UNAI ALBIZUA

"Meho Kodroren deiak eman zidan bultzada Stade Lausanne-Ouchy klubera etortzeko"

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 16a, 07:00
Unai Albizua talde berriarekin entrenatzen. / U. A.

Jokalari laudioarrak azaldu du erabakigarria izan zela Meho Kodro entrenatzailea Suitzara joateko. Asteburu honetan hasiko da txapelketa eta aurredenboraldi laburra egin arren, uste du taldea prest dagoela.

2020/2021 denboraldia Suitzako Stade Lausanne-Ouchy klubean emango du Unai Albizua futbolariak. Bere erronka 1. mailan aritzeko sailkapena eskuratzea izango da, 2. maila utz dezan taldean.

Suitzan lehen aldiz

Albizuaren lehenengo esperientzia izango da Estatu Espainarretik kanpo futbol profesionalean, baina espainiar ligetan egoera zein den ikusita, laudioarrak erabaki zuen urrutira joateko atea ez ixtea. Hala ere, Meho Kodro entrenatzailearen esku hartzea ezinbestekoa izan zen erronkari baiezkoa emateko: "Nire agenteak esan zidan Mehoren anaiarekin hizketan zebilela -harreman ona izan dute betidanik- eta ea Suitzara joateko interesa nuen galdetu zidan. Atzerrira joateko ateak irekita nituenez, baietz erantzun nuen. Hortik aurrera klubarekin hasi ginen hizketan. Sinatu baino lehen, zenbait zalantza nituela, Mehok berak deitu zidan. Bere deia izan zen erabakia hartzeko bultzada eman zidana".

Herrialde berrira egokitzen

Jokalari laudioarrak ez du ezkutatu dudak bazituela, dena den, Suitzara jotzeko orduan: "Heldu baino lehen ziurgabetasuna izan zen gehien sentitu nuena. Hizkuntza ezberdina, kultura ezberdina, futbolera jokatzeko era ezberdina, txapelketa berria... Baina sentsazio horrek pixkanaka alde egin du. Taldeko partaide guztiak, entrenatzailea barne, edozertarako prest daude".

Are gehiago, Meho Kodro entrenatzailearekin duen harremana nabarmendu du Albizuak. Real Sociedad edo FC Barcelonako jokalari ohiarekin ondo moldatzen ari da:  "Oso harreman ona daukat. Nitaz asko arduratzen da eta hizkuntza bera ezagutzeak asko elkartzen gaitu. Taldekideekin ingelesez hitz egiten dut, nahiz eta badagoen baten bat gazteleraz ulertzen duena. Aurredenboraldi laburra izan arren oso ondo prestatu gara eta asteburu honetan liga hasiko dugu. Printzipioz itxura oso ona dauka proiektuak eta izugarrizko gogoak ditut txapelketa hasteko".

Mugak zeharkatzen

Suitzako ligan arituko bada ere, Unai Albizuaren etxebizitza Estatu Frantziarrean dago, berez: "Frantzian bizi naiz. Divonne-les-Bains da herriaren izena. Herri txikia da, 9.000-10.000 biztanlekoa, baina oso polita. Egunero muga zeharkatzen dut Lausannera joateko. 35 minutuko bidaia da. Geneva gertuago daukat, 25 minutura. Herri honetan bizitza lasaia da, batez ere astelehen eta astearteetan, denda asko itxita daudelako. Ostiraletan eta bereziki igandeetan herri osoan azoka jartzen dute eta inguruko herri eta hirietatik jende asko dator".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide