MANUEL CANTERO

“Konfinamenduaren hasieran geratu nintzen kalean eta hiru hilabete eman ditut Gasteizko frontoian bizitzen”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abu. 11a, 10:45
Hiru hilabete igaro ditu Manuel Canterok Lakuako frontoian bizitzen. / DosporDos

Manuel Cantero laudioarrak hiru hilabete eman ditu Lakuako frontoian bizitzen, Gasteizen, beste hainbat etxegaberekin batera. Kanpin bateko bungalow-an dago orain. Bertatik kontatu dizkigu konfinamendua hasi zenetik hona bizitakoak. 

Konfinamenduaren hasieran geratu zen kalean Manuel Cantero laudioarra. Argia hedabideak artikulu-sorta bat egin zuen Lakuako (Gasteiz) frontoian zeuden etxegabeei buruz, eta bertan elkarrizketatu zuten laudioarra

Nola amaitu zuen Laudioko bizilagunak Gasteizen? Kalean geratu bezain laster Ertzaintzara jo zuen. “Jakinarazi nahi nien ez nuela etxerik, konfinamenduaren erdian kalean ikustekotan isunik jarri ez ziezadaten”, azaldu dio Canterok Aiaraldea hedabideari telefonoz, “eurek anbulantzia bat deitu zuten, nahiko estresatuta ikusi nindutelako, ezegonkor”. 

Poliziak eraman zuen Cantero Gasteizera. Aiaraldean ez dago etxegabeak hartzeko azpiegiturarik. Egoera horretan aurkitzen diren bizilagunek hiriburuetara jo behar dute nahitaez, aterperik nahi badute behintzat. 

Santiagoko ospitalera eraman zuten orduan, psikiatra batek balorazioa egin ziezaion. Hortik atera zenean Laudiorantz jo zuen, oinez. “Poliziek bidean gelditu eta gizarte laguntzailearengana bideratu ninduten. Ondoren, Gasteizko frontoira eraman ninduten, hori zelako egoteko zegoen toki bakarra”. 

Gauez iritsi zen frontoira, baina ez zuen bertan zeuden beste pertsonekin hitz egiterik izan, lotan zeudelako. “Hurrengo egunean, ordea, eurekin erlazionatzen hasteko aukera izan nuen”. Une horretan 30 lagun inguru zeuden bertan bizitzen, “baina konfinamendua amaitu zen unean 50 inguru izango ginen”. 

Oso errutina markatua zuten: “8:30ean jasotzen genuen gosaria. Gero, egon. 13:30ak aldera bazkaltzen genuen; 16:30ean askaria eta 20:30-21:00ak aldera afaria”. Horrela pasa ziren egun eta asteak. “Lehen hilabeteetan ezin zen frontoitik atera. Erosketak egiteko Gurutze Gorriko kideekin joan behar ginen”. Egoera “aspergarria” zen, Canteroren hitzetan, “baina batzuetan tailerrak edo ekintzak egiten genituen”. 

Une gogorrak bizi izan zituzten frontoian. Maiatzaren hasieran bertan zegoen etxegabeetako bat hil zen

Kide baten heriotza

Une latzak bizi izan zituzten, nolanahi ere.  Maiatzaren hasieran bertan zegoen 42 urteko emakume bat zendu zen. Argia hedabideak bere unean jasotako adierazpenen arabera, oso gaixo zegoen, eta ez zuen behar bezalako osasun arretarik jaso. “Oso gogorra izan zen, bizitako gauzarik latzena”, oroitu du Canterok. 

Laudioarrak Aiaraldea Hedabideari nabarmendu dionez, ez zuten udalarekin inolako harremanik izan konfinamenduak iraun zuen hilabeteetan zehar. “Gurutze Gorriak mugitu zuen dena. Udala ez zen agertu ere egin. Argazki bat egitera etorri ziren, eta ezer gutxi gehiago”.

Frontoitik kanpinera

Ekainaren 12ra arte egon zen Cantero frontoian bizitzen. “Orain hainbat tokitara eraman gaituzte”, azaldu du, “kanpin batera eraman ninduten beste hamar kiderekin. Hiru bungalowetan bizi gara”. 

Hala ere, Canterok azpimarratu du badaudela kalean geratu diren pertsonak ere, inolako baliabiderik gabe. “Ez dakit zein irizpide baliatu dituzten batzuei aterpea eman eta beste batzuei ukatzeko”.

Oraindik frontoian zeudela zabaldu zuten etxegabeek kalean ez uzteko aldarria. Prentsaurrekoa egin zuten Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterkeriaren Kontrako Ekimenarekin batera, egoera salatzeko. 

Bizitakoa “oso gogorra” izan da, Canteroren arabera, “malda gora egin zait uneoro. Baina etorkizunean gela bat izango genuela esaten ziguten, eta hori izan da aurrera egiteko indarrak eman dizkidana. Azkenean ez da gela bat izan, bungalow bat baizik, baina tira”. 

Beste faktore batek ere izan du eragina Canteroren bizipenetan: buruko gaixotasuna duela. “Hori dela eta apur bat gogorragoa egin zait dena”. Asasameko erabiltzailea izandakoa da laudioarra. Elkarte horrek behin baino gehiagotan aldarrikatu du eskualdean intentsitate handiko bizitoki bat jartzearen beharra, mota horretako osasun arazoak dituzten pertsonentzat. “Ni ez naiz inoiz horrelako pisu batean egon”.

Orain frontoian baino hobeto daudela aitortu du Aiaraldeko bizilagunak, “Gasteiztik apur bat urrun” egon arren.  “Kanpoaldean gaude, erdigunetik bospasei kilometrora”. Sei hilabete emango dituzte bertan, esan dietenaren arabera, “baina ez dakigu zehazki zer gertatuko den”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide