Laudioko Tenis Udalekuak bertan behera utzi zituzten larunbatean, ume batek koronabirus proban positibo eman eta gero. Klubeko kideek Aiaraldea Hedabideari adierazi dionez, gaur-gaurkoz eri bakarra identifikatu dute, Aiarako bizilaguna.
70 proba baino gehiago
Kasuaren berri jakin ondoren aplikatu zuten Osakidetzako protokoloa jarduera eremuan. Udalekuak eten zituzten batetik, eta kide guztiei osasun probak bideratu bestetik. "Esker bereziak eman nahi dizkiegu positibo eman zuen umearen gurasoei horren azkar abisatzeagatik", azpimarratu du kideak. Larunbat goizean izan zuten horren berri, eta arratsalderako tenis udalekuko partaide guztiak jarri zituzten jakinaren gainean. "Guztira, gutxi gorabehera 70 haur eta 7 begiraleei egin zizkieten PCR frogak Laudion eta Amurrion".
Guztien emaitzak izan ziren negatiboak, ume batena izan ezik: "Positibo faltsua eman zuen bigarren ume batek. Bere gurasoek martxoan pasa zuten COVID-19a, eta horren ondorioz agertu zitzaizkion birusaren arrastoak". Alabaina, osasun froga zehatzagoak egin ostean, negatibo atera zen emaitza.
Behin-behinean isolatuta
Igande honetan -astebetera- egingo dizkiete bigarren osasun probak tenis udalekuko lagunei. Ondorioz, gaur-gaurkoz kasu bakarra dago, "eta horri ere asteburuan egingo diote proba berriro".
Ez da aste goxoa izan Laudio Tenis Klubarentzat. Egoeraren aurrean, ordea, jasotako babes andana eskertu dute: "Guraso guztiei batetik, eta udalari bestetik. Osakidetzako protokoloak oso arin funtzionatu du: ordu gutxian kide guztiei egin zieten proba, eta isolatzeko agindu".
Igande arratsaldean egingo zaizkie probak, baina klubetik lasaitasun mezua zabaldu dute.