AMURRIOKO EPAITEGIAREN SENTENTZIA

"Badirudi ez dela eskubiderik urratzen biktimak EH Bilduko hautetsiak direnean. Alfredo Remirez edo Julen Ibarrola, aldiz, urtebetez espetxeratu zituzten inor eraso gabe"

Erredakzioa 2020ko uzt. 10a, 09:35
EH Bilduko Udal Gobernu Taldeko 3 kide 2015-2019 legealdian. / Aiaraldea.eus

Laudioko EH Bilduko aurreko Udal Gobernu Taldeak Aiaraldea Hedabidearekin hitz egin du 2019an jasotako mehatxuei buruz. EAJren jarrera salatu du, alkateak ez dituelako babestu, eta azaldu dute justiziak ez duela berdin esku hartzen mehatxatutako alderdi politikoaren arabera.

Aiaraldea Hedabidea harremanetan jarri da EH Bilduko aurreko Udal Gobernu Taldearekin atzo zabaldutako oharrari buruz mintzatzeko. Koalizioak egin zuen publiko Amurrioko Epaitegiak Ibon Aiz laudioarra zigortu duela koalizioko ordezkariak mehatxatzeagatik.

Lehenik eta behin, Aiaraldeak galdetu die zergatik erabaki zuten salaketa jartzea, ohikoa baitira irainak alderdien aurka eta, bereziki, EH Bildu koalizioaren kontra. Talde politikoko kideek argitu dute: "Mehatxu oso-oso larriak izan ziren. Hautetsion eremu pertsonalari eragiten zioten. Aintzat hartzeko modukoak. Zentzu horretan, marra gorri guztiak gainditu ziren eta salaketa jartzea erabaki genuen."

Justiziaren erantzun ezberdinak

Horrez gain, antolakunde subiranistako kideek nabarmendu nahi izan dute legeak ez duela berdin jokatzen alderdi guztiekin: "Badirudi ez dela eskubiderik urratzen biktimak EH Bilduko hautetsiak direnean."

Zentzu horretan, politika dela medio espetxeratutako zenbait aiaraldearren egoera oroitu dute: "Gogora dezagun Alfredo Remírez eta Julen Ibarrola urtebetez espetxeratu zituztela, inor erasotu gabe. Alfredo, esaterako, sare sozialetan Pablo Gorostiagari ongi etorria egiteagatik zigortu zuten"

Zehatz-mehatz, beste alderdi batekin alderatu dute egoera:  "Mehatxatuak EAJko alkate eta zinegotziak balira, argi dugu zigorra askoz gogorragoa litzatekeela. Justizia ez da berdina guztiontzat."

EAJrekin kritikoak

Azkenik, EH Bilduk hitz oso kritikoak izan ditu EAJrentzat, eta, bereziki, egungo Udal Gobernu Taldearentzat: " EAJren jarrera lotsagarria da. Alkateak ez du tutik ere esan. Ez da gugana zuzendu".

Horren ondorioz, koalizioko kideak oso minduta agertu dira: "EAJren isiltasuna oso adierazgarria da. Oso mingarria. Mehatxuak ingurumari jakin batetik etorri ziren eta hori bera da Laudioko alkateak eta EAJk babestu nahi dutena"

Bide batez, aurreko Udal Gobernu Taldean parte hartu zuten ordezkariek adierazi dute zein zen giro politikoa mehatxuak jaso zituztenean: "Eraso hauek 2015-2019 legealdiko EH Bilduren aurkako kanpaina egonkorrean kokatu behar dira. Sektore politiko batzuk EH Bilduren kontra edozerk balio zuela erabaki zuten".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide