San Roke Kofradiak argi eta garbi adierazi du COVID-19 birusaren pandemia hasi zenean jaietako bazkaria bertan behera uztea ebatzi zuela. Elkarteak hori argitu du zenbait hedabidek kontrakoa argitaratu ostean pasa den astean.
Jose Luis Navarro kofradiako maiordomoak azaldu du eredu ezberdinak baloratu zutela jarduera egiteko, baina ez zutela uste bermerik egongo zenik, "jende askok parte hartzen du".
Navarrok aurreikusi du aurtengo bazkaria ez ezik, egungo egoera ikusita, litekeena dela hurrengo urtekoa ere ez antolatzea: "Ez da ezer gertatzen. Laudioko historian gertaera larriak egon direnean, bazkaria ez da egin. Gerra Zibilean, esaterako. Osasun publikoa da garrantzitsuena."
Gainerako ekintzak
Birusaren zabalpena ekiditeko ohiko beste ospakizun batzuk ez ditu egingo kofradiak. Adibidez, San Roke ez dute igoko segizioan. Zehazki, furgoneta baliatu zuten asteburuan elizara eramateko. Meza eta pitxarren banaketa, ordea, mantendu egingo dute. Hain zuzen, Txani Rodriguez idazlea eta Luis Maria Uriarteren lana aitortuko dute. Uriarte arkitektoa da eta Txani Rodriguez idazlea eta kazetaria. Jose Luis Navarrok bereziki goraipatu du Rodriguezen ibilbidea: "idazle aparta da eta Agosto zein Los últimos románticos eleberritan gertuko arazoak landu ditu. Harro sentitzeko moduko Laudioko ordezkaria da”.
Emakume bat gehiago San Roke Kofradian
Aipatutako erabaki guztiak onartzeaz gain, San Roke Kofradiako batzarrak bi kide berri onartu zituen igandean egindako bilkuran. Bata gizonezkoa eta bestea emakumezkoa. "35 eta 40 artean dira egun emakumeak kofradian" adierazi du Jose Luis Navarrok.