Antonio Oyarzabal musikari laudioarrak Euskalduna Jauregiko 0B gelara eraman zuen La musa olvidada ikuskizuna igandean. Esperientzia bikaina izan zen, bere aburuz: "100 lagun bertaratu ziren. Jende kopuru ona da, aintzat hartuta piano kontzertuetako jarraitzaileak nagusiak direla eta COVID-19aren arriskua eurentzat handiagoa dela".
Emanaldiak ordubete inguru iraun zuen eta hasieran harrituta geratu zen Oyarzabal: "sentsazio arraroa sortzen du jendea maskararekin ikusteak, eta euren arteko tartearekin. Euskalduna Jauregia oso zorrotza izan zen prebentzio neurriekin".
Edonola ere, sentimenduak gutxi iraun zuen: "Behin jotzen hasi nintzela, nire lanean zentratu nintzen eta beste guztia ahaztu nuen". Galdetuta ezberdintasun nabarmenik sumatu ote duen, musikariak argitzen du: "ez da berotasun bera sumatzen, jendearen aurpegia ezin baita ikusi. Hala ere, emanaldia bukatu zenean, jendea altxatu zen txaloka eta 'bravo!' oihuak entzun nituen".
Lehen kontzertua bakarlari moduan
Bilboko emanaldia baino lehen, Pirineos Classic jaialdian jo zuen Antonio Oyarzabalek, baina ez bakarlari moduan. Abuztuan La musa olvidada ikuskizunean batutako abestiak -emakume konpositoreena, hain zuzen- grabatuko ditu Granadan IBS Classical puntako diskoetxearentzat.
Gero Londresera itzuliko da eta, Erresuma Batuko Gobernuak irizpideak aldatzen ez baditu, 15 egun berrogeialdian eman beharko ditu eta, ondorioz, iraileko kontzertu bat bertan behera utzi beharko du.
Hala ere, urrian eta abenduan Euskal Herrian emanaldiak izango ditu berriro. Batean Ariadna Martinez sopranoarekin Julian Martinez Villaren abestiak joko dituzte eta bestean Gasteizko Astearte Musikatuetan arituko da.