioetara baino.
Gizarteak jakin behar du zein den bere lehentasuna: lehen edo bigarren mailako euskaldunak izatea, sailkatzen gaituztenen arabera (edozein arrakala erabilita interes partikularren mesederako herrialde osoan sortzen diren ondorioei erreparatu gabe) edo ezberdintasun soziala murriztea, lan iruzurraren kontrako bitartekoak handitzea, trantsizio ekologikorako akordioa bultzatzea, ekoizpen eta garraio eredua eraldatzeko, jasangarria izan dadin. Horregatik bozkatu behar dituzte gure zerrendak.