IDOIA SORIANO

“Koronabirusak %100ean baldintzatu du nire bizitza”

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 20a, 07:00
Martxoan gaixotu den Idoia Soriano Escubi. / I.S.E.

IDOIA SORIANO ESKUBI (Urduña, 1978) Euskal Herriko koronabirus sintoma jarraituen elkarteko kidea da. Desinformazioa medio, hilabeteak igaro ditu COVID-19 birusak eragindako sintomekin.

Koronabirusa aspaldi harrapatu zenuen, baina hilabeteak igaro arren, zure gorputzean jarraitzen du. Zelan zaude?

Gaur-gaurkoz ez nago ondo, esango nuke hasieran baino okerrago nagoela. Hasierako sintomekin jarraitzen dut, eta gehiago agertu zaizkit. 15-20 eguneko zikloak ditut sukarrarekin, eta geroz eta gutxiago dira ondo sentitzen naizen egunak. Sukarrik gabe nagoenean pixkat bizi naiteke, uneotan, beraz, bizi gutxirekin nago.

Noiz jakin zenuen COVID-19 birusa zenuela? 

Koronabirusa nuela bigarren egunean jakin nuen, nahiz eta pittin bat beranduago frogatu zuten. Izan ere, otsaila-martxoan ez zekiten oraindik COVID-19a zer zen. Ito sentsazioa edo eztula ez nituen oraindik, baina bai usaimen eta dastamen falta. Horregatik, koronabirusa zela jakitea errazago egin zitzaien medikuei. 

Nolakoa izan da osatze prozesua?

Gaur egun, ez da existitzen errekuperazio prozesurik, hobetu ordez okertzen goaz. Hasiera batean kortisona tratamendua jarri zidaten. Hobekuntza nabaritzen nuen, baina hartzeari uztean egoera berdinera itzultzen nintzen. Barne medizina hori ezinbestekoa zela esan zidaten, ordea, nik uste nuena baino okerrago bainengoen. 

“Sei hilabetean 42 urteko kirolaria izatetik ezer egiteko gai ez izatera igaro naiz”

Asteek aurrera egin ahala, sintoma berdinekin jarraitu duzu. Zenbateraino, edo nola baldintzatu du koronabirusak zure egunerokoa?

Koronabirusak guztiz baldintzatu du nire bizitza, %100 esango nuke. Ezin dut lehengo bizimodua egin. Oso egun gutxi dira -momentu honetan- gorputzak zerbait egitea ahalbidetzen dizkidanak. Fisikoki mugatu nau, gaixo bainago. Eta, nire egunerokotasunean ezin naiz lehen bezala pertsonekin erlazionatu. Akaso, ni izan naiz beldurra hartu dudana: pasatakoak pasata, eta gaindituko dudan jakin gabe, izutu egiten nau jendea kutsatzeak. Komentatu zidatenez, birusaren beste zepa bat hartuko banu edota hori beste norbaiti pasako banio (hipotesia da, ez dago jakintzarik), oso egoera konprometituan egongo nintzake. 

Egia esan, asko dira nire bizitzan jasandako aldaketak: oso pertsona aktiboa nintzen lehen, eta gaur egun ez naiz gai zutik 3 ordu baino gehiago egoteko; eta 3-4 orduro sofan atsedena hartu edo lo-kuluxkak egin behar ditut. Horrez gain, badira egunak altxatzeko kapaz ez naizenak: gertatu izan zait janaria prestatu eta ondoren ontziak ezin garbitzea, atsedena hartu eta indarberritu arte.

Euskal Herri mailan eritasun iraunkorra duzuen asko zaudete. Elkartea sortu duzue. Zein helbururekin?

Ez da elkartea, kolektiboa baizik. Elkartea eratzea da gure asmoa, baina. Emakume batek abiatu zuen ekimena, gaixorik baitzegoen. Ordurako Madrilen, Andaluzian eta Bartzelonan baziren mota honetako eragileak. Horregatik, Madrileko taldearekin harremanetan jarri zen, eta apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran sortu zuen taldea. Pixkanaka, gure kabuz ikertzen ari ginen lagunak batzen joan ginen, bagenekielako gure egoeran jende gehiago zegoela. Kalkulatzen denez, COVID-19 gaixoen %10 geratzen da sintoma jarraiekin. 

