KORONABIRUSA

COVID-19 birusaren 6 positibo egon dira JEZ enpresan

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 4a, 09:37

JEZ enpresan 6 positibo diagnostikatu dituzte. / Aiaraldea.eus

Kasuak gertatu direnean mantenuko langileak zeuden bakarrik fabrikan, eta espero dute birusa gehiago ez zabaltzea.

Aste honetan COVID-19aren 6 positibo detektatu dituzte JEZ enpresan. Lehen kasua azpikontrata baten behargin batean topatu zuten eta gainerakoak enpresako langileak dira.

Sindikatuek azaldu dutenez, gaixotutako lehen beharginak asteburuan eman zuen bere egoeraren berri. Horren ondorioz, berarekin harremanetan izan ziren lankide guztiei egin zieten PCR proba eta harreman zuzena izan zutenak etxean geratu ziren itxialdian. 

Kasualitatez, harreman ez zuzena izan zutenak lanera itzuli ziren eta horien artean gertatu dira beste 5 positiboak. "Hainbat egun behar du birusak garatzeko. Hortaz, ez dakigu zehazki nola eta noiz kutsatu den" erantsi dute sindikatuek.

Protokoloa bete da

ELAk zein LABek nabarmendu dute enpresak protokoloa bete duela uneoro. Izan ere, biek uste dute protokoloa ona dela. "Langileekin batera osatu da eta inbertsioak ere egin dira: komunetan, dutxetan, kafea hartzeko gelan, txanda aldaketen sarrera eta irteeretan edota tenperatura neurtzeko gailu digitalak jarrita", adierazi du LABeko ordezkari batek.

"Lantegiko zuzendaria oso konprometituta dago segurtasunarekin, lanpostuak desinfektatu ziren berehala, positiboen berri izan bezain laster. Zorionez, pasa den astean mantenu arloko langileak bakarrik zeuden fabrikan. Aste honetan hasi da langileen erdia beharrean eta laster beste erdiak egingo du", argitu du ELAko ordezkari batek. Guztira, enpresak 200 langile baino gehiago ditu eta bere jarduera, gehienbat, trenbideak ekoiztera bideratzen da.

"Lan sindikalean oztopoak"

Segurtasunaren esparruan JEZ enpresak egiten duen lana ontzat jotzen badu ere, LAB sindikatuak kritikatu du zuzendaritzak osasun krisialdia baliatu duela mugak jartzeko sindikatuei: "zuzendaritzarekin ditugun bileretan beharginen erakundeetako bi ordezkari bakarrik egon daitezke, eta horrek guztion galderak egiteko arazoa da, oztopo bat da gure lana egiteko. Segurtasuna da aitzakia, baina alternatibak bilatu daitezke langile batzorde osoak parte hartzeko batzarretan", salatu du LABek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide