EH Bilduk Laudioko Udal Gobernu Taldeari leporatu dio lan istripuen protokoloaren onarpena atzeratzea

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 29a, 11:17

Gaurko agerraldiaren irudia. / Aiaraldea.eus

EH Bilduk uste du, zorionez, behingoz onartu duela Laudioko Udalak protokoloa lan istripuei erantzuteko. Baina, koalizioaren ustez, gehiegi atzeratu da, EAJk eta PSE-EEk ez diotelako gaiari goiz heldu.

Prentsaurrekoa eskaini du gaur Laudioko EH Bilduko udal taldeak. Izan ere, atzoko udalbatzan onartu zen aho batez lan istripuei buruzko protokoloa. "EH Bilduren ekimena izan da protokolo hori osatzea. Gogoratu nahi dugu otsailaren 24an Laudioko Udal Osoko Bilkura egiten ari ginen bitartean, langile batek istripua izan zuela Zorroza Gestión de Residuos enpresan. Gu udalbatza aretoan geunden bitartean, enpresako arduradunak istripua estaltzen saiatzen ari ziren".

Aintzat hartuta aurrekari horiek eta hilabete gutxiren buruan 4 langile hil zirela Laudion zein ingurutan, EH Bilduk proposatu zuen lan istripuei erantzuteko protokoloa adostea, "Laudioko Udalak ahalik eta lasterren erantzun diezaien lan istripu larriei".

Atzo onartuta

Koalizioak gaineratu du bere proposamena lantzeko 7 hilabete behar izan dituela Udal Gobernu Taldeak. Jose Mari Gutierrez EH Bilduko zinegotziaren aburuz, hilabete horiek tarte luzeegia dira eta hori ezin zaio COVID-19ari leporatu.

Gutierrezen aburuz, EH Bilduk nahiago lukeen langileen alde lerrokatuko litzatekeen protokoloa: "ezin da istripua pairatzen duena horren arduradun bilakatu. Gure proposamena zen informazio erreferentzia langileetatik hurbilen dagoen iturria izatea. Hau da, sindikatuak edo enpresa batzordea".

Hala ere, aho batez onartu denez, pozik agertu da koalizioa. "Espero dugu indarrean sartzeko beharrik ez izatea inoiz", gaineratu du zinegotziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide