Otsailean Guardian Automotive eskuratu eta gero, Parter Capital Groupek 5 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du Laudioko langileekin. Enpresa batzordeko kide batek Aiaraldea Hedabideari azaldu dio hornitzaileekin kontratua sinatu dutela jadanik eta 2021eko udazkenean dena abian egotea espero dutela.
3 instalazio berri
Sindikatuek argitu dute dirua 3 azpiegitura berri jartzeko balioko duela: garbilgailua, laminazio lerroa eta ikuskatze sistema berria. Berez, garbigailua izango da berrikuntza. Tresna horrek beira hobeto ekoizteko balioko du, emaitza hobeak izateko eta kostuak murrizteko.
Lamizazio lerroan, aldiz, dagoen sistema ordezkatu eta modernizatuko dute. Akats gutxiago izango du produktuak horri esker.
Azkenik, ikuskatze sistemak ere berrikuntza ekarriko du. Orain 3 langilek dute ardura hori. Eurak arduratzen dira beira ondo dagoela ziurtatzeaz. Instalatuko den bitartekoa, ordea, automatizatua egongo da eta inteligentzia artifiziala baliatuko du.
Lanpostu berririk ez
Inbertsioak enplegu gehiago sortuko ez badu ere, enpresako sindikatuak oso pozik daude erabakiarekin: "Uste dugu proiektu ekonomikoa Laudion errotzeko modua dela, herriaren eta eskualdearen mesederako. Egia da lanpostu berririk ez duela ekarriko modu zuzenean, baina bezero berriak lortzen baditugu, ekoizpena handitu daiteke eta, ondorioz, baita kontratazioak ere".
Guardianen inbertsiorik ez
Langileen ordezkariek ere azpimarratu nahi izan dute erabakia ez duela Guardianekin zerikusirik: "Guardianek enpresaren zati hau saldu zuen eta urteetan ez du inbertsiorik egin. Egia da oraindik Guardian Automotive deitzen dela marka, baina merkatuagatik da".