Euskal Herriko kolektiboan 50 bat lagun gaude, baina ikusgarritasuna eta oihartzuna handitu ahala hazten ari da. Telefono pertsonaletara deitzen gaituzte ingurukoek, hilabete batzuk antzeko egoeran daramatzatelako. Kolektiboko gehienok 5-6 hilabete daramatzagu sintoma etengabeekin. Gure helburu nagusia gaixotasunaren inguruko informazioa ezagutaraztea da. Askok PCR negatiboak ditugu, eta tarteka osagile batzuek ez gaituzte COVID-19 kutsatu gisa hartu. Hori guretzat atzerapausoa da, bestela egunero zerotik hastea da guretzat. Diagnostiko falta dugu, eta hori ere arazoa da guretzat.

“Gaur egun, ez da existitzen errekuperazio prozesurik, hobetu ordez okertzen goaz”

Ikertzea ere ezinbestekotzat dugu, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu edo partida gehiago bideratu behar ditu azterketetara. Diotenez, Gurutzetan 2021eko urtarrilean ikerketa egingo dute, baina oraindik asko falta da. 

Bestalde, Osakidetzaren partetik arreta egokia jaso beharko genuke, osasun jarraipena barne. Edota errekuperaketa, behar duten pertsonentzat. Horrez gain, egoera berean zenbat gauden jakin nahiko genuke, gure datuak gurekin harremandutakoenak bakarrik baitira. Protokoloak ezarri behar dira, eta post-COVID unitateak; beste toki batzuetan dauden bezala.Beste barne unitate batzuk kolapsatzera iritsi gara post-COVID eriak hemen.

Funtsean, osasun zentroetan langile gehiago behar dira, eta horretarako baliabide ekonomiko gehiago. Guzti hori lortzeko borrokan jarraitu behar dugu. 

Zer diote ikerketek edo osasun adituek zuen egoeraren inguruan?

Printzipioz, oso ikerketa gutxi daude COVID-19 jarraituaren inguruan. Horrenbestez, ez dakite zer gertatzen zaigun. Horregatik, hipotesiak formulatzea da adituek egiten dutena, baina oinarri zientifiko edo esperimentalik gabe. Denetarik aipatu da: COVIDa zeluletan izan dezakegula, nerbioetan, prozesu inflamatorioa izatea… Baita gorputzean ez izatea, eta hondatutako zelulen ondorioz ateratzea ere. Denak dira hipotesiak, ordea; ez dago gauza argirik dioen ikerketarik. Horregatik diogu oso garrantzitsua dela ikertzea: zergatik gaude hainbat pertsona sintoma jarraiekin? Zergatik ez dute gorputz guztiek gainditzen? Ezinbestekoa da ikerkuntzan inbertitzea.

Osasun sistemak “gainezka” dauden garaiotan, ba al da gaixotasuna gainditzeko modurik?

Ezin da jakin. Nik behintzat, inguruan ikusitakoarekin, kaltetuta edo ondorioekin jende asko geratu garela uste dut. Portzentaje altuez ari gara, baina ez dugunez diagnostiko edo tratamendu zehatzik, arazo handiak ditugu. Gainera, gutako zenbait martxoa aurretik hasi ginen sintomekin, eta ez ginen ospitaleratuak izan protokoloak -nire kasuan behintzat- adina edo osasun egoera hartzen zuelako aintzat ingresatua (edo ez) izateko. Gure PCR frogak negatiboak izanik, are gehiago konplikatzen du gure trataera. 

Niri, esaterako, lehen sintomak egin nituenetik 45 egunera egin zidaten lehenbizikoz froga. Bigarren azterketa 130 egunera izan zen, beraz, ezinezkoa da positiboa ematea. Orain, egia da froga gehiago egiten dizkigutela, baina asko atzeratzen ari da kontua. Badirudi urrun dagoela gaixotasuna gainditzeko modua oraindik, horretarako lehenbizi gure gorputzetan zer gertatzen den jakin behar baitute. Ez da posible horrenbeste egunez sukarra izatea. 

Zoramena ari da izaten: iragan astean aurpegian neurosia atera zitzaidan eta mandibulan, begian.. eragin zidan. Oso zaila da jakitea zer gertatzen zaigun, diagnostikoa osatzea, eta aurre egiteko tratamendua zehaztea. 

"Kolektiboan uneotan umeak ere badira, beraz, atera kontuak. Tristea da, baina ez dago inor koronabirus arriskutik salbu"

Eskualdean ba al da zure kasuaren antzekorik?

Bai, noski. Kolektiboan gutxi gaude, 3 edo 4, baina nik ezagun asko ditut, eta horietako asko egoera prekarioan daude. Alabaina, pertsona batzuk lana galtzeko beldurragatik-edo, lotsa dutela iruditzen zait. Nire sentsazioa hori da, inguruko 10 lagunekin hitz eginda, COVID-19a pasa arren gaur-gaurkoz nire moduko sintomekin jarraitzen dute. Bihotz edo giltzurrun arazoak, ilea galtzea… denetariko ondorioak ezagutu ditut. Espero dut jendeak eragilea ezagutu ahala pausoa ematea. 

Egoera berdinean dagoenak, medikuarenetik harago, nora jo dezake laguntza eske?

Posta elektronikoa dugu: covidpersistente.euskalherria@gmail.com, baita Facebook (Covid Euskal Herria) eta Twitter kontuak ere (CovidEuskal). Jendeak kontaktatzea eta jarraitzea inportantea da; oro har, arreta faltan gaude eta elkarrekin beti da errazagoa borrokatzea. Lagun asko daude etxeetan sartuta, edota osasun eta medikuntza sistema pribatuetara jotzen. 

Osakidetzak artatzea behar dugu, eta kolektiboak zure egoeran jende gehiago dagoela jakitea eta pertsona horiek ezagutzea ahalbidetzen du. Kolektiboa ezagutu aurretik, zoratuta nengoela pentsatzera iritsi nintzen, gertatzen ari zitzaidana ez zelako normala. Medikuek -are gehiago gaixoak gazteak izanda- ez dakite zer gertatzen zaigun, eta garai hartan ez zitzaigun PCR froga egiten. PCR negatiboekin gure gorputzaren egoera eta sentsazioak azaltzea hiru aldiz zailagoa da, desgaste psikologiko izugarria eragiten du. Etengabe borrokatu behar dugu sinistu gaitzaten. Horregatik da garrantzitsua kolektiboa, kasu kalkatu asko baitaude, eta burua galtzen ari ez garela ikusten laguntzen digu, inork ez baititu zalantzan jartzen gure sintomak edo egoera. 

Osasungintzan jasotako arreta behar bezalakoa izan al da?

Barne Medikuntzako nire medikuak ez nau besteek bezala ikusten: nire moduko kasu gehiago landu ditu. Pixkanaka frogak egitea da kontua, ez toraxeko 5 plaka egitea, beste 30 eriri ere ez dienean ezer konpondu. Zuzenean birika ekografia edo TACa egitea izan daiteke soluzioa, adibidez. Horregatik, Espainiako mediku familien kolaborazio elkartearekin harremanetan gaude. Bertan daude COVID-19a jasan duten zenbait mediku, horietako batzuk gure egoera berean daudelarik. Inkestak sortu dituzte kalte hauekin gaudenontzat, medikuek sintomatologien berri izan dezaten, lana errazteko. Ikerketa fase honetan odoleko  PCR frogei ekin diete. 

Oraindik ez dago fidagarritasuna ziurtatuta, edo akaso garestiegiak dira, baina guri asko erraztuko liguke bidea: birusa odolean topatuko baligute jendeak ez luke zalantzan jarriko, eta gure egungo egoera COVID-aren ondorio izan daitekeela frogatuko litzateke. Espero dugu momenturen batean Osakidetzak baloratu eta abiatzea.

Pandemiaren edo zure gaixotasunaren amaiera ikusten al duzu?

Ez. Nire gaixotasunari ez diot amaiera ikusten. Badut sendatzeko esperantza, baina urrun gaude oraindik. Gure kolektiboan ez dago inor oraindik guztiz ondo, eta beraz, ez dugu hori pentsatzeko aurrekaririk. 

Pandemiaren bukaera, ordea, espero dut baietz, laster heltzea. Horretarako, baina, kontu handiagoarekin ibili behar dugu. Ez da adin kontua: kolektiboaren batazbesteko adina 35 urtekoa da. Edonori egokitu dakioke birusaren kalte jarraitua. Guzti honen amaiera ikerketa edo txertoen baldintzapean dago, farmazia industriaren negoziotik harago. Gizarte gisa, baina, gure esku dagoen guztia egin beharko genuke.  Kutsatu nintzen egunean hori ekiditeko zerbait egin banezake -maskara jarrita, eskuak garbituta edo distantzia mantenduta- zinez konpentsatuko lidake bizitzen ari naizena. Pasatzen ari garena oso gogorra da. Oxala guzit hau laster amaitzea eta Gurutzetako ikerketak emaitza onak ematea. Ni behintzat baikorra naiz, denok sendatzea eta bitxoa desagertzea espero dut.

“Eskualdean badaude nirea bezalako kasu gehiago. Nik ezagun asko ditut, eta horietako asko egoera prekarioan daude”

Herritarrei arduraz jokatzeko deia luzatzen zaigu uneoro. Zein mezu helaraziko zenieke zuk?

Gure egoeran baleude, koronabirusa ez harrapatzearen garrantziaz jabetuko lirateke. Bada gripe gisa pairatzen duen jendea, baina baita gu bezala geratzen dena ere. Kolektiboan uneotan umeak ere badira, beraz, atera kontuak. Tristea da, baina ez dago inor koronabirus arriskutik salbu. Zentzu horretan, galderan diozun moduan, jendeari arduraz jokatzeko deia luzatzen diot: maskara erabili, eskuak garbitu eta bermatu distantziak; hau ez da inolako broma, oxala gripea soilik balitz.

Eta erakundeei?

Arreta egokia jaso ahal izateko giza baliabideak handitzea, eta bereziki, ikerkuntzara baliabide ekonomiko gehiago bideratzea. Protokolo berriak sortu behar dira, postcovid unitateak… Diagnostikatzea oso garrantzitsua da guretzat, odolezko PCR froga egitea abiapuntua izan daiteke guretzat. Birusa gugan dagoen jakitea guretzat aurrerapauso handia litzateke. Nire ustez, osasun sistema uneotan pobre eta kolapsatuta dago, ezin dute gehiago egin. Medikuak ez dira egoeraren errudunak, gobernu eta instituzioak baizik. Diru gehiago inbertitu behar da osasunean.

Bestalde, inportantea da covid jarraituaren kasu kopurua jakitea. Gure datuak eta eurenak ez dira berdinak, inondik inora ere. Interesgarria litzateke kopuru horiek aditzera ematea.

Euskal Herriko kolektibotik, zeintzuk dira aurrera begira dituzuen asmoak?

Ez existitzea, horrek sendatu garela adieraziko luke eta; edota egoki tratatzen gaituztela. Oso zaila dirudi, ordea. Beraz, gure aurreikuspena borrokatzen segitzea da aitortza eta ezagutza izateko. Ez da posible bere garaian arreta desegokia jasatzeagatik orain horrelako ondorioak pairatzea. Ikertzen eta diagnostikatzen jarraitzea behar dugu, jarraipena eta errekuperaketa bermatzeko horren beharra duenari.

"Ez existitzea da gure kolektiboren xedea, horrek sendatu garela adieraziko luke eta"

Pertsonalki, nola eragin dizu egoera honek?

Negatiboki. Ni ez naiz duela 6 hilabeteko bera. Asko gustatzen zait mendira joatea, edo parapentean ibiltzea, nire zaletasunak dira. Aukera izango banu, uda honetan ez nintzake geldirik egongo. Fisikoki eta emozionalki izugarri eragin dit: beldur eta tristezia une asko pasa ditut. Gaur-gaurkoz, indartsuago sentitzen naiz (akaso horrela bizitzeko prestatu naizelako), baina otsailetik asko aldatu da nire bizitza, 6 hilabeteetan 42 urteko kirolari izatetik ezer egiteko gai ez izatera igaro naiz; egitekoak dosifikatu behar ditut orain indarrak izateko. Ez naiz kapaza ordu erdiko paseoa emateko ere. 

Eta zure inguruari?

Niri beste. Nire lagun eta familiari ez zaio ni horrela ikustea gustatzen, logikoki. Laguntzen saiatzen dira, baina zaila da egoera bizi ez duena gure lekuan jartzea. Ni zorionekoa eta aberatsa sentitzen naiz, hala ere: ez zait babesik falta, bisitan edo errekaduekin etortzen zaizkit, edo hitz egiteko deitzen naute. Oso pozik nago nire lagun, familia eta inguruarekin zentzu horretan. 

Kolektiboan bada hain soziala ez denik ere, eta oso tristeak dira kasu horiek, lagun edo senide gutxi dituenarentzat oso nekeza da ondo ez gaudela etengabe entzutea eta laguntzarik ez jasotzea. Gaixotasun luzea izan duenaren ondoan egon denak ondo daki zer den hau.

Amaitzeko, bada azpimarratu nahi duzun beste ezer?

Jende solidarioari eskerrak eman nahi nizkioke, nekaezinak izateagatik. Bestalde, norbere eta ingurukoen osasunarengatik kezkatzen direnak ere izan nahi nituzke gogoan, oso arduratsuak baitira. Eta, nola ez, nire lagun, parapente kide  eta familia ere, mundua horrelako jendearekin hobea izan daiteke. Beraz, aurrera! Guzti horrek animo eta indar asko ematen dizkit borrokan jarraitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide