Birkit gitarjole eta abeslariak bihar emango du lehen kontzertua bere taldearekin. Laudioko Abasto plazan izango da hitzordua 20:00etan Faktoria Arrastiak ekimenaren barruan.
Egitasmoko aurreko bi kontzertuak (Esne Potak eta Peru Galbeterenak) bertan behera geratu ziren, Laudioko Jaien datekin kointziditzen zutelako eta data horietan toki publikoetan ekimenak egiteko baimen guztiak bertan behera geratu zirelako. Larunbat honetakoa izango da zikloaren azken emanaldia. Beti bezala, tokiko jakiak eta edariak dastatzeko aukera emango du Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Ekonomatuak.
Bere aldetik, Birkit musikariak atzerriko folk eta rock independenteak zipriztindutako abesti sorta eskainiko du. Bere taldea lideratu baino lehen, Birkitek gitarra klasikoko ikasketak egin zituen. Gero soinu elektrikoan murgildu zen eta bi taldetan militatu zuen (Eorann eta Red Carmine) noise-rock, post-rock eta shoegaze generoak landuta.