Mercadonak Laudion saltokia irekitzeko prozesua, berriz abian

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 28a, 12:32

Tubacexlantegiaren eta suhiltzaile parkearen artean dago lursaila. / Aiaraldea.eus

Tresmarfil lantegia zegoen lursailean merkataritza-erabilerak baimentzea onartu zen atzo Udal Osoko Bilkuran. Jabeak urbanizazio proiektua aurkeztu beharko du, supermerkatu-katearekin ados jarrita. 

Tresmarfil lantegia zegoen lursailean merkataritza-erabilerak baimentzea onartu zen atzo Laudioko Udal Osoko Bilkuran, Hirigintza Ordenamendu Plan Orokorrean aldaketa eginda. EAJ, PSE-EE eta Omnia plana aldatzearen alde agertu ziren. EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen. 

Lursail hori da, hain zuzen, Mercadonak Laudion saltokia irekitzeko baliatu nahi duena. “Hirigune honek, bere kalifikazio urbanistikoa dela eta, mota honetako supermerkatu bat izan dezake”, azaldu du tokiko erakundeak, “Laudioko lursaila da Valentziako enpresaren itxaropenak betetzeko leku nahikoa duen bakarra, eta udalak espedientea ireki zuen atzo lurzoru industrialetik komertzialera aldatzeko, supermerkatu bat ireki ahal izateko”.

Modu horretan, jarraipena  eman zaio duela lau urte abiatutako bideari. “2016an, lursailaren jabeak kalifikazio-aldaketa eskatu zuen. 2018an, aldiz, Aldundiak Plan Orokorra aldatzeko aukera planteatu zuen”, oroitu du udalak, “azkenik, aldaketak gelditu egin ziren txikizkako merkataritzari eragiten dion legediaren aldaketagatik. Atzo hartutako erabakiarekin, tramiteak berriro hasiko dira”. 

Gauzak hala, orain eman beharreko pausoak jabearen eta supermerkatuaren artekoak dira. “Hemendik aurrera, lursailaren jabeak izango dira enpresarekin ados jarri beharko direnak lurzorua saldu eta denda irekitzeko”.

Udalaren aurreikuspenen arabera, “hilabeteak” itxaron beharko dira oraindik horretarako, atzo onartutako tramitearen “behin betiko onarpena” egitea falta delako oraindik.  “Ondoren, urbanizazio proiektua aurkeztu beharko du, udalak onartu beharko duena obrak hasi aurretik”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide