COVID-19 birusaren 3 positibo egon ziren atzo Laudion

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 14a, 12:44

Laudioko anbulatorioa, duela aste batzuk eginiko irudi batean. / Aiaraldea.eus

Osakidetzak ez zuen kutsatu gehiagorik erregistratu atzo Aiaraldea osoan. 

Osasun sistema publikoak jakinarazi du atzo koronabirusaren 3 kasu berri agertu zirela Aiaraldean eta hirurak Laudion izan zirela. Egun bakarrean ia aurreko 4 eguneko kopuruaren erdira heldu da Aiaraldea. Izan ere, ostiraletik igandera 5 gaixo berri identifikatu zituzten Laudion bertan eta beste bana Amurrion eta Urduñan.

EAEko egoerari erreparatuta, ordea, atzo PCR test gehiago egin zituzten, 7.466 (astelehenean 6.763 izan ziren), baina positibo gutxiago atzeman zituzten, 410. Aintzat hartu beharra dago astelehenean 529 izan zirela. Hau da, testa egin zutenen arteko positiboen ehunekoa %7,8tik %5,5era jaitsi zen egun batetik bestera.

  Astelehena Asteartea
PCR 6.763 7.466
Positiboak 529 410
PCR positiboen % %7,8 %5,5

Euskal Autonomia Erkidegoko herrialdeko datuak oso bestelakoak dira. Esaterako, pandemiak Araban izan zuen sorburu nagusietako bat martxoan, baina egun bere zabalpena kontrolatuagoa dago. Atzo 39 kasu berri topatu zituzten eta, aldiz, Bizkaian 179 eta Gipuzkoan 186.

Berez, Gipuzkoako ratioa 1,30ra heldu da, Bizkaian 1,05koa den bitartean. Araban, momentuz, 0,87koa da. Egoera nabarmen aldatu da osasun larrialdiko lehen hilabateei dagokienez, une horretan Gipuzkoa izan baitzen eragin gutxien izan zuen herrialdea.

Atzoko kutsatuen artean deigarria da adin tartea. Izan ere, segurtasun erakundeek gazteen jokaera azpimarratu badute ere, EAEn 40 eta 64 urte bitarteko lagunak izan ziren ugarienak: 156. 19 eta 39 urte bitartekoak 90 izan ziren, 0-18 artekoak 83, 65-79 urte bitarteko adina dutenak 44 eta 80 urtetik gorakoak 23.

Adina Kutsatuak (atzo)
0-18 83
19-39 90
40-64 156
65-79 44
+80 23

Gainera, Osakidetzako ospitaletan COVID-19ak kutsatutako 263 lagun daude eta horietako 50 Zaintza Intentsiboko Unitateetan sartu dituzte.

Eskualdera itzulita, hauek dira pandemia hasi zenetik herri bakoitzean detektatu den positibo kopurua: 

  • Laudio: 292
  • Amurrio: 184
  • Aiara: 76
  • Urduña: 72
  • Okondo: 18
  • Orozko: 35
  • Artziniega: 37
  • Arakaldo: 0
  • Arrankudiaga-Zollo: 4
  • Aiaraldea: 715
Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide