Oposizioa “sistematikoki” isilaraztea leporatu dio Omniak udal gobernuari, “Laudion garbi baten alde” aurkeztutako mozioak direla eta

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 4a, 18:05

Omniako kideak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

EAJk 2015ean aurkeztutako mozio baten kopia aurkeztu zuen Omniak udalbatzan, udal gobernuak opozisioaren proposamenak beti isilarazten dituela salatzeko. 

Prentsa oharra plazaratu du Omniak iragan asteleheneko Udal Osoko Bilkuran jazotako gertakari bat dela eta. Alderdi laudioarrak mozioa aurkeztu zuen udalbatzan, “Laudio garbia” aldarrikatzeko. Izan ere, talde politiko horretako kideen ustez, udalak “ezer gutxi” egin du alor horretan legealdiko lehen urtean.

Horren aurrean, udal gobernua “betikoa” egitera mugatu zen, Omniaren aburuz: “mozioa alternatiboa aurkeztea eta duen gehiengoa baliatzea hori inposatzeko. Hain ohituak daude modu horretan funtzionatzera ez ziotela gure idazkiari behar bezala erreparatu”. Izan ere, opozisioko taldeak aurkeztu zuten mozioa “EAJk aurreko legealdian aurkeztutako beste baten kopia” zen.

Gauzak hala, Omniako kideen aburuz, argi geratu da zein den udal gobernuak duen funtzionatzeko modua. Opozisioko taldeak isilarazi nahi izatea leporatu diete EAJ eta PSE-EEri.

Horrez gain, gertatutakoak beste gauza bat frogatzen duela ere nabarmendu dute: “EAJk oposizioan dagoenean gauza bat esaten duela eta gobernuan dagoenean, aldiz, beste bat”.

Izan ere, EAJk 2015ean aurkeztutako mozioak udalean jartzen zuen herrian dauden pintaketak ezabatzeko ardura. Astelehenean aurkeztutako mozio alternatiboan, ordea, “eraikin pribatuen jabeengan” jarri zuten EAJk eta PSE-EEk erantzunkizuna, Omniaren ustez. 

Alderdiko kideek onartu dute udal gobernuak diru partida batzuk zehaztu dituela aurrekontuetan garbiketa zereginetarako, baina ekintza horiek “berandu” datozela gaineratu dute. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide