Kultur sorkuntza Aiaraldean

Estonian estreinatuko da Iñigo Martinezen “Armugan” filma, azaroan

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 26a, 15:31

Espainiar estatuan, aldiz, datorren urtean ikusi ahalko da pelikula. Iñigo Martinez laudioarra da "Armugan" pelikularen protagonista. Lehen emanaldia Estoniako Tallinn Black Nights Film Festivalean egingo dute azaroaren 23an.

Estonian estreinatuko da Iñigo Martinez protagonista duen Armugan filma luzea, azaroan, Tallingo  Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean. Espainiar estatura, aldiz, datorren urtean iritsiko da pelikula, aktore laudioarrak baieztatu duenez: “Pandemiak asko atzeratu du postprodukzio fasea, baina pelikula bukatuta dago jadanik”. 

Jaialdi horretako atal ofizialean egongo da lehian eta munduko hainbat txokoko -Korea, Suitza, Kolonbia...- filmeekin ez ezik, Juanma Bajo Ulloa zinemagilearen azken proiektuarekin -Baby- ere neurtuko da Armugan.

Jo Sol zinemagileak zuzendu du ikus-entzunezkoa, eta Martinez da aktore nagusia. Herritarrei heriotzarako trantsizioan lagundu egiten dien pertsona baten papera egiten du laudioarrak filmean. Aragoiko Pirinioetan grabatu zuten iaz, eta aragoieraz grabatu zituzten elkarrizketa asko. 

“Mendian bizi den gizon bat da protagonista. Gaitasun bat du, berezia: hiltzen ari den jendearekin egoten da, laguntzeko”, azaldu du Martinezek. Bere hitzetan, duela zenbait mende existitu egiten ziren lan hori ogibide zuten pertsonak. “Guk gaur egunera ekarri dugu pertsonaia, baina fikzioa da erabat”. 

Jo Sol zinemagileak zuzendu du ikus-entzunezkoa, eta Martinez da aktore nagusia

Grabaketa zaila

Hala ere, grabaketa ez zen erraza izan Martinezentzat. “Zuzendariak esan zidan sei aste egon behar nintzela autonomiarik gabe, mendian”.

Hasiera batean oso ondo moldatu zen, baina azken astean apur bat maldan gora egin zitzaion laudioarrari. “Mugikortasun gutxi daukazunean ezin duzu mendiaz nahi beste gozatu”. 

Hala ere, esperientzia “oso positiboa” izan zela nabarmendu du aktoreak. “Pirinioetako sekuentzia gehienak kanpoan grabatuak daude, eta eguraldia ere lagun izan genuen, nahiz eta urria izan”.

Beste proiektuak

Bestelako proiektu batzuetan ere sartuta dago Martinez. “El Brote kolektiboan nengoen, baina orain amaitutzat eman dugu egitasmo hori, orain ez naizelako fisikoki gai bertan egiten nuena egiteko”.

Hala ere, ez dio dantzatzeari utzi. AMORfa proiektua abiatu zuen konfinamenduan Ariadna Martí dantzariarekin, eta hainbat pieza plazaratu dituzte dagoeneko. 

Aiaraldea Hedabideak elkarrizketa egin zion Martinezi uda amaieran, pelikula honen eta esku artean dituen bestelako egitasmoen inguruan:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide