ERREPORTAJEA

Emakumeak eta San Roke Kofradia: presente 1599tik, baina bazkaria partekatzen 2010etik

Aitor Aspuru Saez 2020ko abu. 25a, 10:10

Emakumeek ere parte hartzen dute jaietako bazkarian jada. / Aiaraldea.eus

San Roke Kofradia ofizialki 1599an sortu zen ofizialki. Hasieratik emakumeei kofrade izateko aukera izan zieten, baina ez, ordea, bazkarian parte hartzekoa. Egoera hori mantendu zen 2010ean egindako aldaketa heldu arte. Esti Gorostiaga izan zen, zehazki, gizonezkoekin bazkaria partekatu zuen lehenengo emakume kofradea.

San Roke Kofradia 400 urte baino gehiago dituen erakundea da, eta ehunka kide ditu Laudion. Edonola ere, XXI. mendeko lehen hamarkadan eztabaidaren erdigunean egon zen, emakumeen debekua San Roke Eguneko bazkarian mantentzen baitzen.

 

Hautsak harrotu zuen egoerak, eta kofradiak berak konpondu zuen afera estatutuak aldatuta, baina une horretara heldu arte, ibilbide luzea eta gorabeheratsua egin zuen erakundeak.

 

Emakumeak hasieratik

 

Polemikak polemika, emakumeek kofradiaren lehenengo urratsetatik izan zuten aukera kofrade izateko. Juan Carlos Navarro historiazale laudioarrak hala dio: “Estatutuetan emakumeen eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak markatu ziren, garaiko ohiturei egokituta. Hala ere, ezberdintasun ugari saihestu ziren”.

 

Gauzak horrela, emakumezkoek erakundean parte hartzeko eskubide osoa izan dute: ospakizun erlijiosoetan edo bileretan. Gutxiago ordaintzen zuten izena emateko, eta urteko kuota ere merkeagoa zen eurentzat, baina, hori bai, debekatuta zuten San Roke Eguneko bazkarian parte hartzea, gizonezkoentzat derrigorrezkoa zen bitartean.

1599tik emakumezkoek San Roke Kofradian izena emateko aukera izan dute, baina debekatuta zegoen eurentzat bazkarian parte hartzea kofrade moduan

 

Esaterako, Juan Carlos Navarrok nabarmentzen du estatutuetan emakumeei maiz egiten zaiela erreferentzia eta, adibidez, 1715ko akta batean jasotzen da 39 emakumezko zirela kofrade.

 

Historiazalearen iritziz, San Roke Kofradia erakunde publikoak baino aurrerakoiagoa zen: “Batzalarringo aktetan, Laudioko hauteskundeak egiten ziren edo akordio garrantzitsuak adosten ziren tokian, inoiz ez zen aipatu emakume batek parte hartu zuenik”.

 

Iritzi horrekin bat egiten du Jose Luis Navarro kofradiako maiordomoak ere: “Arruntena zen emakume ezkonduek izena ematea, baina arrebak eta ezkongabeak ere bazeuden. Emakumeen presentzia irekiagoa zen Kofradian erakunde publikoetan baino. Edonola ere, garaiko egoera zen. Eliza barruan bazegoen erreforma mugimendua".

 

XX. mendean, emakumeen parte hartzea oztopo

 

Kofradiako maiordomoaren hitzetan, XX. mendean emakumeen egoerak atzera egin zuen erakundean: “Beti egon ziren emakumeak kofradian, baina ez dakigu zergatik, 1923tik aurrera utzi zioten izena emateari. Ez du oinarri juridikorik ez sozialik, baina hala izan zen”.

 

Emakumerik gabe igaro zuen kofradiak ia mende osoa, 1990. urtea heldu arte: “400 urteurrena heltzear zegoela, emakumeak sartzen hasi ziren berriro. Nahiz eta bazkarian ez parte hartu”.

 

2010ean emakumeak bazkaltzeko eskubidea

 

2008an herritar batek jo zuen Arartekora salatzeko emakumezkoek ezin zutela San Roke Eguneko bazkarian parte hartu, eta erakunde publikoak arrazoia eman zion, Berdintasun Legea aintzat harturik.

 

Dena den, Arartekoaren ebazpenak ez dira lotesleak, hortaz, kofradiak ez zuen betetzeko beharrik. “Berez, legalki ezin zen behartu emakumeen parte hartzea bazkarian”, azaldu du Jose Luis Navarrok.

Emakumezkoek San Roke bazkarian parte hartzeko bozketa egin zen 2009an, baina baiezkoak ez zuen babes nahikoa lortu

 

Garaiko San Roke Kofradiako batzordeak gaia eraman zuen 2009an batzarrera, eta nahiz eta %53ko gehiengoa eskuratu, emakumeen parte hartzea bazkarian bermatu behar zuen erabakiak ez zuen aurrera egin. Maiordomoak argitu du zergatia: “Zehazki, barne araudi arazoa genuen. Estatuetan edozein aldaketa egiteko beharrezkoa zen %75eko gehiengoak alde egitea”.

 

Kofradia katedradun batekin harremanetan jarri zen eta horrek azaldu zien legez ezin zela behartu aldaketa. “Lehenengo bozketa galdu eta gero, erakundeko batzordeak dimisioa aurkeztu zuen eta batzorde berria osatu genuen. Sartu berriok erabaki genuen jende guztia konbentzitzea, emakumeek bazkarian parte hartzeko. Gure ustez, kofradia eguneratu behar zen sozialki, baina ez legeak behartuta”, argudiatu du Jose Luis Navarrok.

 

Urtebetez emakumeen parte hartzearen kontra zeudenekin lanketa egin eta gero, 2010ean berriro bozkatu zen emakumeen partaidetza San Roke Eguneko bazkarian eta orduan %82ak babestu zuen erabakia.

 

Bidean eztabaida ugari egon ziren ez bakarrik kofradia barruan, baita erakundeekin ere. Maiordomoak oroitu du apaizekin eztabaida gogorrak izan zituztela aldaketa behartzeko: “Eskubide kanonikoarekin ikuspegitik muturreko neurriak hartuko zituztela esan ziguten ez bagenituen arauak aldatzen. Nork eta elizak, emakumearen sustapenaren aldeko erakundea ez denak. Gainera, gotzainak zuen eskumena %75eko kuota jaisteko, eta ez zuen egin aldaketa prozesu guztia amaitu arte".

 

Emakumeak mahaian

 

Horrela, 2010eko bazkaria heldu zen eta emakume bakarra ez, bik parte hartu zuten bazkarian. Jose Luis Navarrok gogoratu du nola izan zen: “2010ean bazkariko mahaiaren presidentzia moja bati egokitu zitzaion lehenengo aldiz, Sor Marinari, Laudioko Caritasen arduradunari, hain zuzen. Horrez gain, Pablo Gorostiagak idatzi zuen kartzelatik alabak parte hartzea nahi zuela esanez, eta bera izan zen lehenengo emakumea kofradiako bazkarian, kofrade moduan".

 

Geroztik, emakumeen partaidetza gero eta arruntagoa bilakatu da: “2010etik aurrera emakumeak apurka-apurka sartu dira, normaltasunez. Kofradeen artean zalantzak zeuden hasieran, batzuek ez zekiten zer suposatuko zuen bazkarian, baina inoiz ez da egon arazorik”. Are gehiago, urteren batean kofrade emakumezko berriek gainditu dituzte gizonezkoak.

 

Egoera normalizatu bada ere, Jose Luis Navarrok faltan botatzen du emakumezkoak zuzendaritza batzordean egotea: “Pena ematen dit batzordean ardurarik ez hartzeak emakumeek. Batzuek asko laguntzen dute, baina uste dut ekarpen interesgarriak galtzen ari garela".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide